Garaipenak azken jokaldian ihes egin dio Zaisa Txingudiri

Gaztedi Bren aurka hasi zen hasierako hamabostekoan Aritz Rodriguez, Aitor Asurmendi, Joao Costa, Jon Mediavilla, Imanol Aizpurua, Xabi Sánchez, Carlos Lora (kapitaina), Asier González, Adur Manterola, “Lucho” Echevarria, Alberto Robleda, Javi Boes, Ekain Hiribarren, Erlaitz Ayuela eta Teo Arrutik osatu zuten. Aulkian hasi ziren Jon Sánchez, Peio Castellano, Ramón Bergua, Ioritz Franco, Mikel Genua, Carlos Pérez eta Asier Amigo. Epailea Javier Ignacio Montiveros izan zen.

Partida serio hasi zuten Iñigo Camarero eta Alejandro Lasaren mutilek eta markagailuan aurretik jartzea lortu zuten ere, Adur Manterolak ostikatutako zigor kolpe baten bidez (0-3). Hala ere, geroago erabakigarriak izango ziren plakaketa-akatsak eta defentsaren antolaketa okerra agerian geratu ziren eta Gaztedik ez zuen bat ere barkatu. 15. minutuan, etxekoek entsegu eraldatua lortu zuten, atsedenaldira 7 eta 3 iritsiz.

Bi taldeak oso parekatuak zeuden, baina etxekoek markagailuan abantaila txikia lortzen ari ziren. Bigarren zatiaren hasieran, beste kolpe bat eman zuten eta Rodri Combinak, Zaisa Txingudiko jokalari ohiak, aldea handitu zuen (14-3). Nagiak kendu ondoren, 45 eta 50. minutuetan, Zaisa Txingudik emaitza iraultzea lortu zuten Erlaitz Ayuela eta Ioritz Francoren markak eta Adur Manterolak lortutako eraldaketa bat baliatuz (14-15). Baina mugakoen defentsa arazoek jarraitzen zuten eta Gaztedik markagailua beste behin iraultzea lortu zuen (21-15).

Atzean izandako zailtasunak eta erasoan egindako lana guztiz ezberdinak izaten ari ziren, Txingudik baloia zuen bakoitzean metroak irabaztea lortzen zuen. Amaierara iristeko ordu laurden falta zela, Ramón Bergua aurrelariak beste bost puntu lortu zituen eta Manterolak aurrea berriz hartzeko beharrezko biak gauzatu zituen (21-22). Baina gasteiztarrak ez zeuden prest garaipena alde egiten uzteko eta lugarren marka lortu zuten 68. minutuan (26-22).

Azkenengo minutuetan, baloiaren jabetza bidasoarrena izan zen eta etxekoen defentsa eremuan lan eta lan ibili ziren, fruiturik lortu gabe. Entsegua lortzeko hainbat aukera izan eta gero, erasoan egindako zigor kolpe batek esfortzu guztiak zapuztu zituen eta, horren bueltan, gasteiztarrek kontraeraso azkarra egin zuten beraien bosgarren marka lortu eta partida amaitutzat emateko (31-22).

Porrot honekin, Zaisa Txingudik bigarren postuan jarraitzen du baina orain puntu bakar bateko aldea du Gaztedi Brekiko. Martxoaren 18an Plaiaundin Zarautz B/Beltzaken aurka jokatuko den partida final bat izango da.

Emakumezkoen taldeak lagunartekoa jokatu zuen Mungian

Talde berria sortzeko proiektuak aurrera darrai eta larunbat honetan mugarri berria izan du Mungiako Atxurizubi zelaian. Maider Aizpurua eta Asun Gamíndezen neskek Mungiaren aurka aparteko partida jokatu zuten, entsegurik lortu ez bazuten ere. Entrenamenduak eta azken asteetan gehitu diren jokalari berrien ekarpenak taldea sendotzen laguntzen ari direla nabarmena da eta proiektuak etorkizun itxaropentsua izango duela antzematen dute klubetik.

Hasierako lerrokatzean Michelle Orozco, Naroba Catalan, Lucia Durán, Maidez Díaz, Paula da Purificaçao, Lupe Pescador (kapitaina), Onintza Burguera, Maier Aia, Luma Altube, Aitana Garrido, Greta Gutiérrez, Laida Rodríguez, Silvana Ors, Lorena Cueva eta Maddi Cabrero izan ziren. Epailea Alfredo Miranda izan zen. Norgehiagokan zehar, prestatzaileek gauza ezberdinak probatzeko aukerak izan zituzten, bizkaitarrek hiru laurdenetan zuten nagusitasuna indargabetzeko asmoz. Honela, Maier Aia, meléaren zortzian partida hasi zuena, joko zabaltzaile lanetan ere ibili behar izan zen eta Lupe Pescadorren lesioak lerroketaren konfigurazioa berriz aldatzera behartu zuen.

Hamabostekoa osatu bazuten ere, hainbat kide faltan bota zituzten, hala nola, Irati Lazkano eta Claudia Barbero, lesionaturik, taldearen laguntzaile lanak egin zituen azken honek, Ainara eta Iraide Varela, gaixorik, eta Helene Tristán.

Sub 14ak nabarmen garaitu zuen Hernani B/Atletico

Hain zuzen ere, Tristán Hernanin garaipena lortu zuen taldearen parte izan zen larunbatean. Mugakoak ez zieten aukerarik eman hernaniarrei eta behin eta berriz hautsi zuten haien defentsa. Garaipen honek ligako goiko postuetara hurbiltzeko balio dio Txingudik eta Baztanek osatutako taldeari.

Eki Fanlo, munduko serieetan berriz ere

Pasa den asteburuan, Eki Fanlo, nazioarteko rugby epaile irundarrak bere ibilbidean beste pausu handia eman du Munduko Zazpiko errugbiko serieen Kanadako txapelketako lau partida epaituz. Australia eta Japonia, Fiji eta Kolonbia, Britania Handia eta Kolonbia eta Brasil eta Kolonbiaren emakumezkoen selekzioen partidak izan dira Fanlok gidatutakoak.

Txingudi Rugby Taldetik, beste behin, epailearen lana zoriondu eta arrakastatsu jarrai dadin opa nahi izan diote.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude