Zaisa Txingudi etxeko lan eginekin joan zen partidura

Argazkia (Xabi Sánchez): Sub 16 partidaren uneak

Zailtasun ugari izan zituzten Iñigo Camarerok eta Alejandro Lasak hamabostekoa osatzeko, bajak zirela-eta. Aritz Rodriguez, Aitor Asurmendi, Joao Costa, Jon Mediavilla, Carlos Pérez, Iker Tejero, Imanol Aizpurua, Peio Castellano, Adur Manterola, “Lutxo” Echevarría, Erlaitz Ayuela, Javi Boes, Carlos Lora, Alberto Robleda eta Ekain Hiribarrenek osatu zuten hasierako lerrokatzea eta Jenö Kocsisek eta Xabier Sánchezek aulkitik hasi zuten partida. Epailea Ignacio Montiveros izan zen.

Donostiarrak indartsu hasi ziren eta, bidasoarren hasiera kaskarra aprobetxatuz, lehenengo erasoan entsegu-eremura iristea lortu zuten. Etxekoak hobera egin zuten pixkanaka eta, Bera Berak bere zelaian egindako zigor kolpe bat baliatuz, Adur Manterolaren ostikada batekin, markagailuan puntuak gehitzea lortu zuten (3-5).

Txingudik bere jokoa sendotzen zuen minutuak pasa ahala eta Bera Beraren defentsa gainditu eta metroak irabazten joan zen. Honela, partida hasi eta ordu laurdenera, Carlos Lorak mugakoen lehenengo entsegua egin zuen eta, hamar minutu geroago, Ekain Hiribarrenek bigarren aldiz jarri zuen baloia marka-eremuan. Manterolak bi eraldaketak hagen artean pasa zituen (17-5).

Eroso sentitzen ari ziren Camarero eta Lasaren mutilak baloia eskuetan zuten bitartean, baina defentsan kosta egin zitzaien. Jarraian egindako zigor kolpe sorta baten ondoren, bisitariek bigarren marka lortu zuten eta Peio Castellano, Txingudiko aurrelaria, aldi baterako kanporatua izan zen (17-10).

Aldea gutxitu bazen ere, norgehiagokak ildo beretik jarraitu zuen eta, Bera Berak egindako beste zigor kolpe bati erantzunda, Manterolak beste hiru puntu lortu zituen (20-10). Lehenengo zatiaren azkenengo jokaldietan, Bera Berak txartel hori bat jaso zuen eta, Txingudiko aurrelariek segidan gauzatutako uztartze irekien ondoren, Aitor Asurmendik hirugarren entsegua lortu zuen. Adur Manterolak, bosgarren aldiz, hankarekin asmatu zuen 27 eta 10ekoa ipiniz markagailuan.

Bigarren zatian, bi taldeetako jokalarien indarrek behera egin zuten eta akatsak ugaritu ziren. Txingudik galdutako metro guztiak aprobetxatu zituzten donostiarrak, hasi eta lau minutura, beste entsegu bat lortzeko (27-15). Jokoa guztiz parekatu zen eta hurrengo ordu erdian markagailua ez zen mugitu.

Uztartze baten ondoren, Bera Berak bidasoarren defentsan hutsunea aurkitu zuen eta laugarren marka iritsi zen. Azkenengo unetan, Txingudik laugarren entsegua eta bonus puntua lortzeko borrokara joan zen. 80. minutua pasata, konbinatutako jokaldi luze baten ondoren, Jenö Kocsisek aurkarien plakaketak desegitea lortu zuen bere lehenengo marka gauzatzeko. Honela, 32 eta 20ko emaitzarekin, Camarero eta Lasaren taldeak sailkapeneko bigarren posizioa sendotzeko bost puntu gehitu zituzten.

Sub 16ek bidea erakutsi zioten senior taldeari

Bera Bera Bren aurkako partida baino lehen, Txingudiren sub 16 taldea izan zen Plaiaundiko berdegunea hartu zuena Elorrioren aurka jokatzeko. Bizkaitarren nagusitasun fisikoak, bidasoarren bizitasunak eta bi taldeak defentsa lanetan fin ez ibiltzeak partidak joan-etorri ugari izatea eragin zuen. Hala ere, Irun eta Hondarribiko gazteak aurretik egon ziren denbora osoan eta 36 eta 27 gailendu ziren. Markel Moratinos (2 entsegu, 10 puntu), Koldo Segurola (2 entsegu eta 2 eraldaketa, 14 puntu) eta Aimar Echeveste (entsegu 1, 5 puntu) izan ziren Txingudiren puntugileak, gainontzeko zazpiak zigor-entsegu baten bidez lortu zutelarik. Taldeak segidan lortu duen hirugarren garaipena da hau eta bigarren faseko C multzoan lehenengo kokatzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude