Zaisa Txingudi taldeari denboraldiko partidarik lehiatuenak ihes egin dio

Iruñak eta Txingudik lokatza eta euria aurkari izan zituzten arren, goi mailako jokoa erakutsi zuten.

Txingudiren hasierako hamabostekoa Aritz Rodriguezek, Aitor Asurmendik, Joao Costak, Xabi Sánchezek, Imanol Aizpuruak, Iker Tejerok, Carlos Lorak, Asier Gonzálezek, Ioritz Francok, “Lutxo” Echevarriak, Erlaitz Ayuelak, Javi Boesek, Adur Manterolak, Ekain Hiribarrenek eta Teo Arrutik osatu dute. Asier Amigok, Alberto Robledak, Carlos Pérezek eta Mikel Genuak ere jokatu dute. Juan Luis Díaz Peña izan da epailea.

Iruñak jokoaren iniziatiba eraman du partiduaren hasieratik, baina horma bat aurkitu du aurrean, Txingudik argi izan baitu lehen unetik defentsan gogor ekin behar ziola. Erasoan, aldiz, jokoa ondo antolatzea lortu ez badute ere, metroak irabaztea lortu dute ostikoetan erabaki zuzenak hartuz eta eskura ondo jokatuz. Dena den, eguraldiak ez die mesederik egin bi taldeei eta baloiak erortzeagatiko meléak ugariak izan dira norgehiagoka guztian zehar.

Hamahirugarren minutuan etxekoek hartu dute aurrea zigor kolpe bat hagen artean pasa ondoren (3-0). Hogei minutu geroago, Adur Manterolaren aldi baterako kaleratzearen ondoren, beste hiru puntu lortzeko aukera galdu dute makiletara ostikatutako zigor kolpe baten bitarte, baina baloia alde batetik igaro da. Jokalari bat gutxiago izanda ere, ez dira kikildu mugakoak eta, lehen zatiko azken minutuetan, touche-maul bat eginda, marka-eremura iritsi dira. Tamalez, baloia ez dute lurrean ongi uztea lortu eta epaileak entsegua baliogabetu du.

Bigarren zati berdintsua, baina markagailuan mugimendu handiagoa izan zuena

Garaipena hatz puntetatik hain gertu izan zintekela ikusirik, Txingudik bigarren zatiari intentsidade berarekin ekin dio. Euriak eta lokatzak eragindako zailtasunei nekea batu zaio eta bi taldeek gehigizko zigor kolpeak egitean hasi dira. Hemeretzigarren minutuan, epaileak honengatik zigortzea erabaki du eta Ekain Hiribarrenek partidako bigarren txartel horia jaso du, hamar minutuz partida aulkitik ikusiz. Abagunea aprobetxatu du Iruñak hurrengo jokaldian eraldatutako entsegu bat lortuz (10-0).

Abantaila hau zartada gogorra izan da Camarero eta Lasaren mutilentzat, baina ez dute etsi eta azkeneko ordu laurdenean markagailuan gerturatzeko aukera izan dute. Adur Manterolak bi zigor kolpe ostikatu ditu 69 eta 71. minutuetan, bigarrena hagen artean pasatzea lortuz eta hiru puntu Txingudiren aldera gehituz (10-3). Azkeneko minutuetan, Irun eta Hondarribikoak behin eta berriz saiatu dira iruindarren defentsa zulatzen entsegua lortzeko, baina hauek erasoak gelditzen lortu dute, uneren batean bi jokalari gutxiago izan badituzte ere, 71 eta 80. minutuetan jasotako txartel horiengatik.

Emaitza honekin, Iruñak lidergoa finkatu du Txingudirekiko 10 puntuko aldea lortuz eta hauek bigarren postuaren jabe egin dira, hirugarrena baino 9 puntu gehiago izanda

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude