Agintaldian zehar udalak 53 milioi euro baliatu ditu hirian hobekuntza lanak egiteko

Prentsaurreko batean, Obretako ordezkari Cristina Labordak Udalak 2019-2023 agintaldian hirian egindako inbertsioen balantzearen datuak eman ditu, haren departamentuak orain arteko jarduketak eta dagoeneko martxan daudenak eta laster abiaraziko direnak errepasatzeko egindako laburpenaren emaitza. Jarduketen zenbaketatik eta haien zenbatekotik ondorioztatzen denez, Irungo Udalak 53 milioi eurotik gora jarri du hiria hobetzeko lanak egiteko proiektuetarako.

“Agintaldi honetako lanak Udalak agintaldi osoan inbertsioak egiteko izan duen gaitasunaren isla garbia dira. Nekez aurkituko dugu inguruan aurrekaririk proiektuen bolumenari dagokionez. Nolanahi ere, kontuan izan beharra dago pandemiak erritmoa aldarazi duela: Obra Arloak lanean jarraitu du, baina, COVID pandemiaren momenturik latzenetan, Udalak, pentsatzekoa denez, beste zerbitzu batzuei eman die lehentasuna. Hori dela eta, proiektu batzuk martxan daude oraindik, edo are hastear”, azaldu du ordezkariak.

Cristina Labordak nabarmendu duenez, “hala eta guztiz ere, gure gobernu programa betetzen ari gara. Auzoetarako plan oso bat hartzen zuen barnean, eta irundar guztien eguneroko bizitza hobetzeko inbertsio handi zein txikiak egin izana da fruitua”.

Orain arte burututako proiektuek 24.217.438,25 euro egiten dute, eta martxan daudenek eta hastear direnek, berriz, 28.818.547,88 euro. Cristina Labordak maila berean jarri ditu jarduketa guztiak, irundar bakoitzarentzat duten balioa ikusita, “kostua gorabehera garrantzitsuena hiriaren beharrei erantzutea baita, dela ekipamendu berriak eraikita, dela kale zatiak konponduta. Are gehiago, jarduketa asko irundarren proposamenetatik sortzen dira”. Ildo horretatik, instalazio berriak irekitzea, hiria jasangarritasun irizpideei jarraikiz eraldatzea eta bide publikoa hobetzeko kanpainen barruko lanak egitea gailentzen dira lanen zerrendan.

Lehenik eta behin, aipatzekoa da irisgarritasun unibertsala bermatzeko eta eguneroko bizitzan mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko proiektuek osatzen duten blokea: oinezkoentzako ardatzak hobetu eta sortzeko kanpainak; askotariko bideen berrurbanizazioa; igogailu publikoak, hala nola Artiakoa, zeina bukatuta dagoen, eta Gaztainondokoa, zeina martxan jartzekoa den; etab. Horrela, ia 20 milioi euro. Funtsean, bloke honetarako zenbatekoaren hazkundea bi jarduketaren emaitza da: hego ingurabidearen lehenengo faseko lanena (eta Miguel de Anbulodi eta Berio kaleekiko loturarena) –proiekturako egin beharreko inbertsioa 8 milioi eurotik gorakoa zen, eta, nahiz eta bideak Foru Aldundiaren eskumenekoak izan, jakina denez, Udalak gauzatu du proiektua, Foru Aldundiak berak finantzatuta, baina, hala ere, 2,3 milioi euro jarri behar izan ditu– eta Belartzan eraikitzekoak diren aparkaleku eta topalekuena –aurrekontua 7 milioi euro da–.

Agintaldi honetako beste jarduera ildo nagusietako bat gure ondarea zaharberritzea izan da, horretarako aurrekontua 9 milioi ingurukoa izan baita. Burututako lanen artean, aipatzekoak dira Abenida zubikoak, eta, burutzeko daudenen artean, berriz, Ikust Alaia eraikina zaharberritzeko eta museotarako erabiltzekoak –fatxada eta estalkia prest daude dagoeneko–, Gazteluzar gaztelua eraberritzekoak –prest dago jadanik– eta Oiassoko termak egokitzekoak, zeinak laster hastekoak diren.

Hiriaren eraldaketa da Departamentuaren jardueraren beste protagonista bat: bukatutako proiektuen barruan, Gabarrari plazatxoaren eta Uztapide Bertsolaria kalearen berritzea eta Santa Elena karrikaren itxura berria, eta, martxan edo zein dauden jarduketen barruan, San Juan inguru osoaren eta Anakako etxeen berritzea eta Poxpologile kalearen eta Ermita karrikaren berrurbanizazioa. Guztira, ia 9 milioi euro.

Ekipamendu berriak ere gailendu dira agintaldi honetan, oso instalazio publiko esanguratsuak sortu baitira. Aipagarrienetako bi, Emakumeen Etxea eta CBAren bigarren faseko instalazioak, eraikuntza fasean daude jadanik, baina nabarmentzekoak dira Artiako gazteleku berria egokitzeko lanak –gaztelekua zabalik dago jada– eta Pio XII.eneko haurtxoko berria ere, zeina hilaren bukaera baino irekiko den. Ekipamendu berriak sortzea bezain garrantzitsua da, ordea, lehendik daudenak zaintzea eta egoera onean mantentzea. Horrela, garrantzi handia eman zaie parkeetan estalki berriak jartzeko lanei –agintaldi hasieran, Julián Sánchez parkean egin ziren lanak, San Migelen, eta, laster, Oñaurreko parkea estaliko da–, haurrentzako jolasak berritzekoei –Pinudikoak eta Eihera plazakoak bukatuta daude, eta Harrobieta kalekoak laster bukatuko dira–, egonleku berriak sortzekoei, hala nola Jostun plazan egindakoei, eta Larreaundiko azpiestazioaren partzela lehengoratzekoei –laster emango dira lehenengo pausoak–. Bloke honek guztiak 5 milioi euro baino gehiago egiten du.

Kirol instalazioen artean, berriak sortu baino gehiago –Martindozeneko pump track pista eta skate modulua bakarrik ireki dira–, hobekuntza lanak egin dira, bi milioi euro inguruan: Gal Stadiumeko eta Ugalde-Kateko belarra aldatu da, eta, aurrerago, Artiakoa ere aldatuko da. Era berean, aipatzekoa da Oñaurreko kirol eremu berria.

Era berean, nabarmentzekoak dira Udalaren titulartasuneko instalazio eta bideetan energia gehiago aurrezteko eta efizientzia energetikoa sustatzeko jarritako baliabideak: argiteria publikoa berritzeko kanpainak, galdarak ordezkatzeko eta beste hornikuntza sistema batzuk egokitzekoak, etab. Guztira, ia 2 milioi euro egin dute.

Udalak Irun hirigunean eta ingurune naturaletan hiri irisgarri eta atseginagoa bilakatzeko beste ildoetako bat asfaltatze lanak egitea, oztopo arkitektonikoak kentzea eta landa bideak hobetzea da: hiru jarduketa moten artean, milioi eta erdi euro inguru.

Azkenik, Lehen Hezkuntzako ikastetxeak mantentzea Udalaren eskumena denez, milioi bat euro baino gehiago jarri da horretarako. Askotariko lan ugariek osatzen dute bloke hau, hala nola patio eta komunak berritzeko lanek, leihoak ordezkatzekoek, hesiak egokitzekoek, pintura lanek, arrapalak eraikitzeko lanek eta zuntz optikoa kanalizatzekoek.

“Laburbilduz, bistan dagoenez, askotariko inbertsioak dira, Irun auzo guztietan eta irundarren eskutik hobetzen jarraitzeko egiten direnak. Azkenean, helburua hiria geldi ez egotea eta sortzen diren garai eta behar berriei erantzuteko prest egotea da”, ondorioztatu du Cristina Labordak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude