XXIX. Enpleguaren Asteak 300 lanpostutik gora eskainiko ditu

dav

Profil profesional berrien bila dabiltzan eskualdeko eta mugaz gaindiko enpresek eta lana bilatzen ari diren pertsonek hitzordu berria dute maiatzaren 30ean Ficoban. Enpleguaren Astea Irun eta Hondarribiko Udalek sustatzen duten ekimena da, Bidasoa bizirik-en bitartez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duena, BidaLAN 2022 gizarteratze-programaren bidez. Helburu nagusia enplegua sortzea eta tokiko enpresek eskatzen duten talenturako sarbidea erraztea da.

Hainbat sektoretako 45 enpresa inguruk parte hartzen dutelarik, Enpleguaren Asteak aukera paregabea eskainiko du interesdunek beren curriculumak aurkezteko eta enpresa erreklutatzaileekin harreman zuzenak ezartzeko. Lan eskaintzak Bidasoa biziriken webgunean argitaratuko dira gaurtik ostirala, maiatzaren 12tik aurrera, eta azokaren egunera arte egongo dira argitaratuta.

Currikuluma entregatzeko eta enpresekiko harremanak egiteko eguna maiatzaren 30ean, asteartean, izango da Ficoban, 09:00etatik 13:30era. Ez da beharrezkoa izango aurretik enplegu-eskaintzetan izena ematea eta sarbidea librea izango da. Interesdunek beren curriculuma pertsonalki entregatu eta elkarrizketa bat egiteko aukera ere izango dute enpresekin beren espazio erreserbatuetan.

Funtsezko ekimena

Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidentearen hitzetan: “Enpleguaren Astea funtsezko ekimena da gure eskualdeko enpresa sarea indartzeko eta enpleguaren sorrera sustatzeko. Ekimen honi esker, enpresek behar duten talentua aurkituko dute, eta interesa duten pertsonek benetako aukera izango dute beren trebetasunen eta prestakuntzaren araberako enplegua lortzeko “.

Bestalde, Bidasoa bizirik-eko lehendakariorde den Maria Serranok azpimarratu du “Enpleguaren Astea funtsezko tresna da gure eskualdeko garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeko. Gure inguruan bizi diren pertsonentzako lan-aukerak hobetzeaz gain, kanpoko talentua ere erakarriko dugu, gure komunitatea aberastuz eta gure lan-merkatua indartuz “.

Enpleguaren Astean zehar, Euskadiko, Nafarroako eta Frantziako Enplegu Zerbitzu Publikoak bertan izango dira, beraien eskaintzak eta horiek eskuratzeko baldintzen berri emateko bertaratzen direnei. Gainera, Bidez-Bide Elkarteak atzerriko tituluak homologatzeko prozesuari buruzko informazioa eskainiko du, eta Adiskidetuak Elkarteak atzerritartasunari buruzko aholkularitza emango du, bai eta prestakuntza bidezko sustraitze-prozesu berriari buruzko informazioa ere.

Beste datu batzuk

Iaz bi Enplegu Azoka antolatu ziren maiatzean eta azaroan. Guztira 76 enpresak hartu zuten parte eta 700 lanpostu baino gehiago eskaini zituzten. Parte hartu zuten enpresetako 43rekin egindako jarraipenetik abiatuta, egiaztatu ahal izan zen, gutxienez, 83 kontratazio gauzatu zirela.

Ekitaldiaren antolatzaileek gomendatzen dute curriculum kopuru nahikoa eramatea inprimatuak, interesa duten enpresei emateko. Egun horretan, lan-eskaintzak Ficobako beheko solairuan ere egongo dira ikusgai, hainbat paneletan, enpresa bakoitzarekiko bilgunearen informazioa izango dutelarik.

Gainera, argazkilaritza profesionaleko doako zerbitzu bat egongo da, curriculumean eta sare profesionaletan argazkiak sartu nahi dituzten pertsonentzat zuzendua egongo dena.

Bidasoa bizirik

Bidasoa bizirik Irun eta Hondarribiko Udalek bultzatutako erakundea da, Bidasoa eskualdean garapen ekonomikoa eta enpleguaren sorrera sustatzen duena. Bere helburua enpresen hazkundea eta kalitatezko enplegua sustatzea da eta tokiko enpresen lehiakortasuna hobetzea. Ekimen berritzaileen eta laguntza-programen bidez, enpresa-sektorearekin eta lan-ekosistemako eragileekin lankidetzan dihardu, enplegurako eta ekintzailetzarako ingurune egokia sortzeko.

Ekonomiaren eta gizartearen aurrerapenean laguntzea du helburu, eskualdean eragin positiboa sortuz eta biztanleen bizi-kalitatea hobetuz. Jarduera-arlo nagusiak honako hauek dira: ekintzailetza, lehiakortasuna eta berrikuntza, formakuntza eta enplegua, hiri-behatokia, turismoa eta Bidasoa Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoaren jarduera-eremua.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude