Abian da Zabaltza plazako Eguberrietako azoka

Ostiral honetan, Irungo alkate José Antonio Santano Zabaltza plazako eguberrietako azoka zabaltzeko ekitaldian izan da, azokako postuak okupatzen dituzten saltokien arduradunekin batera. Hain zuzen ere, hogei postu jarri dira aurten, aurreko hiru edizioetan baino gehiago.

“Azkenaldian, egun berezi hauetan, eguberrietako azoka Irungo ekimenik bereizgarrienetako bat da. Sasoi honetan hiriko merkataritza dinamizatzearen alde egin dugu beti, oso egun garrantzitsuak baitira sektorearentzat, eta aurten ere ez dugu huts egin. Leku berean jarri dugu azoka, oso harrera ona izan baitzuen iaz, formatu berean, baina postu gehiago jarri ditugu. Azken batean, kanpaina honen bidez, Irungo elkarte eta entitateen eskutik, bizitasunez bete nahi dugu hiria”, nabarmen du Santanok.

Iaz jarri zen lehenengo aldiz azoka Zabaltza plazan, eta eguberri hauetan ere bertan jarri da, plazako argiteria berezia baliatuz. Postuak abenduaren 17tik 31ra bitartean egongo dira zabalik, hilaren 25ean izan ezik, goizez eta arratsaldez: 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara bitartean.

Saltoki hauek okupatuko dituzte hogei postuak bi asteetan, txandaka: El Taller de Charo, Uno+ (txakurrentzako ile apaindegia), Kamaima, K Albistur, Galarza (jostundegia), Sugar, Neska Polita, Ai Lof Llu, Candy Cakes, El Baúl de las Ideas, Pickin’ Pack, Deperita (fruta denda), Zinnia, Berruta, Orlegi Bio, Easo (brikolaje denda), Nacho (telefonotegia) eta Ekialde 2.0 eta A Pedir de Boca (ostalaritzako establezimenduak).

Gainera, Eskuz-Lan elkarteko artisauen postuak izango dira azokan. Eskualdeko artisauen elkartea da Eskuz-Lan, eta lehendik ere erakutsi izan ditu bere kideen produktuak, Igandero programaren barruan: moda osagarriak, artea, birziklatzea, jositako gaiak, serigrafia, Euskal Herriko jantzi tipikoak…

Eguberrietako azokaz gain, egun berean, Pio XII.eneko txirrista erraldoia inauguratu da, baita kaleko hamaika jarduera ere; batzuk, ibiltariak, egitaraua hiriko bazter guztietara iristeko.

Udal webgunean egin daiteke kanpainaren jarraipena, www.irun.org helbidean, baita Instagramen eta Twitterren, @irun_informa kontuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude