Irungo Udalak garraio publikoaren erabilera eta mugikortasun jasangarria sustatzeko kanpaina hasi du

Irungo Udalak garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta herritarrak mugikortasun jasangarriaren onuren inguruan sentsibilizatzeko kanpaina bat jarri du martxan. Horretarako, Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak kanpaina berria aurkeztu du gaur goizean Azken Portu inguruan. Berarekin batera David Barón izan da agerraldian, La Plaza komunikazio agentziaren izenean, hark sortu baitu kanpaina berria.

“Zure txanda da. Mugitu etorkizunerantz” lelopean, kanpainak gazteak ditu batez ere jomugan, eta helburu, esan bezala, garraio publikoaren erabilera sustatzea, horixe izan dadin eguneroko bizitzako mugikortasun berriaren ardatza, eta herritarrak mugikortasun jasangarriaren onuren inguruan sentsibilizatzea, ingurumenaren gaineko inpaktuaren eta jendearen bizi kalitatearen hobekuntzaren ikuspegitik.

Olazabalek azaldu duenez, “garraiobide jasangarriak erabiltzeak ingurumena babesten laguntzen du, eta, gainera, jendearen bizi kalitatea hobetzen du. Bizikletan edo oinez ibiltzeak, adibidez, jendearen osasun fisiko eta mentala hobetzen lagundu dezake, kirola egiteko eta estresa arintzeko balio baitu”.

Mezua helarazteko bidea mugikortasun jasangarriaren onurez hausnartzera gonbidatzen duen pieza orokor bat da: pentsakor dagoen gazte bat, inguruan askotariko garraiobideen irudiak dituena (autobusa, autoa, bizikleta, trena…). Bada, pieza hori oinarritzat hartu, eta pieza zehatzak sortuko dira, Irungo Udalak hirian mugikortasun jasangarriaren alde hartu dituen neurriak aletuko dituztenak, hala nola 13 kilometro inguruko bidegorri baten sorrera.

Bestalde, udalerriko zirkulazio handiko hamar lekutan, biniloak jarri dira lurrean, garraio jasangarriaren onura bana azaltzen dutenak, azken urteetan Irunen egin diren hobekuntzak eta mugikortasun jasangarriak jendearen osasunean duen zuzeneko eragina erakusteko.

Kanpainaren irudi orokorra Udalak erabiltzen dituen euskarrietan argitaratuko da (markesinetan, komun publikoetan, kaleko pantailetan…), eta Udalaren sare sozialetan ere egingo da kanpaina (Twitterren eta Instagramen), baita hedabide digitaletan ere. Pieza bakoitza zeri buruzkoa eta norentzat den, horren arabera aldatuko da, eta, batzuetan, mezua egokitu ere egingo da.

Olazabalek adierazi duenez, Udalak mugikortasun jasangarriarekin hartutako konpromisoa hitzez harago doa; horren adierazgarri, 30 gunearen sorrera, autobus flota % 100 elektrifikatzeko asmoa eta bidegorri sarearen hedapena. “Oraingoan, egitateen osagarri da sentsibilizazio kanpaina, eta hiri barruko garraioan jartzen du arreta, etorkizun jasangarri, osasungarri eta seguru batean aurrera egiteko eta protagonismoa oinezko eta txirrindulariei emateko”.

Autobus flota % 100 elektrikoa

Ingurumena errespetatzen duen hiri jasangarri bat sortzeko apustuaren esparruan, Irungo Udala hiri barruko autobusen flota elektrifikatzeko lanean ari da, lau fasetan, autobusak balio bizitza bukatu ahala berritzen.

Horrela, 2019an, elektrifikazioaren lehenengo fasean, lau autobus hibrido entxufagarri erosi zituen, funtzionamendu guztiz elektrikokoak, hiri barruko garraio zerbitzu kolektiboaren 1. linearako.

2023an, elektrifikazioaren bigarren fasean, berriz, beste lau autobus elektriko erosi zituen (noiznahi kargatzeko hiru eta gauean kargatzeko bat), 2. linearako.

Elektrifikazioaren hirugarren fasean, azkenik,  urrian, 10 metroko hiru autobus iritsi dira, 3. eta 4. lineak elektrifikatzeko, baita 5. linea izango dena ere (Elitxu, Mendibil eta Ficoba lotuko dituena), eta, gaur egun, probaldian daude.

Autobus zaharrak urte bukaerarako berritzea da aurreikuspena, eta autobus flota hamaika autobus elektrikok osatzea. Gero, flota eratzen duten gainerako ibilgailuak (erreserbakoak) laugarren fasean berrituko dira.

Garraio publikoaren hazkunde historikoa

Aurten, urtarriletik irailera bitartean, Irunbusen hiri barruko autobusen erabiltzaileen kopurua % 8 hazi da batez beste joan den urtekoaren aldean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude