Ezohiko osoko bilkuran hiru autobus elektriko berri eta karga sistema erosteko kreditu aldaketa onartu da

Asteazken honetan egindako ezohiko osoko bilkuran hiru autobus elektriko berri eta dagokion karga sistema erosteko akordioa onartu du. Udalbatzak aho batez 2.178.000 euroren kreditu aldaketa onartu du, 2024ko aurrekontuetarako konpromiso kredituen egoera aldatuz. Autobusen erosketarako 1.996.500 euro eta karga sistema eskuratzeko 181.500 euro erabiliko dira.

Miguel Ángel Páezek Ogasuneko ordezkariak Udalbatzaren aurrean azaldu duenez, behin kreditu aldaketa onartuta, Irungo Udala Europak Espainiako Gobernuko Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren bitartez ematen dituen laguntzak banatzeko deialdiaren epeak betetzeko moduan egongo da. Ogasun ordezkariak azaldu duenez, “albiste bikaina da, baina baldintza jakin batzuk betetzera behartzen gaitu; kasu honetan, Europak egitasmoa finantzatuko badu, autobus berriak erosteko kontratua lizitatzeko deialdia laster egitera”.

Alde horretatik, kontratua lizitatzeko deialdia egiteko, ezinbestekoa da dagokion aurrekontu saila esleitzea, eta, baldintza hori beteta, Irungo Udalak beste pauso bat eman du bere helbururik behinena lortzeko; alegia, Irunbusek zerbitzu % 100 elektrikoa ematea. Gaur egun, 1. eta 2. lineak dira elektrikoak, eta hiru ibilgailu elektriko berriak erosteko kontratuaren helburua da 3., 4. eta 5. lineak berritzea, dagokion karga sistema eta autobusen barruko ekipamendua barne, ekipamendu berria modernoa eta berritzailea izango baita. Horrela, kontratu berriari esker, guztira, hamaika autobus elektriko izango ditu Irunbusek, eta, behin guztiak zerbitzu egiten hasita, eguneroko zerbitzua ematen duten linea guztiak izango dira elektrikoak. Orduan, ordezko autobusen bat izatea bakarrik faltako da.

Irungo Udalak 711.570,25 euro esleitu ditu egitasmo honetarako: 600.000 hiru autobusetarako eta 111.570,25 euro karga sistemarako. Jarduketa emisio gutxiko eremuen ezarpenerako eta hiri barruko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarrirako programaren bigarren deialdiaren esparruan kokatzen da, Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

Etorkizunerako apustua

Udalbatzak Mugikortasunaren Europako Astearen hasieran hartu du erabakia. Orduan, berriro ere, garraio publikoa izango da protagonista. Miguel Ángel Páezek nabarmendu duenez, “bultzada honi esker, mugikortasun jasangarriarekiko gure konpromisoa egitez frogatzen ari gara, herritarrei arreta hobea ematea bermatuta, autobus elektrikoen bidez kasu honetan, baita oinezkoen eta txirrindularien alde apustu eginda”. Horrela,Ogasun ordezkariak erantsi du erronka handi bati erantzun behar diotela: hiri barruko mugikortasun ohiturak aldatu beharrari. “Apustu irmoa da hori, eta Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren zein emisio gutxiko eremuaren bidez aurre egin behar diogu. Horregatik, datozen hilabeteetan, guztiok gaude gonbidatuta eztabaidatzera, azkar erabakitzera” azaldu du Páezek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude