Valentziako herritarrak laguntzeko bilketa solidarioa antolatu dute Irunen

Hondamendia erabatekoa denean, elkartasuna da euskarri bakarra. Horregatik, uholdeek Valentzian eragindako zorigaitza arintzen laguntzeko Irunen bilketa solidario bat egingo da datozen egunetan. Bilketa azaroaren 1etik 3ra egingo da Anaka-Puiana auzoko adineko pertsonen espazioan.

Herritarrek abiatutako ekimen honi esker, Valentziako herritarren oinarrizko beharrak asetzeko gauzak bilduko dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, hauek dira jasoko dituzten gauzak: arropa, berokiak, haur eta jaioberrientzako arropa, mantak, toallak, elikagai ez-galkorrak, ura, txakur eta katuentzako pentsua eta higiene pertsonaleko produktuak. Bilketaren antolakuntzan parte hartuko duten boluntarioak arduratuko dira bidali beharreko gauzak behar bezala antolatzeaz.

Datozen hiru egunetan zehar bilketa goizeko 10:00etan hasi eta 20:00ak arte egingo da. Bilketa Anaka-Puianako adineko pertsonen espazioan egingo da, Arístegui Enbaxadore plazan kokatua dagoena. Hortaz gain, bilketaren antolakuntzan parte hartu nahi duten horiek ayudaparavalenciadesdegipuzkoa@gmai.com helbide elektronikora edo @ayudaparavalenciadesdebidasoa Instagram kontura idatzi behar dute.

Era berean, egoera honen aurrean laguntza psikologikoa doan emateko prest dauden profesionalak koordinatzen lagundu nahi dute. Horregatik, musu-truk beren denbora eskaini nahi duten horiek ayudaparavalenciadesdegipuzkoa@gmai.com helbidera idatz dezakete kaltetuentzako lagungarria izango den direktorio baten sorreran laguntzeko.

Irungo Udalaren adierazpena

Udalak dolumin zintzoa helarazi die bereziki Valentziako Erkidegoari eta Gaztela Mantxari, azken orduetan hango herritarrek bizi izan duten egoera tragikoagatik. Eta oso bereziki, babesa agertzen die hildako eta desagertutako pertsonen familia guztiei.

Alde horretatik, urriaren 29an eta 30ean izandako uholdeak direla-eta Espainiako Gobernuak dolu ofiziala ezarri du, eta, horrenbestez, udaletxeko balkoiko banderak haga erdian izango dira urriaren 31ko 00:00etatik azaroaren 2ko 24:00etara bitartean, dolu eta oinazearen adierazgarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude