Irun Gabonetara begira jarri da, Eguberrietako argiak pizteko ekitaldia antolatzeko

Eguberri hotsak entzuten dira jada Irunen. Gaur goizean San Juan plazan prentsaurrekoa egin da eguberrietako argiak pizteko ekitaldia nolakoa izango den aurkezteko. Ekitaldia abenduaren 4an izango da, arratsalde osoan  zehar. Bertan izan dira Irungo alkate Cristina Laborda eta Irungo Udaleko Hiri Bultzadako eta Kulturako ordezkari Nuria Alzaga.

Aurten, Cristina Laborda Irungo alkatea eta El Pilar ikastetxeko ikasle talde bat arduratuko dira hiri osoko argiak eta apaingarriak aktibatuko dituen botoia sakatzeaz.

Ekitaldiaren aurretik, familiek hamaika proposamen izango dute aukeran, hala nola kalejira bat hiriko kaleetan barrena Pablo Méndez Performances konpainia prestigiotsuaren eskutik 17:30etik aurrera, Luis Marianotik hasita, San Juan plazaraino. Ondoren, argiak pizteko ekitaldiaren atariko gisa, Udal Kontserbatorioko haurren abesbatzak gabon kanta herrikoien kontzertu bat emango du, 18:30etan gutxi gorabehera. Kontzertuaren ondoren, Gabonetako argiak pizteko ekitaldia hasiko da, Mateo Vergarak aurkeztuta. Ekitaldia 19:00etan hasiko da gutxi gorabehera.

Cristina Laborda alkateak azaldu duenez, “Eguberrietako magiak Irungo txoko oro beteko du, argiak pizteko ekitalditik bertatik”. Altaketak azaldu duenez, “badira urteak eguberrietako jaien barruan ekitaldi hori antolatzen dela, eta helduek zein haurrek egun gogoangarria biziko dute, zuzeneko musika eta kaleko animazioa izango baitituzte gozagarri”.

Eguberriak, Giselaren erritmoan

Argiak pizteko ekitaldiak eguneko momenturik magikoena izango denari bide emango dio. Izan ere, aurten, gonbidatu berezi batek, Operación Triunfo saioko abeslari ezaguna den Giselak, ‘Irun Hiria’ Musika Bandako ikasle talde batekin kontzertu bat emango du, Irun osoa pozez, dibertsioz eta ondo pasatzeko gogoz betetzeko asmoz. Aurreikuspenen arabera, 19:00etan hasiko da kontzertua, San Juan plazan bertan. Alkatearen hitzetan oso emanaldi berezia izango da, eta aurtengo eguberriei hasiera bikaina emango diola gaineratu du.

Irun distiratsu

Eguberrietako magiak hiri osoko kale, plaza eta biribilguneak beteko ditu: 400 motibo, hiru dimentsioko irudien zazpi diseinu eta 15 metroko zuhaitz bat jarriko dira, baita apaingarri berriak ere Colón ibilbidean.  Gainera, Sarjia parkean, tirolinaz, patinatzeko pistaz eta haurrentzako ludotekaz gain, argigune berri bat instalatuko da, Zabaltza plazako, Antzarango eta Pio XII.a plazakoen ildotik.

Aurreko urteetako dinamikari jarraituz, LED argiei esker, efizientzia energetikoa sustatuko da, eta elektrizitate gutxiago kontsumituko, gutxiago kutsatzen duen sistema bat hautatu baita mikrobonbilletarako, argi harietarako, lanparetarako…

Erdialdeko kaleetan, eguberrietako argiak abenduaren 4tik urtarrilaren 6ra bitartean egongo dira piztuta, egunero, 17:30etik 02:00etara. eta, auzoetan, 23:00etara.  Gabon gauean eta Gabon zaharrean, berriz, 08:00etara arte egongo dira piztuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude