Igandero ekimenaren xedea da hiria jardueraz betetzea igande guztietan, Colón pasealekuan oinezkoentzat eta txirrindularientzat ixten den espazioa aprobetxatuta, eta beste jardunaldi bat prestatzen ari gara. Igande honetan, azaroak 7, berriz ere tokiko artisauen azoka izango dugu, 11:00etatik aurrera, Eskuz-lan elkartearen eskutik. Azokan askotariko produktuak aurkituko ditugu: oihalak, artea eta birziklapena, joskintzako artikuluak, serigrafiak eta/edo euskal jantzi tipikoak.
Azoka osatzeko, zenbait «totem» edo panel daude, erakusketa modura jarrita. Azken asteetan, banan-banan eman dute Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) berri. Nazio Batuek sustatutako ekimena dira 17 GJHak: gobernu-programaren erreferentzia eta oinarria dira, eta zuzeneko lotura dute «Igandero»rekin, ekimen horren helburua mugikortasun jasangarria sustatzea eta ohitura osasungarriak bultzatzea baita, jarduera fisikoaren eta beste ariketa batzuen bitartez.
Berritasun bat ere egongo da igande honetan: Gipuzkoako Diabetes Elkarteak postu bat jarriko du herritarrei informazioa emateko.
Ordu-aldaketa
Era berean, Irungo Udalak jakinarazi du igande honetan, ordua aldatu eta udazkena iritsi denez, Colón pasealekua goizez bakarrik moztuko dela, 10:00etatik 15:00etara, ohiko tartean (Colón pasealekuaren eta Iparralde hiribidearen arteko bidegurutzetik Gipuzkoa hiribidearen bidegurutzeraino).
Irunbusen 1., 2. eta 4. lineetako geltokiak itxita egongo dira erdialdean.