Partaidetza bidezko aurrekontuen hamargarren edizioak 1,5 milioi euroren erabilera erabakiko du. Prozesu orokorraren barruan, 1,3 milioi euroren erabilera erabakiko da. Gazteentzako prozesuaren barruan, 16 urtetik 30era bitarteko hiriko gazteek 200.000 euroren erabilera erabakiko dute. Gaur goizean emandako prentsaurreko batean, Gobernu Irekiko eta Herritarren Arretako ordezkari Sergio Javierrek hamargarren edizioaren xehetasunak eman ditu.
Javierrek azaldu duenez, “Irun hiri hobea bilakatzeko bidean, ezinbestekoa da irundar guztien iritzia eta ikuspuntuak kontuan hartzea. Horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua urtero partaidetza bidezko aurrekontuak martxan jartzea eta sustatzea. Irundar askoren oniritzia dute, eta, gure ustez, hitza eta botoa ematen diete auzo elkarteei zein entitateei, hiria tinko hobetzen segitzeko proposamen eta ideiak aurkezteko aukera”.
Prozesu orokorrean, 16 urtetik gorakoek parte har dezakete, eta, Irungo gazteentzako prozesu espezifikoan, 16 urtetik 30 urtera bitartekoek. Parte hartzeko eta noren proposamenak helarazteko bi bide daude:
Udalaren webgunea
Herritarrek Udalaren webgunearen bidez egin ditzakete proposamenak. Jasotzen diren proposamen guztien artean, aurretiko online bozketa baten bidez, hamahiru aukeratuko dira, 2025eko aurrekontu orokorra osatzeko azken bozketarako.
Proposamenak online aurkezteko epea irailaren 12tik 16ra bitartekoa izango da. Baliozkotzen diren proposamen guztiekin irailaren 30ean eta urriaren 1ean aurretiko bozketa egin, eta boto gehien jasotzen duten hamahiruak azken bozketan sartuko dira. Parte hartzaileek Irun Txartela erabili beharko dute, beren burua identifikatzeko, eta bakoitzak bost proposamen aukeratu ahalko ditu gehienez ere.
Aurrez aurreko bilerak
Bileran, hiru proposamen aukeratuko dira azken bozketan sartzeko.Bilera irailaren 11n izango da, Palmera-Montero Guneko 2. aretoan, 19:00etan.
Prozesu orokorraren barruan, gainera, beste lau proposamen sartuko dira azken bozketan: Auzo Elkarteen federazioaren hiru eta Hiritar Foroaren bat. Horrela, guztira, hogei proposamen sartuko dira azken bozketan.
Gazteentzako prozesuaren barruan ere sartuko dira beste lau proposamen bozketan: Eskolako Agenda 2030 ekimenaren bi, Gazteria Zerbitzuaren bat eta IrunBixi foroaren bat.
20 proiektu guztira
Herritarrek aipatutako bi bideetatik parte har dezakete; alegia, online zein aurrez aurreko saioetan egin ditzakete proposamenak. Guztira prozesu bakoitzeko hogei proiektu aterako dira bi bideetatik. Zerbitzu tekniko gaituek haiek baloratu, eta proiektuen zerrenda Udalaren webgunean jarriko da, herritarrek 2025eko aurrekontu orokorraren barruan zer proposamen sartuko diren bozkatu dezaten. Proposamen finalistak bozkatzeko epea urriaren 4tik urriaren 8ra bitartekoa izango da.
www.irun.org helbidean eman ahalko da botoa, Irun Txartela erabiliz, eta Irun Txartela ez dutenek aurrez aurre ere eman ahalko dute botoa, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan, zehazten diren egunetan.