Miguel Ángel Páez lehen alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak 2024ko Irungo aurrekontu orokorren proiektua xeheki azaldu du gaur goizean. Dokumentua astelehenean aurkeztu zen Ogasuneko batzordean, eta orain Udaleko taldeek zuzenketak aurkezteko epean daude. Zuzenketa horiek erregistratu egingo dira eta, ondoren, abendu amaierarako aurreikusten den aurrekontuen osoko bilkuran eztabaidatuko dira.
Ogasuneko ordezkariaren hitzetan, «aurrekontu historikoak dira, Udalaren kudeaketako mugarri bat, eta gobernuak duen anbizioari erantzuten diote: Irun erreferente bilakatzea garapen jasangarrian, kultur ekitaldietan eta gizarte-politiketan».
Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontua 99.292.000 eurokoa da, iazkoa baino 9 milioi euro gehiago (aurrekontu kontsolidatua sozietate publikoak ere sartzen dira, eta 102.252.565 eurokoa da). Igoera, funtsean, zenbait bidetatik iritsi diren diru-sarrera gehiagoren ondoriozkoa da: Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren goranzko aurreikuspena (iaz baino 3,3 milioi euro gehiago aurreikusten dira diru-sarreretan), zuzeneko zergen diru-bilketa handiagoa eta Europako funtsen ekarpena, aurten 5,5 milioi euro gehiago ekarriko baitituzte Udalaren kontuetara.
Miguel Ángel Páezek segurtasunez begiratzen dio aurrekontu-proiektu honen eztabaidari: «Baikorrak gara aurrekontu hauekin, eta uste dugu gainerako talde politikoekin adostasunak lortzeko gauza izango garela. Ordenantza fiskal berriak onesteko asmo onez ikusi ditugu gainerako taldeak, eta hori dela eta iruditzen zaigu egin beharreko negoziazioak lasaiak eta aberasgarriak izango direla. Bide guztiak zabalik daude, eta irundarrentzat diseinatutako aurrekontu honen irismena zabaltzen duten ekarpenak onartuko ditugu».
Inbertsioak
Europako funtsekin finantzatutako proiektu handienak izango dira inbertsioen protagonistak, eta aurten 13,6 milioira iritsiko dira. Kapitulu horri dagokionez, ekitaldi honetan amaituko diren proiektuak ditugu, baita aurrekontu hauen bidez aktibatzen direnak ere, eta datozen urteotarako konpromisoko kredituak dituztenak. Zehazki, 2024an indarrean egongo diren proiektuetako batzuk:
- Oiasso Museoko termak birgaitzea, 2,2 milioiko inbertsioa, amaitzeko. Guztira 3,3 milioi euro inbertituko dira.
- Merkatuei eta eremu komertzialei laguntzeko inbertsioa 1,6 milioi eurokoa da, baina 1,4 milioi euro bideratu ziren zeregin horietara 2023an, Poxpologile kalea berrurbanizatzeko proiekturako, besteak beste.
- Inbertsio handienen artean dago Belartzako aparkalekua; aurten 1,5 milioi bideratuko dira horretara, 7 milioiko guztiko gastutik.
- ViaIrun proiektuaren barruan, helburua lortzeko urratsak egin dira eta 4,4 milioi euro bideratuko dira hainbat urtetan barrena Aduana zaharra birgaitzeko; horietako 0,6 milioi 2024. urtean.
- Emisio baxuko eremua: aurten inbertsio berri bat aktibatzen da aurrekontuetan, 3 autobus elektriko eta horiek kargatzeko sistemak ekoitzi eta hornitzeko. 2,2 milioi euroko inbertsioa eginda, hiriko autobusen flota berritzeko prozesua amaituko da.
- Arbeseko egoitzako bideko obrak. 2024an 800.000 euro inbertituko dira, eta 2025rako 1.900.000 euroko konpromisoa hartu da.
- Azkenik, urteko inbertsio nagusietako bat Irugurutzeta birgaitzeko izango da. 2 milioi euro bideratuko dira horretara, % 100en diruz lagundutakoak. Inbertsio hori 2024an hasiko da eta 2025ean osatuko.
Inbertsioen blokearekin jarraituz, 1,5 milioi erreserbatzen dira aurrekontu parte-hartzaileetako ideia irabazleak gauzatzeko; aurten argiteria, bidegorriak eta Udaltzaingoaren bitarteko teknologikoak hobetuko dira. Ohi bezala, inbertsioaren parte bat kultur programazioa eta jarduera sozialak aberasteko erabiliko da.
2024rako beste zenbait inbertsio garrantzitsu ere aurreikusten dira, hala nola aurrekontu parte-hartzaileen bloke guztia, ikastetxeetako hobekuntzak edota herritarrei zerbitzua emateko beharrezkoak diren beste kontzeptu batzuk, esate baterako, tresna informatikoen eguneraketak edo funts bibliografiko berriak.
«Udal gobernuaren lan onari esker, Europako funtsak jasotzen jarraitzen dugu eta, horrela, hiriarentzako garrantzi handiko proiektu estrategikoak bultzatzen jarrai dezakegu, betiere herritarrak bistatik galdu gabe. Kontuek pertsonen eguneroko beharrei ere erantzuten diete. Aurrekontu hauekin gure gizarte-politikak hobetuko ditugu, familien babesa eta adinekoentzako laguntza indartuz. Hiriko jarduera ekonomikoa sustatzen jarraituko dugu, enpresei lagunduta; horretarako, prestakuntza eskainiko diegu, baita berritzeko eta digitalizatzeko aukerak ere. Enplegu-politika aktiboen alde egiten dugu, pertsonei eta enpresei laguntzen baitiete. Horretarako, enplegua sustatuko dugu, langabeentzako prestakuntza eskainiko dugu, Irunen jendeak lan egiteko eta beren bizi-proiektua aurrera eramateko helburua duten beste neurri ugariren artean», nabarmendu du Miguel Ángel Páez Ekonomia eta Ogasuneko ordezkariak.
Zerbitzu publikoak, gizarte-politikak eta ekipamendu berriak indartzea
Gizarte-politikak indartu dira aurrekontu hauetan. Gizarte Ongizateko arloak % 4 gehiago jasoko du, zerbitzu sozioedukatiboak eta psikosozialak emateko kontratuak hobetzeko eta pertsona ahulenei arreta emateko.
Azpimarratzekoa da, gainera, giza baliabideen errefortzua. Abian jarri dira, enplegu publikoko zenbait deialdi berriz gain, Udaleko langileak egonkortzeko prozesua, Udaleko arlo guztiei eragiten diena. Plantilla indartzea da asmoa, zerbitzu publikoak hobetzeko eta azkartzeko.
Horrez gain, Udal gobernuak aurrekontuak indartzen ditu urtero-urtero, ekipamendu publikoak zabaltzeko. Ahalegin horri esker, 2024an hiru ekipamendu irekiko dira, herritar guztien gozamenerako: Emigrazioaren eraikin berritua, San Migel auzoan, CBAren instalazio berriak eta Ikust-Alaia.
Lan-ildo horretan sakonduta, aurrekontu hauetan 200.000 euroko partida bat sartu da Irunen garrantzi handiko ekipamendu berri bat jartzeko. Erabilera askotarako pabiloi bat, hain zuzen, Udal gobernuak Ficoba kanpoaldeko zabalgunean instalatu nahi duena. Aurtengo asmoa da aurreproiektuaren idazketa martxan jartzea. Aipatzekoa da, gai honi lotuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak 14 milioi euroko diru-laguntza izendun bat duela 2024ko aurrekontuetan Irunen alde, erabilera askotarako pabiloiaren kontzeptuarekin.
Etxebizitza publikoaren alorra da beste ildo estrategikoetako bat, eta hor nabarmentzekoa da Irunviren alde egitekoa den transferentzia, etxebizitza publikoko zenbait garapenetarako: Behobian, Lastaola Postetxea eremuan aurrera egingo da,etxebizitza publikoko eskaintza bat ixteko. Lucas de Berroa kaleko eraikinean babes publikoko alokairuko etxebizitzak egongo dira aurki, eta San Migel-Anaka auzo berriak bultzada handia emango dio hiriko etxebizitza publikoari.
Kontu saneatuak
Ogasuneko ordezkariak esan duenez, «Udala gutxiago zorpetuko da ekitaldi honetatik aurrera. Mailegu zaharrak likidatuko ditugu, eta aurki 2022an abiarazitako kreditu-eragiketa baino ez zaigu geratuko ordaintzeko. Horrela, balantze positiboagoa dugu kontuetan, eta aurrezteko dugun gaitasuna handitzen da. Kontuan izateko balio bat da, etorkizuneko kreditu-eragiketei begira».
Azkenik, ordezkariak jakinarazi du aurki bilkura ireki bat egingo dela herritarrekin, urtero bezala, aurrekontu-proiektuaren xehetasun guztien berri emateko.