Irunen airearen kalitatea neurtzeko unitate mugikor bat instalatu da

Irunen airearen kalitatea neurtzeko unitate mugikor bat instalatu du gaur Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatea Neurtzeko Sareak. Bertan izan da Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkaria. Neurketa-kanpainak bi kokagunetan egingo dira, eta garai desberdinetan

Instalazio hori Irunen emisio baxuko eremu bat garatzeko proiektuaren parte da. Airearen kalitatea hobetzea da, hain zuzen, proiektu horren helburu nagusia eta, horretarako, hiriko airearen kalitatea zein den jakin behar dugu aldez aurretik.

Borja Olazabalek ekintza honen garrantzia azpimarratu du: “Irunen lan eta lan ari gara hiria egokitzen, emisio baxuko eremu bat osatzeko obligazioa betetzeko”. Hainbat jarduketa egin dira bide horretan, hala nola erdiguneko zenbait kaletako zirkulazioa itxi eta oinezkoentzako egokitzea, eta orain ildo bereko ekimen honekin Udalak aurrera egiten jarraitu nahi du.  “Airearen kalitatea kontrolatzeko sarearen parte izanda, hobetzen jarraitzeko informazio garrantzitsua eskuratuko dugu, ingurumena gehiago errespetatzen duen hiri bat izateko bidean”, erantsi du Garapen Jasangarriko ordezkariak.

Helburu hori lortzeko, airearen kalitatea neurtzeko unitate mugikor bat instalatu da, Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarekoa. Horren osagarri, airearen kalitatea monitorizatzeko sare bat instalatuko da (sentsore finkoak), trafikoa analizatu, aztertu eta modelizatuko duena.

Estazio mugikorrak etengabe egiten ditu neurketak, eta informazioa Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Zerbitzuak landuko du. Lortutako datuak txosten batean jasoko dituzte, eta Udalari igorriko diote, neurketa-kanpaina amaitzen denean.

Neurketarako proposatutako kokalekuak

Unitate mugikorrak airearen kalitatea neurtzeko bi kanpaina egingo ditu bi kokalekutan, eta kanpaina bakoitzak bi hilabete iraungo du. Horrela, hiriko airearen kalitateari buruzko datuak bi estazio desberdinetan eskuratuko dira, baldintza atmosferiko aldakor eta desberdinetan.

Colón pasealekuaren eta Gipuzkoa hiribidearen arteko bidegurutzeko neurketak azarotik urtarrilera eta martxotik maiatzera egingo dira zirkulazioari lotutako parametroak neurtzeko. Oraindik definitu gabe dagoen beste leku batean otsailetik martxora eta maiatzetik ekianera neurketak egingo dira. Bigarren hori espazio ireki bat izan beharko da, zirkulazioarik gabekoa, oinarrizko egoera neurtzeko. Kasu horretan, zirkulazioarekin loturarik ez duten parametroak neurtuko dira.

55 estazioko sarea

Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea EAEko kutsadura maila kontrolatu eta zaintzeko tresna bat da. Analizagailuak eta sentsoreak erabilita, airearen kalitateari buruzko araudiak zehaztutako kutsagarriak neurtzen dira (SO2, NO eta NO2, ozono troposferikoa, CO, bentzenoa eta PM10 eta PM2.5 partikula esekiak).

Sarea lurralde osoan zehar banatuta dauden estazioek osatzen dute (gaur egun 55 estazio daude). Estazio finko horiez gain, sareak ekipamendu mugikorrak ere baditu (2 furgoneta eta atoi bat), unean uneko kanpainak egin ahal izateko lurraldearen edozein puntutan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude