EH Bilduk 2020ko aurrekontuen inguruan aurkeztutako zuzenketa baten ondorioz, IRUNVIko Administrazio Kontseiluak Alarde eremuan alokairuko babes ofizialeko hamar etxebizitza berri eraikitzeko oinarrizko proiektua onartu du. Lapitze kaletik gertu dago lur-zatia, eta eremuaren antolamendua osatuko du, alokairuko babes ofizialeko beste 42 etxebizitza eraikitzekoak baitira bertan -IRUNVIk kudeatuko ditu horiek ere-.
“Azkenaldian, hirian garatzeko genituen eremuak garatzeko erabaki garrantzitsuak hartu ditu IRUNVIk, protagonismoa alokairuko etxebizitza publikoari ematen diotenak. San Migel – Anakaz ari gara, eta, gaur, bereziki, Alarde eremuaz, 50 etxebizitzatik gora eraikitzea onartu baita dagoeneko. Funtsezko pausoa da hori Irungo etxebizitza publikoen parkearentzat”, adierazi du Etxebizitzako ordezkari Rebeca Gonzálezek.
Elkarrekin Podemos taldeko bozeramaile David Nuñok udal gobernu berriak alokairuko etxebizitza sustatzeko konpromisoa berretsi du. “beti defendatu izan dugu Irunek babestutako alokairuko etxebizitzen eskaintza zabala izatea, eta hori bereziki garrantzitsua da osasun- eta ekonomia-krisi garai hauetan., Bereziki garrantzitsua da familiarik zaurgarrienek ordaindu ahal izateko moduko arrazoizko alokairuekin konprometitzea. Horregatik, udal honen gobernu programan dator konpromiso hori”.
IRUNVIk onartutako azken proiektua bi logelako bost etxebizitzak, hiru logelako lau etxebizitzak eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako logela bakarreko etxebizitza batek osatzen dute.
EH Bilduren izenean, Oihana Brionesek sartu zuen 2020ko aurrekonturako akordioaren inguruko zuzenketa hau, eta, gaur, taldeak ontzat jo du praktikan jarri izana. “Joan den urteko aurrekontua negoziatu genuenean, lehen mailan jarri nahi izan genituen etxebizitza gaiak. Aurrez ere esan dugu akordio hau ona dela alde kualitatibotik zein kuantitatibotik. Gaur, alokairu babestuko hamar etxebizitza berriren eraikuntzaren berri ematen dugu. Izango dira gehiago, baina, batez ere, kopuru zehatzez harago, Udalak alokairu babestua martxan jarri izanak pozten gaitu”.
Proiektuak eraikuntza jasangarriaren esparruko faktore nabarmenak hartzen ditu barnean. Are gehiago, Passivhaus estandarraren oinarrizko printzipioak betetzen ditu, zeinak honako hauek dituzten oinarritzat: isolamendu termikoa hobetzea, leiho eta ateek ezaugarri tekniko bikainak izatea, zubi termikorik ez izatea, airea hermetikoa izatea eta aireztapen sistemak beroa berreskuratzea.
Horiek horrela, konfort maila handiak lortuko ditu eraikinak, energia kontsumoa mugatuta. Gainera, besteak beste, zurezkoa izango da, eta aerotermikoa; zurezko xafladun hegalen bidez babestuko da eguzkitatik; eta etxebizitzek bi norabidetara emango dute, aireztapen gurutzatua baliatu ahal izateko. Bestalde, eraikinaren inguratzailea teila zeramikozko estalki bat izango da, eraikin mugakidearenaren ildotik.
2021ean zehar hastekoak dira lanak, eta 2023 erdialdean dira entregatzekoak etxebizitzak