Miguel Ángel Páez lehen alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak 2023ko Irungo aurrekontu orokorren proiektua xeheki azaldu du gaur goizean. Dokumentua asteazkenean aurkeztu zen Ogasuneko batzordean, eta orain udal-taldeek zuzenketak aurkezteko epean gaude. Zuzenketa horiek erregistratu egingo dira eta, ondoren, aurrekontuen osoko bilkuran eztabaidatu.
«Azken hilabeteotan, lanean aritu gara Irungo 2023ko aurrekontuak prestatzen, eta lan horren lehen mugarrira heldu gara: aurrekontu horiek gainerako taldeei eta herritarrei aurkeztea», adierazi du Miguel Ángel Páezek. «Iaz bezala, hazi egin da aurrekontuen zenbatekoa, kasu honetan % 9,3. Helburu nagusia hiria biziberritzen jarraitzea da, ziurtasunik gabeko egoera batean, denok dakigun bezala, prezioen gorakadak familien patrikari eragin baitio».
Ildo horretan, ordezkariak nabarmendu duenez, «udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak, eta funtsezkoa da haien rola: funtsezkoa izan zen unerik latzenetan, Irun Aurrera planaren bidez herritarren oinarrizko beharrei erantzun genienean, eta funtsezkoa izango da orain, babesa eman behar baitiegu familiei, sektore ekonomiko guztiei eta, batez ere, enpresa txikiei, elkarrekin zutitu eta aurrera egiteko, inor atzean utzi gabe».
Udal-gobernuak aurkeztutako proiektuaren guztizko zenbatekoa 90.295.000 eurokoa da, iaz baino 7,7 milioi euro gehiago, alegia (sozietate publikoak ere barnean biltzen dituen aurrekontu bateratua 95.654.336,47 eurokoa da). Igoera, funtsean, bi bidetatik iritsi diren diru-sarreren ondoriozkoa da: Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren igoera bat aurreikusi da (hori da Udalaren finantzaketa-iturri nagusia) eta Europako funtsak jasoko ditugu zenbait proiektu oso garrantzitsutarako, hala nola emisio baxuko eremua garatzeko, termak birgaitzeko edo 4 autobus elektriko erosteko.
Oinarri horien gainean, udal-gobernuak prestatutako proiektuak baditu puntu nabarmen batzuk: zerbitzu publikoak indartzea, gastu soziala handitzea eta inbertsio-bloke garrantzitsu bat sartzea. Azken horretan, gobernu-programaren konpromiso batzuk ixten dira eta, aurtengo berritasun gisa, ekipamendu berri batzuk martxan jarriko dira, hala nola gazteleku berria eta beste haurtxoko bat. Gizarte-politikak ere indartuko dira: zerbitzu sozioedukatibo eta psikosozialak emateko kontratuak hobetuko dira, baita egoera ahulean dauden pertsonei emandako arreta ere. Gizarte-politiken aurrekontua % 7,5 igotzea planteatzen da.
«Ahaleginak egingo ditugu eta eskura ditugun baliabide guztiak bideratuko ditugu zerbitzu publikoak orain arte bezala ematen direla bermatzeko eta agintaldiko konpromisoei eusteko. Horretarako, urratsak egin behar ditugu funtsezko ildo batzuetan, hala nola gizarte-arretan, mugikortasun jasangarrian eta inbertsioetan, badauzkagun udal-ekipamenduak mantentzeko. Egoera orokorra ez da samurra, ezta Udalarentzat ere, guk ere nabaritzen baitugu energiaren eta gainerako hornigaien prezioaren gorakada. Zorionez, gure kontuen egoera txukuna da, eta horrela etorkizunari arretaz baina baikortasunez begira diezaiokegu», gaineratu du Ogasuneko ordezkariak.
Inbertsioak
Inbertsioen kapituluan, aurreko ekitaldietan hasi ziren inbertsioei jarraipena ematen zaie eta, kasu batzuetan, baita amaiera ere. Atal horretako aurrekontua 10,2 milioi eurokoa da 2023rako eta, horrez gain, 28 milioi konprometitzen dira datozen urteotarako. Hauek dira zenbateko handieneko inbertsioak: Belartzako aparkalekua (7 milioi); CBAren bigarren fasea (3,9 milioi); termen birgaitzea (2,9 milioi); 2. linearako 4 autobus elektrikoak (2,4 milioi); Anakako etxeen berrurbanizazioaren lehen fasea (2 milioi); Ikust Alaiaren bigarren fasea (2 milioi); Poxpologile kalearen berrurbanizazioa (1,8 milioi); edo emisio baxuko eremua abiaraztea Legia, Foru eta Berrotaran kaleetan (1,5 milioi).
2023rako beste zenbait inbertsio garrantzitsu ere aurreikusten dira, hala nola aurrekontu parte-hartzaileen bloke guztia, ikastetxeetako hobekuntzak edota herritarrei zerbitzua emateko beharrezkoak diren beste kontzeptu batzuk, esate baterako, tresna informatikoen eguneraketak edo funts bibliografiko berriak.
Miguel Ángel Páezek nabarmendu duenez, gainera, Via Irun proiektuak isla oso esanguratsua izango du 2023ko kontuetan, Udalak 3,6 milioiko ekarpena egingo baitu ADIFen alde, etorkizunean egitekoa den geltoki intermodala eta Pio XII.aren eremu guztia lotuko dituen pasarela eraiki dezan.
Etxebizitza publikoa
Etxebizitza publikoaren alorra da beste ildo estrategikoetako bat, eta hor nabarmentzekoa da Irunviren alde egitekoa den 1,1 euroko transferentzia, Alarde eta Lastaola Postetxea eremuak garatzeko. «Etxebizitza sozialaren eta alokairukoaren alde dugun konpromisoaren erakusgarria da hori ere», nabarmendu du Páezek. Azkenik, ordezkariak jakinarazi du aurki bilkura ireki bat egingo dela herritarrekin, urtero bezala, aurrekontu-proiektuaren xehetasun guztien berri emateko.