Gipuzkoako Foru Aldundiak Arbesko Bizitegia eraikitzeko proiektua esleitu du

Gipuzkoako Foru Aldundiak Arbesko bizitegi-proiektuaren esleipena onetsi duela jakin ondoren, Irungo Udalak kontuan hartu du, eta espero du urrats hori behin betikoa izatea bizitegia egoitza eraikitzeko.

Udalak aldundiari Arbesko lurretan instalazio hori egiteko kudeaketa-agindua eman zionetik 12 urte bete direnean egin da proiektuaren esleipena.

Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bidasoa eskualdeko adinekoentzako ekipamendu sozialen eskariari erantzun egokia emateko xedez, hitzarmen bat sinatu zuten 2011. urtean. Hitzarmen horretan, udalak partzela bat laga zuen Arbesko hirigintza-eremuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak bizitegi-ekipamendu bat eraiki eta kudea zezan. Udalak, berriz, konpromisoa hartu zuen urbanizazioa egiteko, bizitegi-ekipamendua lehen aldiz okupatu aurretik, eta proiektuaren barruan adineko pertsonentzako 48 apartamentu sortzeko.

Erabaki horren arabera, udalak proiektu bat idatzi zuen, baina, jarduketa atzeratu denez, berrikusi eta eguneratu egin behar da. Horrexegatik aktibatu berri dute Obra arlotik berrikuspen hori, URA Uraren Euskal Agentziari kontsulta egin ondoren, zeren urbanizazioa zortasun-eremuaren mugen barruan baitago. Aipatu behar da, urbanizazioaz aparte, udalak adinekoentzat konprometitutako 48 apartamentuak ere ezin izan direla garatu, ekipamenduaren proiektu orokorrean sartuta baitaude, eta hori Gipuzkoako Foru Aldundiak noiz esleituko zain zegoen, eta orain esleitu dute.

Azkenik, udalak gogorarazi du herritarrak proiektua gauzatzeko zain eta irrikaz daudela, eta ahalik eta lasterren gauzatzea espero duela, hiriko adineko pertsonek eta haien familiek adierazitako beharrei erantzuteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude