Borja Olazabal Mugikortasun eta Garapen Jasangarriko ordezkariak aurkeztu du «Igandero» ekimena ostegun honetan. Udal-programa berri horren bidez, Igande Sasoi indartu nahi da, hileroko igande batean kirol-jarduerak egiteko proposamena, Colón pasealekuaren erdialdea oinezkoentzat eta txirrindularientzat erreserbatuta. Zabaltza plaza eta Luis Mariano plaza gehituta, 25.000 m2-ko oinezkoentzat eremu bat lortzen da horrela.
«Gero eta jarduera gehiago izango ditugu Irunen igandeetan. Igande Sasoi erreferentziatzat hartuta, jarraipena emango diogu astero, askotariko proposamenen bidez. Ideia sinple batean du oinarria: aisialdi eta entretenimendurako alternatiba bat eskaintzea Irungo familiei, betiere bizitza osasungarriaren sustapenenari lotuta eta Luis Marianoren lorategien eta Zabaltza plazaren ingurua oinezkoentzako bihurtzeak eskaintzen duen espazio librea baliatuta.
Igande honetan abiaraziko dugu «Igandero», urriaren 10ean, bertako artisauen azoka batekin. Bederatzi postu jarriko dira. Azoka goizeko 11:00etan irekiko da, eta arratsaldeko 18:00etan itxiko dira postuak. Parte-hartzaile guztiak Eskuz-Lan Irun eta Hondarribiko Artisauen Elkarteko kide dira. Berriki sortutako elkartea da, eta haren ordezkari Javier Huartek ere parte hartu du «Igandero» ekimenaren aurkezpenean. Azokan askotariko produktuak aurkituko ditugu: oihalak, artea eta birziklapena, joskintzako artikuluak, serigrafiak eta/edo euskal jantzi tipikoak.
Borja Olazabalek azaldu duenez, «Igandero» modu esperimentalean jaioko da proposamen honekin, baina asmoa hazten joatea da, «pandemiari aurre egiteko neurriak arindu ahala posible den heinean». Esate baterako, aurreikuspenen arabera hilero egitekoa den artisautza-azokarekin batera, beste proposamen batzuk ere lantzen ari dira udalean, gazteei zuzendutakoak edo kirolekoak, egiten jarraituko den Igande Sasoiz gainera. Ordezkariak esan duenez, «Igandero» eta urte amaierara arte aurreikusita dauden kirol-ekitaldiak uztartuko dira, Gabonen ondoren abiadura hartzen hasteko asmoarekin.
Autobusei buruzko oharra
«Igandero» egiten den egunetan, Igande Sasoi egiten denean bezala moztuko da trafikoa, 10:00etatik 19:00etara. Horrela, oinezkoentzat eta txirrindularientzat izango da Colón pasealekua Iparralde eta Gipuzkoa hiribideen artean. Irunbusen 1., 2. eta 4. lineetako geltokiak itxita egongo dira erdialdean.