Irungo Udalak 2022an El Pinar aparkalekuko plazak erabiltzeko prezio bereziak izoztu ditu

Irungo Udalak jakinarazi du 2022rako izoztu egingo direla El Pinar aparkalekuko plazak erabiltzeko ezarritako prezio bereziak. Hala erabaki zuen joan den astean, Administrazio Kontseiluaren bileran, IRUNVI etxebizitza publikoaren sozietateak, berak kudeatzen baitu aparkalekua.

Horrek esan nahi du datorren urtean mantendu egingo direla aparkatzeko toki-eskaintza batean sartutako abonamendu bereziak. Eskaintza horrek arrakasta handia izan du, Hondarribia kalea berrurbanizatzeko obrak zirela-eta formula hori sartu zenetik, eta mantendu egin da. Inguruko bizilagunek lehentasuna izango dute; gaur egun, Irungo bizilagunek edo merkatariek eta hiriko enpresek hilean 30 euro ordainduta (BEZa barne) erabil ditzakete parkingeko 235 tokiak, -2. eta -3. solairuetan, eta 60 euroan (BEZa barne) -1. solairuan.

Oso erantzun ona izan du, eta, gaur egun, jabetzan saldutako tokiak eta administrazio-emakidan lagatakoak ere kontuan hartuta, aparkalekuan 272 toki plaza daude okupatuta, % 97ko okupazioa. -2 eta -3 solairuak, berriz, beteta daude, eta itxarote-zerrenda dago, eta -1 solairuan, 9 toki baino ez dira geratzen erabilgarri.

Toki horien prezioak izozteko ekimenak –adibidez, KPIaren igoeraren ondoriozko gehikuntzarik ez jasotzea– bat egiten du beste udal-erabaki berri batzuekin, ordenantza fiskalak ere izoztu baitira (udal-tasak eta zergak) herritarrei presio fiskal handiagoa ez egiteko, pandemiaren ondorioak kontuan hartuta.

Informazio gehiago eskuratzeko eta El Pinarreko aparkalekuan plaza bat eskatzeko, joan Irunviren bulegoetara (Eliza kalea 6), edo 943-505720 telefonora deitu, astelehenetik ostegunera, 8:30etik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara; ostiraletan, 8:30etik 14:30era. e-maila: irunvi@irun.org.

San Juango parkinga

Bestalde, San Juango parkingean ere okupazio-maila handia da. Dauden bi solairu erabilgarrietatik (-2 txandakakoa da), -3 solairuak 199 toki hartuta ditu, eta 13 libre. Plaza horietan interesa dutenek informazio osoa jaso dezakete, eskaeraren izapidea barne, udalaren webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude