Buruko osasun arazoek familiengan duten eraginaz hitz egingo du Agifesek apirilaren 23an

Agifesek hitzaldi bat emango du apirilaren 23an, Irunen, buruko osasun arazoek familiengan duten eragina aztertzeko. Gipuzkoako elkarteko psikologo Iker Arrizabalagak orientazioa eskainiko die bertaratutakoei krisi egoerak kudeatzeko eta familiaren gainkarga arintzeko. Ekitaldia Palmera Monteron izango da, 18:00etatik aurrera.

Iker Arrizabalagak adierazi duenez, “osasun mentaleko arazo bat agertzen denean, normalean shock edo blokeo egoera sortzen da familian”. “Ez da gauza bera bat-bateko krisialdia gertatzea edo nahasmendua pixkanaka azaleratzen joatea; horregatik, garrantzitsua da askotariko egoera konplexuei aurre egiten dieten familiei laguntza eta informazioa eskaintzea”, adierazi du Arrizabalagak.

Topaketaren helburua da lehen krisiak eta buru nahasmenduaren hasierako faseak kudeatzeko jarraibideak ematea, baita diagnostikoa duen pertsonaren zaintza beren gain hartzen duten senitartekoek jasaten duten gainkarga arintzeko aholkuak ematea ere.

Iker Arrizabalaga psikologoaren hitzetan, “errekuperazio-prozesu bati ekiteko gako nagusietako bat osasun mentaleko arazoa onartzea da. Ez da erraza, baina beharrezkoa da aurrera egiteko eta buru osasuneko arazoak dituen senideari laguntzeko”.

Euskadiko familien egoera

Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes elkarteak biltzen dituen Buru Osasuna Euskadi federazioak azterlan bat aurkeztu zuen 2023 bukaeran, osasun mentaleko arazoak dituzten senitartekoak zaintzearekin lotutako erantzukizunek zaintzaileen bizi-kalitatean duten eragina aztertzeko.

Hain zuzen ere, ikerketak agerian utzi du hamar senidetik lau tratamendu psikologikoan edo farmakologikoan daudela, eta erdiek, gutxienez, arreta espezializatua behar izan dutela noizbait, zaintzaren erantzukizunak haiengan duen eragin emozionalaren ondorioz.

Gainera, hamar pertsonatik seik diote beren familia-harremanak mindu egin direla egoeraren ondorioz, eta hamar familiatik hirutan hausturak eta banantzeak gertatu dira. Zaintzaile gehienen kasuan, aisialdiak eta gizarte-harremanek nabarmen egiten dute behera, batez ere emakumeen eta buru nahasmendua duen pertsonarekin bizi diren senideen kasuan.

Era berean, zaintzaileen ia erdiek diote estresatuta eta gainez eginda sentitzen direla laguntza hori emateagatik, eta inkestatutako pertsonen % 47,9k osasun-arazo fisikoak izan dituzte senidearekiko duten arduraren ondorioz (energia galtzea, nekea, zorabioak, minak…). Zaintzaileen % 80k 50 urte baino gehiago ditu, eta gehienak emakumeak dira, bereziki amak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude