Irungo Udalak jakinarazi duenez, CBAren bigarren faseko proiektuaren barruko lehenengo lanak direla-eta, liburutegi eta kulturgunea berrantolatuko da, lanetara egokitzeko.
Maiatzaren 9tik aurrera, ikasketa gela gazteen gunera lekualdatuko da, eta IGazte, berriz, ikasketa gelako egungo mintegietan kokatuko da.
Mugimendu horiek gorabehera, toki kopurua egungo bera izango da. Gainera, ordutegia luzatuko da, eta azterketa garaiko bera izango da: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara bitartean egongo da zabalik CBA; larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara bitartean; eta, igandeetan, 09:00etatik 13:00etara bitartean.
2.400 m2 gehiago
CBAko aldaketek irauten duten bitartean, San Juan plazako lurpeko lehenengo solairuaren beste aldean, bigarren faseko egokitzapen lanak hasiko dira.
Obraren aurrekontua 3.877.326,89 eurokoa da, eta CBAren espazio erabilgarria beste 2.400 m2-tan handitzea ahalbidetuko du (orain 2.700 m2 ditu). Eremu berri horretan, erabilera berriak kokatuko dira, programazioa nabarmen sendotzeko aukera emango dutenak. Horretarako, gune berriak sortuko dira, hala nola kontzertuak eta bestelako emanaldiak antolatzeko areto bat.
Arte eszenikoetarako aretoaz gain, erabilera berriak kokatzea aurreikusten da, hala nola liburutegiko ikasketa gela handitzea eta formatu ezberdinetako erakusketak jartzeko moduan diseinatutako gune bat sortzea, lehenengo faseko CBAren erabilera eta proposamen aniztasunaren ildotik.
Azkenik, bigarren faseko proiektuak gogoan du eraikinaren hasierako kontzeptua, zeina erdiko patio obalatuaren inguruan taxutu zen; izan ere, argi naturala sartzeko bide bakarra da patio hori, eta kulturgunearen barruan orientatzeko ikusizko erreferentzia bat. Bada, erabilera nagusi gehienak, erabiltzaileak luzaro egongo diren lekuak, haren inguruan kokatu nahi izan dira, eta gune osagarriak kanpoaldera eraman. Kulturgunea handitzeko lanak egitearekin batera, sarrera berri bat sortuko da, Jesus karrikan, Alde Zaharretik sartzeko, baita beste sarrera bat ere patio obalatuan, bi mailatan (oinezkoentzako pasarelan eta sotoko solairuan). Proposamenak oinplano libreko barne hall baten bidez biak lotzea eta eremu jarraitu bat sortzea aurreikusten du, non jarduera eszenikoak eta askotariko beste jarduera batzuk egin ahalko diren, hala nola egon eta aldi baterako erakusketak jarri.