Irunen Pump trackeko pista bat eraikiko da

Hiriko kirol-instalazioak pump trackeko pista batekin osatuko dira aurki. Irungo Udaleko Obra arloak lehiaketa publikora atera ditu proiektua idazteko lanak, instalazio berria marrazteko lehen urratsa. Aire zabaleko ekipamendu hori aisialdian erabiltzeko da printzipioz, ez lehiatzeko, adin guztietako txirrindulari eta patinatzaileentzat.

Cristina Laborda Obretako ordezkariak azaldu duenez, ekimen hau «gobernu-programan jasota dago, eta Katea auzoan gauzatuko den inbertsio bat da, aurreikusten dugunez. Prozesua abiarazteko, proiektua idazteko agindua egin dugu. Hori amaitzean informazio gehiago izango dugu ezaugarri zehatzei dagokienez».

Zehazkiago, pump track batean txirrindulari eta patinatzaileek oztopo txikiak gainditu behar dituzte pistan aurrera egin ahala, abiada hartu gabe edo pedalei eragin gabe. Elizatxo hiribidearen eta Bizkaia kalearen artean dagoen espazioan kokatzea aurreikusten da, Porcelanaseko biribilgunearen ondoan.

Ildo horretan, Borja Olazabal Kiroletako ordezkariaren iritziz, «hiriak dituen kirol-ekipamenduei batuko zaie instalazio hau. Gainera, oso pista mota berezia da, ez da egunero ikusten den horietakoa. Horrelako gutxi dauzkagu inguruan. Hortaz, Irungo txirrindulari eta patinatzaileen gozamenerako izango da baina, gainera, arreta emango du gure hiritik kanpo ere.

Proiektua idazteko lanetara bideratu den aurrekontua 7.260 € izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude