Irungo Udalak zenbait bilera ireki antolatu ditu udal aurrekontuaren funtzionamenduaren berri emateko. Izan ere, aurrekontua administrazio publikoaren tresna garrantzitsuenetako bat da, hortxe zehazten baita zertan inbertituko diren hiriaren baliabideak eta zeintzuk diren Udalaren ekimenaren lehentasunak. Bilera horietarako sarrera librea eta doakoa da, aldez aurretik izena eman beharrik gabe, leku guztiak bete arte.
Irungo Udalak herritarrekin partekatu nahi du aurrekontua nola osatzen den, nola erabakitzen den eta zer dagoen aurrekontuaren partida bakoitzaren atzean. Zenbait bilera ireki antolatuko dira «Partida a partida, udal aurrekontuak partekatuz» izenburuarekin, Udalaren aurrekontuaren funtzionamenduaren berri emateko, beti hizkera ulerterraza eta azalpen argiak baliatuta. Topaketa horiek, gainera, zalantzak argitzeko eta galderak edo hausnarketak partekatzeko gune egokia izango dira.
Halaxe azaldu du gaur Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak. Azaldu duenez, herritarrek baliabide publikoak nola erabiltzen diren ulertzea oso kontu garrantzitsua da: «Udalaren aurrekontua hiria eraldatzeko daukagun tresna garrantzitsuenetako bat da. Gure kasuan, hari esker erabakitzen dugu nola egin behar duen aurrera Irunek, eta bertan markatzen ditugu hiriaren lehentasunak».
Saio hauetan, hiriaren baliabide publikoan zertan inbertituko diren azalduko da, partidaz partida, erabaki jakin batzuk zergatik hartzen diren argituz, baita udal-politiken gida den aurrekontua nola eraikitzen den esplikatu ere. “Gertutik egin nahi dugu, herritarrekin hitz eginez eta haiei entzunez, aurrekontua ez delako dokumentu tekniko huts bat: partida bakoitzaren atzean zerbitzuak, proiektuak eta erabakiak daude, eta horiek zuzeneko eragina dute irundarren eguneroko bizitzan”, gaineratu du Alzagak. Amaitzeko esan duenez, “guztion artean eraikitzen ari garen hirian parte hartzeko modu bat da aurrekontua ulertzea”.
Saioak Ogasuneko ordezkariak berak zuzenduko ditu, eta topaketa parte-hartzaileak izatea da asmoa. Bilera horiek ahalik eta emankorrenak izan daitezen, hizkera ulerterraza erabiliko da, elkarrizketari irekiak izango dira, eta herritarrek galderak egiteko eta ideiak partekatzeko aukera izango dute, udal-aurrekontuaren funtzionamendua ahalik eta argien uzteko.
Bilerak hiriko eragile sozialei zuzenduko zaizkie, gainera. Horrenbestez, haietako bakoitza sektore edo gizatalde jakin bati zuzendua izango da, eta edukiak pertsona horien arabera egokituko dira.
Aurrekontua ulertzeko bilerak
Guztira, 8 saio antolatu dira «Partida a partida, udal aurrekontuak partekatuz» egitasmoaren barnean. Lehena, martxoaren 3an egingo da, arratsaldeko 11:30ean Plaiaundin, ikastetxeei zuzendurik. Bigarrena, martxoaren 13an izango da, 9:00etan La Sallen, ikastetxeei zuzendurik. Martxoaren 25an, hirugarren saioa egingo da Luis Marianoko zentro sozialean, adinekoentzat. Apirilaren 15ean, 18:30ean Palmera-Montero Gunean elkartuko dira Auzo Elkarteen Federazioko kideak. Apirilaren 22an, 18:30ean Emakume Elkarteen txanda izango da Emakumeen Etxean egingo den topaketan. Maiatzaren 6an 18:30ean Commerce Labean merkatari eta ostalarientzako topaketa antolatu da. Maiatzaren 15ean berriz, 18:30ean Martindozenea Gaztelekuan gazteekin landuko da gaia. Azkenik, maiatzaren 20an 18:30ean Amaia Kultur Zentroan kultur, kirol eta ingurumen elkarteak eta hirugarren sektorekoekin egingo da bilera.



