Bueltan da lehiaketa Zaisa Txingudirentzat, oraingoan, Bera Beraren bigarren taldea izango du arerio. Donostiarrak jokalari multzo egonkorra izateko zailtasunak ditu aurten eta partida bat baino gehiagora hamabostekoa osatu ezinik agertu izan dira. Hala ere, egoera horiei aurre egiten jakin izan dute eta 17 puntu lortu dituzte, 3 garaipen eta berdinketa baten bidez, sailkapeneko 7. postuan kokatuz.
Mugakoak, aldiz, bigarren itzulia lehenengoaren ildo beretik hasi dute garaipen bat eta bi porrot jasoz lehenengo hiru konpromisoetan. Iñigo Camarero eta Alejandro Lasaren mutilek bigarren jarraitzen dute ligan, baina izandako lau porrotek atzeko taldeekiko abantaila txikia izatea eragin du.
Asteburu honetarako, bi prestatzaileek zailtasunak izango dituzte talde sendoa osatzeko; Oihan Arruabarrena eta Urko Genuaren lesionatuekin batera, Asier Gónzalez, Teo Arruti eta Jon Sánchez ezin izango dute jokatu eta beste hamabiren parte-hartzea oraindik kolokan dago.
Norgehiagoka honen ondoren, hiru jardunaldi geratuko dira liga amaitu arte eta Zaisa Txingudik behar beharrezkoa du puntuak lortzea aurkariak atzean utzi eta play-off postuan finkatzeko.
Hori baino lehen, goizeko 11:00etan, sub 16ek Elorrio jasoko dute. Txingudiko gazteek modu ezin hobean hasi zuten ligako bigarren fasea Bera Bera/Baztan garaituz, aldiz, Elorriok Uribealdearen aurka galdu zuen. Bi taldeen arteko lehenengo topaketa izango da aurten, hortaz, mugakoek ez dute kanpoko taldearen inguruko informaziorik.
Lehia bizia izango dela aurreikusten dute Txinguditik eta Plaiaundiko berdegunea horretarako prest izango da, azken egunetan euririk ez izateak zelaiaren egoera hobetu du.
Kromo albuma salgai
Aurten, ohiko urtekaririk ez dela izango iragarri dute Txinguditik, elkartearen sail guztietako kideen kromoak jasotzeko album bat baizik.
Larunbateko bi partiden artean, 11:00etatik 13:00etara, klubak urtero argitaltzen duen aldizkaria aurkeztuko du eta albumak eta lehenengo kromo-zorroak eskuratzeko aukera izango da Plaiaundin. Egun horretarik aurrera, bilduma osatzeko elementuak Irungo Txingudi Rugby Taberna (Kale Nagusia 11) eta Marrubi (Luis Mariano 14) eta Hondarribiko Ipotx (San Pedro 69) goxoki-dendetan izango dira salgai.
“Duela urte batzuk gure ohiko argitalpenaren ordez kromo bilduma atera genuen eta egundoko arrakasta izan zen” azpimarratu du “Pachi” Garcíak, taldeko zuzendari teknikoak. “Aurten ideia berreskuratu dugu iniziatiba polita iruditzen baitzaigu, are gehiago azkenengo urteetan gehitu ditugun jokalari, guraso eta laguntzaile berri guztietan pentsatuta”.
Bildumak hasteko, errepikatu gabeko 23 kromo-zorro 25 eurotan erosteko eskaintza berezia izango da eskuragarri eta, hura betetzen dutenek, sari bereziak eta opariak jasotzeko aukera izango dute.