Bidasoa Kirol Klubeko bazkideek botoa eman ahal izango dute ostiral honetan, lehen taldeak ASOBAL Plenitude Ligako Bathco BM. Torrelavegaren aurka jokatuko duen partidan (21:30ean, sarrerak hemen erosi), klubaren hurrengo maskota aukeratzeko, Bidasoako ordezkaria izango dena Artalekuko partidetan eta bere presentzia egokitzat jotzen den jardueretan.
Bidasoakomarketin-arloak, klubaren balioei buruzko hausnarketa egin ondoren, eta artearen, komunikazioaren eta diseinuaren munduko pertsonekin lankidetzan, lau pertsonaia posible hautatu ditu maskota berria aukeratzeko.
Barneko hausnarketak klubeko langileen, hiriko eragileen eta eskubaloiarekin lotutako pertsonen ekarpenak jaso ditu, eta lau proposamenak definitzeko orduan erabili diren balio hauek jarri ditu mahai gainean: errotzea, sentimendua, historia, zaletasuna, harrobia, ahalegina, gainditzea, konpromisoa, grina, lurraldea, batasuna, harrotasuna eta lehiakortasuna.
Balio horiekin, honako hauek dira amaierako zirriborroen proposamenak:
- Pottoka. Lehen proposamen honek 90eko hamarkadan gure klubean egon zen irudi zahar bat berreskuratu eta berritzen du, garai hartan harrobiaren balioekin lotuta zegoena. Animalia autoktonoa da, Gipuzkoako eta Bizkaiko historiaurreko kobazuloetan ikus daiteke, eta gaur egun gure geografiako hainbat baserri eta menditan bazkatzen ikus dezakegu, Aiako Harrietan adibidez.
- Superheroia. Zenbat aldiz ikusi ditugu gure taldeak ezinezkoak ziruditen partidak eta kanporaketak iraultzen? Gure taldeek superheroi arima al dute? Gudu askotan borrokatzera ohituta, proposamen hau prest dago gorenera hegan egiteko.
- Erromatar gerlaria. Oiasso ezin zen hautaketatik kanpo geratu. Proposamen honek klubaren gene borrokalaria adierazten du, baita gure hiriaren historia ere. Borroka transmititu eta gure klubaren eta Irungo historiaren arteko lotura islatzen duen pertsonaia.
- Zalea. Eta zaleak pistan egoteko ordua iritsi bada? Gerra-pinturak ditu aurpegian, eta taldea animatzeko eta laguntzeko prest dago beti. Zaleen, klubaren eta hiriaren arteko batasuna irudikatzen du. Koloreekiko harrotasuna eta sentimendua, pistan bertan.
Lau aukera horiek maskota gaztearen itxura bera dute, eta hori eta urdin koloreek harrobiaren eta gazteen balioa erakutsiko dute.
Bozketarako aurkeztuko diren zirriborroak, Eric Bengoetxeak eginak, behin betiko diseinuan aldaketa eta ukitu batzuk jasateko aukera izango dute, betiere diseinu hori hobetzeko eta erakargarriagoa eta osoagoa egiteko helburuarekin.
Lau proposamenen zirriborroak ikusgai egongo dira Artalekuko denda fisikoaren ondoan ostiral honetan. Klubeko bazkideek gustukoen duten aukeraren alde behin bozkatu ahal izango dute pabiloira sartzeko ateak irekitzen diren unetik (20:30ean). Bozketa partida amaitu eta 15 minutura itxiko da.