Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du 2024ko Inauterietako kartel-lehiaketako irabazlea: Rubén Lucas García diseinatzaile grafikoak egindako “Familian” lana. Lan irabazleak 600 euroko saria jasoko du. Bestalde, Iñaki Cienfuengosen “Maskaradak” kartelak 200 euroko akzesita eskuratu du.
Asteazken honetan, urtarrilaren 17an, epaimahaiak hautatu ditu kartel irabaztlea eta akzesita. Epaimahaikideak honako hauek izan dira: Jazzarte Dantza Taldea, El Pilarreko IGE, Gazte Landetxa, 22 Academy, San Vicente de Paul, Carlos Zapirain dantza-eskola, Irungo La Salleko IGE, Mydance, Ainhoa dantza-akademia, Trikuharri Kultur Elkartea, Aurreratu Elkartea, Pauso-k eta Elatzetako IGE. Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 12an amaitu zen, eta, guztira, 17 kartel aurkeztu ziren.
Aurkeztutako lanen erakusketa
Era berean, jakinarazten da aurkeztutako lanak AMAIA KZko erakusketa-aretoan egongo direla ikusgai, 2024ko otsailaren 2tik 13ra. Erakusketaren ordutegia: 18:00etatik 21:00etara asteartetik larunbatera, eta 11:30etik 13:30era asteburuetan eta jaiegunetan.