Irungo Babes Ofizialeko alokairuko lehen etxebizitzak entregatzeko prest daude

IRUNVIk Alarde eremuan sustatu dituen etxebizitza publikoko bi blokeetako obrak amaitu dira. Irungo Babes Ofizialeko alokairuko lehenengo 52 etxebizitzak izango direnak maizterrak hartzear daude. Gaur bisitan izan dira Cristina Laborda Irungo alkatea, Miguel Angel Páez lehen alkateordea eta Idoia Yarza  IRUNVIko zuzendaria.

Cristina Laborda alkateak azaldu duenez, gaur sinatuko dira etxebizitza horiek alokatzeko lehen kontratuak. Alkatearen hitzetan, egun gutxi barru, berrogeita hamar familiek etxe berri bat eta bizi-proiektu bat izango dute Irunen. “Zalantzarik gabe, albiste bikaina da proiektuen bidez laguntzea herritarrak ongi izan daitezen. Hauek dira babes ofizialeko alokairuko lehenengo etxebizitzak, baina ez dira azkenekoak izango”, adierazi du Labordak”. Horrela, Irungo Udalak etxebizitza publikoen parkea handitzen jarraituko duela baieztatu du alkateak, Irun bizitzeko eta lan egiteko hiria izan dadin.

Miguel Ángel Páez Etxebizitzako ordezkariak nabarmendu duenez, Udalak etxebizitza publikoen garapen berriak ditu abian, batez ere alokairu-erregimeneko etxebizitzak sustatzen dituztenak. “Behobiako Mendipe eta Lastaola, Anzarango Lucas de Berroa eta beste hainbat esparruk aurrera jarraitzen dute, eta, jakina, laster ikusiko dugu San Migel Anakaren promozioaren hasiera”, adierazi du Etxebizitzako ordezkariak.

Elizatxo hiribideko eraikina

Tokiko Gobernu Batzarrak urtarrilaren 10ean eman zien lehenengoz okupatzeko lizentzia Alardea eremuko lehen eraikinari dagozkion 42 etxebizitza horiei, Elizatxo hiribideko 3an. Zehatz-mehatz, eraikinean, 2 logelako 28 etxebizitza, horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta, gela bateko 10 etxebizitza eta 3 logelako 3 etxebizitza daude.

Eraikin horretako etxebizitza guztiek terraza zabalak dituzte, eta sukaldea eta bainugela hornituak dauzkate. Badauzkate, baita ere, labea, mikrouhinak, garbigailua, ontzi-garbigailua, hozkailua, ke-kanpaia, ispiluak, manparak, aplikeak, argiztapen osoa, bideo-atezaina eta berokuntzaren eta ur bero sanitarioaren banakako kontsumoetarako telegestio-sistema.

Eraikineko berokuntza-instalazioa zentralizatua da. 3 bero-ponpa ditu, estalkian jarrita, lurzoru erradiatzailearen sistema elikatzeko. Bestalde, ur bero sanitarioa ekoizteko, tenperatura altuko aerotermiako bi bero-ponpa erabiliko dira.

Lehenengoz okupatzeko lizentzia lortu berri duten 42 etxebizitzen adjudikaziodun izan diren familiak hasi dira etxebizitzak bisitatzen eta alokairu-kontratuak formalizatzen. Gero, kontratu horiek Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ikus-onetsi behar ditu, eta Eusko Jaurlaritzak kontratuak ikuskatzen dituenetik gehienez ere hilabeteko epean sartuko dira etxean.

Alarde kaleko eraikina

Eremu horretako bizitegi-garapena beste eraikin batekin osatzen da: Alarde kalea 9, Lapitze kalearekin izkina eginez. Hor, IRUNVIk babes ofizialeko beste 10 etxebizitza sustatu ditu alokairu-erregimenean. Eraikin hori ere amaiturik dago, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikazioa noiz emango zain, lehenengoz okupatzeko lizentzia lortu aurretik egin beharreko urratsa baita.

PASSIVEHAUSS etxebizitzen sustapen bat da; hirian ezaugarri horiek dituen lehen eraikuntza. Eraikin jasangarriaren eredu hori Alemanian garatu zen 90eko hamarkadan, eta helburua du energia-efizientzia handiagoa izatea eta ahalik eta gutxien kontsumitzea.  Etxebizitza horien proiektua garatzeko erabili den Passivhauss estandarrari esker, maizterrek gutxiago kontsumituko dute berokuntzan eta hozkuntzan, ohiko etxebizitza batean baino % 75 gutxiago gastatuko baitute. Horrelako etxebizitza baten oinarrizko energia garbiaren kontsumoa, asko jota, 15 kWh/m2-koa izango da urtean.

Alarde kaleko 3. zenbakian dagoen Passivhaus eraikineko 10 etxebizitzak behin-betiko BOE kalifikazioa eta lehenengoz okupatzeko lizentzia lortu ondoren entregatuko dira. Aurreikusten da 2024ko martxoan egingo dela hori.

IRUNVIk egin du Babes ofizialeko 52 etxebizitzak esleitzeko prozesua, Deialdi eta Oinarrien arabera. Hori horrela, etxebizitzak baremazio-sistemaren bidez esleitu dira, eta, horretarako, kontuan hartu dira diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide-kopurua edo Eskatzaileen Erregistroan izena emanda daramaten denbora, eta lehentasuna eman zaie Irunen 5 urte edo azken 20 urteetan gutxienez 10 urte erroldatuta daramatzaten pertsonei.

Adjudikazioaren zatiketa

  • Desgaitasuna dutenen kolektiboaren kupoa.
  • 36 urtetik beherakoen kolektiboaren kupoa.
  • Etxebizitza-premia berezia dutenen kolektiboaren kupoa.
  • Gainerako eskatzaileen kupoa edo kupo orokorra.

Esleipen-prozesuari buruzko informazio guztia IRUNVIren webgunean dago argitaratuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude