871 tona hondakin bildu da ekainaren 21etik uztailaren 2ra; aurreko urtean baino %1,84 gehiago

Txingudiko Zerbitzuek balantze positiboa egin du San Pedro eta San Martzial jaietan ezarritako dispositibo bereziaren inguruan; izan ere, zerbitzu guztiak aparteko ezustekorik gabe egin dira.Guztira, ekainaren 21etik uztailaren 2ra bitartean, 871 tona hondakin bildu da, aurrekourtean baino % 1,84 gehiago:  89 tona materia organiko, 91 tona paper, 63 tona ontzi eta 628 tona errefusa.

Errefusak % 2,7ko igoera izan du aurreko urtearekin alderatuta. Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak nabarmendu duenez, “horrek adierazten du oraindik ere bide luzea dugula hondakinak behar bezala bereizteko bidean. Birziklatu ezin daitezkeen hondakin horiek gure hondakinen kudeaketa jasangarrirako erronka dira, eta ahalik eta gutxien sortu behar dira, haien tratamendua oso garestia baita”, azpimarratu du Zubiturrek.

Garbiketa-operatiboari dagokionez, ohiz kanpoko 324.000 litro ur eta 270 litro xaboi desinfektatzaile erabili da. Gainera, baliabide tekniko zein giza baliabideak areagotu egin dira, eta jende gehien biltzen den eremuetan lehenetsi da garbiketa. Eguneroko garbiketa-lanei ekin aurretik, 9 langilez osatutako talde batek baheketa selektiboa egin du, eta egunero 150 kg ontzi eta 300 kg beira bildu dira eskuz lurretik.

Txosnetan eta Ficoba inguruan hondakinak behar bezala bereizi diren arren, hiriko 10 tokitan jarritako zakarrontzi selektiboen erabilera desegokia izan da. Zubiturrek, Txinzerren etengabeko ahalegina azpimarratu du Irungo kaleak garbi mantentzeko. “Irungo kaleek egunero garbi eta txukun esnatzeko egiten dugu lan, baina ez da garbiagoa gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik. Guztion lankidetza ezinbestekoa da Irun garbi mantentzeko”, azpimarratu du.

Txosna gunea

Aurten, Urdanibia plazako 4 txosnetan 14.856 edalontzi berrerabilgarri banatu dira, eta horietatik 8.400 berreskuratu dira, aurreko urteko zifra gaindituz eta herritarrek hondakin plastikoak berrerabiltzeko eta murrizteko duten konpromisoaren isla.

Txingudiko Zerbitzuek eskerrak eman nahi dizkie langile guztiei beren dedikazio eta ahaleginagatik, eta Zubiturrek nabarmendu du beren konpromisoari esker hiria baldintza bikainetan mantentzea lortu dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude