Ikuskizun ugarik osatuko dute aste honetako kultur agenda

Azken astean sartu gara, Junkaleko plazatxoko agertokian jarduerez beterik udan, hainbat eta hainbat antzerki-, dantza-, musika-, zinema- eta umore-ikuskizun programatu ditu kultur agendak. Honako hitzordu hauek izango dira hurrengo egunotan:

Antzerkia
Abuztuaren 26an, ostegunean, 20:00etatik aurrera, “Frikis” antzezlana, Niño Costriniren eskutik. Antzerki-ikuskizun honek komediante-bikote zoro eta xelebre baten istorioa kontatzen du, eta haien magia-, zirku-, kantu- eta dantza-showa, egoera komikoz beterik.

Zinema
Hiriko kultur programazioaren protagonistetako bat da aire zabaleko zinema, eta, datorren ostiralean, hilak 27, hitzordu berezia dugu, Junkal plazatxoan: 22:00etatik aurrera, Charlie y la fábrica de chocolate filma emango da (Tim Burton, 2005), gaztelaniaz.

Ikusleek, filmaz gozatzeaz gain, emanaldia hasi aurreko animazio ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, Willy Wonka izango dugu gurekin, ikusleei harrera egiteko eta sari banaketan parte hartzeko beharko duten gauzatxo bat banatzeko. Izan ere, filmean, Charliek urrezko billete bat behar du txokolate fabrikaren barrura sartzeko, eta, aitzakia horrekin, opari txiki bat egingo zaie ikusleei, istorioaren osagai nagusiaren oroigarri.

Sinopsia: Charlie Bucket (Freddie Highmore), oso familia pobre bateko oso haur on bat, egun batez Willy Wonka (Johnny Depp) xelebrearen eta haren oompa-loompa taldearen txokolate fabrika erraldoian sartzeko lehiaketa baten irabazle suertatu da, eta, mundu osoko beste lau haurrekin batera, zaporez betetako mundu fantastiko eta magiko batean murgilduko da.

Musika
Hurrengo egunean, Burrunba Elektropatxarangaren txanda izango da. 20:00etatik aurrera, herriko talde honek estilo eta gai askotariko musika-errepertorioarekin girotuko du larunbat arratsaldean eta gauean (hilak 28). Abuztuko kultur agendako azken hitzordua da.

Gonbidapenak Junkaleko plazatxoan bertan banatuko dira, ikuskizuna hasi baino 50 minutu lehenagotik aurrera. Doan. Jardueretan pandemiari aurre egiteko segurtasun- eta higiene-neurriak beteko dira, besteak beste: edukiera murriztua etamaskara une oro jantzi beharra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude