Bidasoa ibaiak migratzaileen bizitza irensten jarrai ez dezan

 

Zubiak bi ertz edo mutur hurbildu eta lotzeko helburuarekin eraikitzen dira. Bidasoa ibaiaren ibilguan zehar altxatzen diren zubiek bi herrialde elkartzeko balio dute. Errealitate latzenak, ordea, agerian utzi du Santiago eta Behobiako zubietan modu iraunkorrean kokatutako kontrol arrazistek pertsonen zirkulazio askatasunerako lagungarri izan ordez, migratzaileak bizitza arriskatzera behartzen dituztela mugaren beste aldean bizitza hobe bat lortu nahi badute.

Beste migratzaile bat hil da Irun eta Hendaia arteko muga Bidasoa ibaian barrena igerian zeharkatzeko saiakeran. Ertzaintzak baieztatu duenez ezbeharra abuztuaren 8ko goizeko hamarrak laurden gutxi inguruan gertatu zen bi pertsona Irundik Biriatura heltzeko ahaleginean Bidasoa ibaira sartu zirenean. Inguruan bizi den lekuko batek bi gizon ibaian murgiltzen ikusi zituen eta, korrontearengatik ibaia gurutzatzeko arazoak zituztela ikusita, uretara jauzi egin zuen bi gizonei lehorrera irteten laguntzeko. Baina korrontearen indarra zela eta, lehorrera itzuli behar izan zuen, ibaiak irentsi aurretik. Ibaia gurutzatzen saiatu zen gizonetako bat uretan sartu eta berehala hondoratu zela ikusi ahal izan zuen lekukoak. Beste gizonak, ordea, lortu zuen lehorrera iristea.

“Euskal gizartea harrera-gizarte solidarioa da, eta horrela izan behar dute gure erakundeek ezarritako politikek”

Irungo Harrera Sarea

SOS-Deiak 112 Zerbitzuak gertatutakoaren berri izan zuenean, Ertzaintzaren helikoptero bat eta urpekariak, Hondarribiko Gurutze Gorriko eta suhiltzaileetako urpekariak, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko dotazio bat eta herritarren segurtasuna babesteko patruilak gerturatu ziren bertara, azken hauek ibaiertza miatzera. Handik gutxira jakinarazi zuten desagertutako gizona ibaian aurkitu zutela. Suhiltzaileek gorpua uretatik atera zuten, eta bihotz-biriketako geldialdia zuela konturatu zirenean, suspertzen saiatu ziren, baina handik minutu batzuetara Osakidetzaren anbulantziako medikuak gizonaren heriotza baieztatu zuen.

Batasuna zoritxarraren aurrean
Azken gertakari horren harira, Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea deitu zuen abuztuaren 9rako. Ehunka pertsona elkartu dira Irungo San Juan plazan arratsaldeko 19:00etan egindako elkarretaratzean. Bidasoa ibaiaren uretan hildako azken migratzailearen heriotza salatzeaz gainera, udaletxearen plazan bildutakoek berriro ere zirkulazio askatasuna eta bide seguruak eskatu eta inor ilegala ez dela aldarrikatu zuten Bidasoa eskualdean migratzaileek bizi duten egoeraren aurrean. San Juan plazako kontzentrazioaren ostean Irungo Harrera Sareak elkarretaratzean parte hartu zuten pertsonei eskerrak eman dizkie, zehazki, “eskubide guztiak guztiontzat izan behar direla pentsatzen duzuen guztioi” eskerrak eman zizkieten. Elkarretaratzearen amaieran minutu bateko isilunea gorde zen Abdoulaye Colibalyren oroimenez.

Dagoeneko hiru pertsona hil dira Bidasoa ibaian hilabete gutxiren buruan. Irungo Harrera Sareak azaldu duenez estatuek eta Europar Batasunak ez dute errespetatzen migratzaileek eta errefuxiatuek zirkulazio librerako eta bide seguruetarako duten eskubidea.

Izen-abizenak dituzten ezbeharrak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abuztuaren 10ean Bidasoa ibaian hildako azken migratzailea identifikatzea lortu zuen. Hildakoa Abdulaye Coulibaly izeneko 18 urteko gaztea da eta Frantziara iristen ahalegindu zen bertan bizi den osaba batekin elkartzeko. Jatorriz Ginea Konakrykoa, patera batean iritsi zen Kanaria Handia uhartera maiatzaren 23an beste 65 migratzaileekin. Ostean, Granollerseko Gurutze Gorriaren zentro batera eraman zuten eta bertatik modu boluntarioan irten zen. Abuztuaren 5ean iritsi zen Irunera eta Hilanderaseko aterpean hiru egun eman zituen muga ibaitik zeharkatzen saiatu aurretik.

Irungo Harrera Sarea Abdoulaye Coulibalyren gorpua Konakryra aberriratzeko dirua biltzen hasi da, Abdoulayeren aitak eta anaia-arreba gazteagoek bere gorpua etxera itzultzeko nahia adierazi ostean. Irungo sareak enbaxadak bere egitekoa betetzea espero du. Hala bada eta gorpua aberriratzen bada, ordura arte bildutako dirua Abdoulayeren familiari laguntzeko erabiliko da.

Instituzioak erantzule
Migratzailearen heriotza ezagutu bezain laster, gertakariaren egunean bertan José Antonio Santano Irungo alkateak bere tristura agertu zuen gertatutakoaren aurrean. Hurrengo egunean, Irungo Udalak adierazpen instituzionala argitaratu zuen udalbatzaren “tristura eta samina” agertzeaz gainera, udala hildako gaztearen senideei eta lagunei ahal duen guztian laguntzeko prest dagoela adierazteko. Era berean, testuan irakur zitekeenez, “salatu egin nahi da Europak ez duela migrazio-politikarik giza drama hori saihesteko, eta azkenean, egoera etsigarriak eraginda, askok bizia arriskuan jarri eta galdu egiten dutela”. Adierazpenaren amaieran udaletxeko balkoian krespoi beltza jartzearekin batera, hiritarrak arratsalde horretan bertan egitekoa zen elkarretaratzean parte hartzera animatu zituen.

Irungo Harrera Sareak sare sozialen bitartez zabaldutako komunikatuan eskatu du Bidasoa ibaian hildako azken pertsonaren kasua ez dadila gertaera isolatu eta ustekabekotzat hartu. Heriotzak migratzaile eta errefuxiatuek Europar Batasunak eta estatukideek aplikatutako migrazio eta kontrol politika arrazisten ondorio zuzena direla salatu dute, neurri horiekin migratzaileak “bide hilgarriak” hartzera bultzatzen baitituzte. Era horretan, Irungo Harrera Saretik Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak osatutako Harrera-mahaiari ahaleginak areagotzeko eta harrera duina aplika dezatela eskatu diete, “jasaten dituzten tratu txarrak eta arrazismo instituzionala normalizatu beharrean”. Sare sozialen bitartez Irungo Harrera Saretik adierazi dutenez, “euskal gizartea harrera-gizarte solidarioa da, eta horrela izan behar dute gure erakundeek ezarritako politikek”. Horrela, tokiko-erakundeei migrazioaren gaian erreferente izango diren politika eta ekintzak garatzeko erronka egin diete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude