![](https://irunero.eus/wp-content/uploads/2021/08/g38491.jpg)
1921eko abuztuaren 21ean argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela mende bat Irunen albiste izan ziren gertaerak biltzen ditu. Aldizkariko lehen artikuluak, ipuin baten bidez, bi lagunen adiskidetasunaren narriadura kontatzen du, bata bestearen ahizpa ezkonduarekin maitemindu ondoren. “Nuestro troley” titulua duen idatzian Irun Hondarribiarekin lotzen duen tranbian erabiltzaileen erosotasuna areagotzeko zerbitzuan hobetu beharreko kontuak zerrendatzen dira. Orrialdea amaitu aurretik, Prudencio de Beraketak sinatutako artikuluan urtero uda garaian argitaratu ohi zen gidaliburuan hiriaz esaten denari erreparatzen dio idazleak. Izan ere, Beraketaren iritziz gaurkotu gabeko informazio asko dago Irun hiriari dagokion atalean.
![](https://irunero.eus/wp-content/uploads/2021/08/g48906.jpg)
Kirol kronikan “Real Sporting de Gijón” taldeak sinatutako gutuna argitaratzen da, talde horren eta Real Union taldeen arteko partiduan gertatutako gaizki ulertuak argitzeko. Horrekin batera, Gipuzkoako Futbol Federazioaren hurrengo bilkuran hartuko diren erabakiak aurreratzen dira gutunaren ondoren argitaratzen den albiste labur batean. Berako jaiekin loturik, aldiz, jaietako egitarauaren barnean urte batetik bestera antolatutako ekintza errepikakorrak aipatzen dira zinegotzi arduradunaren alferkeria salatzeko. Bi pertsonen arteko elkarrizketa bezala aurkezten den hurrengo artikuluan seme-alaben heziketaz eta etorkizuneko jarreraz egiten da gogoeta. Bigarren orrialdearen amaieran azken udal bilkurako erabaki esanguratsuenak errepasatzen dira “Notas Municipales” atalean.
![](https://irunero.eus/wp-content/uploads/2021/08/g57816.jpg)
Hirugarren orrialdearen hasieran, “Una explicación necesaria y oportuna” titulua duen idatzian El Bidasoa aldizkariaren lantaldean kazetari bat beste batekin ordezkatu ostean jasotako kexak argitu nahi dira. Jarraian, Tuberkulosiaren aurkako kontsultategiari eta haurrentzako udalekuei laguntzeko diru-ekarpenak egin dituzten pertsonen izenak irakur daitezke. Azkenik, “Ecos de sociedad” atalean hiriko familia ezagun eta aberatsekin loturiko azken gertakari esanguratsuen laburpena argitaratzen da, eta ostean, “Noticias” atalean bildutako berri laburrekin amaitzen da aldizkaria.