Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

G25890: Irungo Sargia parkea.

1918. urteko uztailaren 14ean argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariaren zenbakia duela mende bat gutxi gorabehera Irunen albiste ziren gertaeren erakusle bikaina da. Aldizkariaren lehen artikuluan “R.I” hizkiez sinatutako artikuluane hirian estalitako parkeak eraikitzea eskatzen da, haurrek euskal kostaldeko eguraldi kaxkarrari aurre egin ahal izateko. “Si yo fuera cafetero…” titulua daraman idatzian bandak igande arratsaldeetan Pi y Margall plazan eskaintzen dituen kontzertuetako giroa aipatzen da. “La moral ultrabaja” tituluarekin, berriz, festetako “corre-callesean” zehar gertatutako nahasmena salatzen da. Jarraian, “De todo, una miaja” izenburuarekin gai ezberdinen inguruko gogoeta eta bitxikeriak biltzen dira. Hurrengo idatzian Hondarribiko hondartzak udaran eragindako mugimendua aipatzearekin batera, Colón pasealekua asfaltatzeko egindako lanen berri ematen da.

G38506: Elgorriaga Gozotegiko erabiltzaileak, Colón pasealekuan kokatuta, XX. mendearen hasieran.

Remigio Peña baritonoak Bella Artes antzokian eskainitako kontzertuaren kronika irakur daiteke aldizkariaren bigarren orrialdearen hasieran. Mañuelek Elgorriaga gozotegiarekin lotutako istorioa partekatzen du zenbaki honetan “El Bidasoa” aldizkariaren irakurleekin. Kirol kronikan, aurreko astean egindako zinten lasterketa izeneko txirrindularitza probaren emaitzak aipatzen dira. Ondoren, Real Unión eta Gijón taldeen artean jokatuko den partiduaren xehetasunak azaltzen dira. Aldizkariko hurrengo bi idatzietan Irun eta Elizondoko musika bandek Iruñeko Banden Txapelketan parte hartuko dutela aipatzen da, lehiaketaren emaitzak oraindik ezagutu ez arren.

G2236: Pi y Margall plaza Gerra Zibilaren aurretik.

“Hace años …” atalean aspaldiko albisteak errepasatzen dira, ostean, “Notas Municipales” atalean udal bilkurako azken erabakien laburpena argitaratzen den bitartean. “A Mañuel” titulua daraman gutuna eta “Ecos de Sociedad” eta “Noticias” atalek osatzen dituzte aldizkariaren 150. zenbakiko azken artikuluak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude