Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

61936: Haurrak eta langileak Gurutze Gorriaren Kontsultategian.

1921eko uztailaren 10ean argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak duela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak errepasatzen ditu. “Ecos de las pasadas fiestas” artikuluan hirian amaitu berri diren jaien laburpena irakur daiteke. Yole olerkariak idatzitako maitasun nahigabeei buruzko olerkiak argitaratu dira bertso erromantikoei eskainitako atalean. Aldizkariko hurrengo idatzian irinaren prezioaz eztabaidatzen da, produktuaren prezioa asko aldatzen baita Gipuzkoako herri batetik bestera. Jarraian, tuberkulosiaren aurkako kontsultategiaren diru-sarrerak handitzen saiatzeko, Rafael Larraz Kontsultategiko zuzendariak hiritarrei objektuak dohaintzan ematea eskatzen die tonbola bat antolatzeko. “Buzón de El Bidasoa” atalean, berriz, irakurleek aldizkarira bidalitako mezu laburrak argitaratzen dira.

50309: Uranzu pilotalekuaren inaugurazio partida 1934ko uztailaren 1ean.

Kirol kronikan Real Union taldearen denboraldi amaierako emaitzak biltzen dira, Santanderreko Racing taldearen aurka jokatutako azken partiduaren xehetasunak laburpenarekin. Bigarren orrialdearen erdialdean, X hizkiaz sinatzen duen kolaboratzaileak eskerrak ematen dizkie agintariei bere azken artikuluan salatutako egoera konpontzeko ahalegindu baitira. Izan ere, Irun eta Hondarribia lotzen dituen tranbian hobetu beharreko gauzez ohartarazi zuen azken idatzian. “Un remontista” ezizenarekin sinatutako artikuluan herrietako pilotalekua zaintzeko beharra adierazten da, kirol tradizionalen iraupena bermatu ahal izateko. Orrialdearen amaieran, “Notas municipales” atalean, azken udal bilkuran hartutako erabakiak biltzen dira.

53165: Colon pasealekua, errepidea urbanizatzeko eta zabaltzeko lanetan (1908).

Azken orrialdearen hasieran eskola-sariak banatzeko ekitaldiak eta marrazki erakusketa aipatzen dira. “Ecos de sociedad” atalean, berriz, Irundar ezagunek azkenaldian egindako bidaiak aipatzen dira. 18 urteko José Antonio Picavearen heriotzaren berri eman ostean, Irunen eraikiko den kirol-zelaiak izan beharreko instalakuntzak zerrendatzen dira. Berri laburren atalaren ostean, “El Bidasoa” aldizkariaren 306. zenbakia iragarkiz betetako orrialdearekin amaitzen da.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude