1922ko apirilaren 23an argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte albiste ziren gertaerak biltzen ditu. “Cuaresma futbolística” izeneko artikuluan azken futbol partidetako emaitzak errepasatzen dira. Yolek, berriz, poema erromantikoen atalean “En el faro” olerkia argitaratu du. Jarraian, Gipuzkoako hainbat alkatek Donostian izandako bileran pasaporteak bertan behera uzteko beharraz mintzatu direla kontatzen da, aduanetako arazoak konpondu ahal izateko. Titok idatzitako testuan, hiriko gazteen ezkongabetasunaren zergatiaz galdetzen dio bere buruari.
Bigarren orrialdean, hiru zutabe betetzen dituen kirol kronika zabalean hiriko kirol taldeen emaitzak errepasatzen dira. Real Unionek Pariseko nazioarteko txapelketa irabazi du, Olympique eta Red Star taldeak garaituz. Amuten, berriz, Real Unionen bigarren taldea garaile izan da. “Amor de infancia” atalaren ostean, “Por decir algo” titulua duen testuan aduanako langileen arazoak aipatzen dira, baina horrekin batera aipatzen da, halaber, ikuskariaren bileran akordio batera iristeko aurrerapausoak eman direla. Gainera, atal berean jakinarazten da kirol zelai berriaren eraikuntzan aurrerapauso gutxi eman direla. Azkenik, hiriko jaiak iristeko bi hilabete eskas falta direla gogorarazten da, Sustapen Batzordea hiriko festak sustatzen hasi dadin. Bigarren orrialdearen amaieran Irungo tren geltokiko jatetxean geltokiburua agurtzeko egindako omenaldi ekitaldiaren laburpena irakur daiteke.
Aldizkariaren azken orrialdean, aldiz, “Notas Municipales” atalean azken udal bilkuran hartutako erabakiak jakinarazten zaizkie herritarrei. “Inoportunidad con agravantes” testuan, berriz, X kolaboratzaileak Irunen ogiaren prezioa jaisteko egindako eskariari erantzuten diote Y. eta Z. kazetariek. “De todo un poco” berri laburren atalean aldiz, agerian uzten da Guardia Zibileko agenteak alojamendurik gabe gelditu direla eta, bestetik, linea elektrikoa zeinen egoera txarrean dagoen. Aldizkaria “Noticias” atalarekin amaitzen da, publizitatez beteriko laugarren orrialdearen aurretik.