Berdintasun eta LGTBI arloak hainbat lerro estrategiko zabalik dauzka

Berdintasun ordezkaritzatik, arloan abian dituzten lan-ildoak eman ditu ezagutzera Miren Echeveste ordezkariak. Zehazki, une honetan Irungo Emakumeen Etxea diseinatzeko eta martxan jartzeko parte-hartze prozesuaren azken txanpan dago Udala. Bestetik, Berdintasun arloak LGTBI kolektiboarekin loturiko hainbat proiektu dauzka eskuartean.

Miren Echeveste berdintasuneko ordezkariak adierazi duenez, martxan dauden egitasmoen bitartez arloaren zeharkako izaeran sakontzea bilatzen da, Udaleko gainerako departamentuekin batera lan eginez eta Irungo elkarteen sarearekin lotura estuak ezarriz. Garapen bidean dagoen proiektuetako bat Irungo Emakumeen Etxearen eraikuntza da, Covid-19aren pandemiak nabarmen markatutako prozesua, hain zuzen ere, eta, ondorioz, atzerapen handiak izan dituena. “Hala ere, prozesuak balio izan du Irungo elkarte feministak eta emakumeak elkarren artean kohesionatzeko, eta haien eta Udalaren arteko harremanak estutzeko”, azaldu du Berdintasuneko ordezkariak. 2022. urtean, dena bide onetik badoa, Irungo Emakumeen Etxearen elkartea nola eratzen den eta lehen urratsak nola ematen dituen ikusiko da. Ekipamendu berria kokatuko den lokala egokitzeko lanak ikusteaz gain, Irun feminista bat eraikitzeko zerbitzuak eta erabilerak martxan egongo dira.

V. Berdintasun plana
Bestetik, Berdintasun arloa 2023-2027 aldirako V. Berdintasun Planaren prestaketan murgilduta dago, aurreko plan amaitu berritan. Plan horrek, batez ere, Ahalduntze Eskola eta berdintasun eta erantzunkidetasun tailerrak sendotzeko balio izan du, baita berdintasun alorreko teknikari espezifikoak egonkortzeko, eta indarkeria sexistaren alorrean arreta eta koordinaziorako erakundeen arteko protokoloa onartzeko eta sinatzeko ere. Gainera, azken urteetan planak hiriaren errealitateari buruzko informazio espezifikoa bildu du, askotariko diskriminazioei buruzko azterketei, indarkeria matxisten inguruko inkestei eta udal programa eta jardueretan sexuaren arabera bereizitako parte-hartzeari buruz duela gutxi eginiko azterlanari esker. Informazio hori guztia V. Berdintasun plana osatzeko oso baliagarria izango da. Helburua argia da: Irunen berdintasunaren eta feminismoaren defentsan eta sustapenean inplikatutako alde guztiekin ibilbide orri bera partekatzea”, adierazi du Miren Echevestek.

Era berean, ordezkariak irragarri du Berdintasun zerbitzua jarduerez hornitzen jarraituko dela. Ekintza batzuk jada programan finkatuak daude, hala nola, Beldur Barik lehiaketa eta gala, festetako puntu morea, M8ko eta A25eko jardueren programak. Hala ere, egitasmo berriak ere abiatu dira, esaterako, Julia Iruretagoyena ikerketa beka, indarkeria matxistaren aurkako eta berdintasunaren aldeko sentsibilizazio kanpainak, edo unibertsitateen arteko topaketa .

LGTBI esparrua
LGTBI alorrean, aurten hiru data garrantzitsu izango dira. Alde batetik, maiatzaren 14an, eguraldiak laguntzen badu, Eurovision jaialdia antolatuko da lehiaketa horrek urteetan LGTBI kolektiboa ikusarazteko eta normalizatzearen alde egin duen lan handia erakusteko. Bigarrenik, ekainaren 28an, Harrotasunaren eta Aniztasunaren Nazioarteko Eguna baliatuz, hirian hainbat ekintza antolatuko dira. Ildo beretik, aurrekontu partizipatiboetan bozkatutako LGTBIfobiaren aurka egiteko ekintzak prestatuko dira. Azkenik, udazkenean, berriz ere aniztasun afektibo, sexual eta familiarraren programa eramango da Irungo ikastetxeetara, etorkizuneko belaunaldiak integratzaileagoak eta aniztasunarekiko errespetutsuagoak izan daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude