Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

 

28223: 1972ko uztailaren 1eko Ganadu Lehiaketako sari banaketa Urdanibia plazan.

El Bidasoa aldizkariaren 305. zenbakiak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak biltzen ditu. 1921eko uztailaren 3an publikatutako aldizkariaren hasieran San Martzialeko domina aipatzen da eta dominak San Martzial Egunean mendian egin ohi den erromerian saltzen zirela kontatzen da. X letrarekin sinatzen duen kolaboratzaileak tranbiaren funtzionamendua hobetzeko konpondu beharrekoak zerrendatzen ditu aldizkariaren hurrengo artikuluan. Yoleren olerkian Aldabeko erromeria da protagonista. Lehen orrialdearen amaieran, Enriquek aldizkariaren aurreko zenbakietan Moralesek idatzitako hitz probokatzaileei erantzuten die.

57165: Bidasoko Txapelaundiak San Martzial mendian erromerian, 1933ko ekainaren 30ean.

Kirol kronikak ohi baino zutabe gehiago betetzen ditu aldizkariaren edizio honetan. Izan ere, San Pedro eta San Martzial jaien harira hirian antolatutako kirol ekitaldi guztien emaitzak biltzen ditu. Ondoren, Angel Rosado Acuña Caceresetik orain dela urtebeteko Irungo festak gogoratzen ditu, jaien programan eta ekintzetan aldaketa gutxi egin ohi dela adierazteko. Aldizkariko hurrengo artikuluan uztailaren 1ean egindako Behi-lehiaketa eta banatutako sariak aipatzen dira.

 

40983: Kontzertua Zabaltza plazako kioskoan ekainaren 30ean.

“Notas Municipales” atalean azken udal bilkurako erabakiak errepasatu ostean, 1921 urteko San Martzial Egun euritsua nolakoa izan zen kontatzen duen kronika dakar. Jarraian, Práxedesen eskutik Urdanibia plazan antolatutako festetako ekitaldiek izandako arrakasta nabarmentzen da. “Noticias” izeneko berri laburren atalaren ostean, El Bidasoa aldizkariaren 305. zenbakia iragarkiz betetako orrialdearekin amaitzen da.

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude