Koronabirusa gelditzeko indarrak batu dituzte irundarrek

Duela hilabete edo aste batzuk imajina ezina zen munduan zehar erraztasun handiz zabalduko zen gaitz batek estatu osoko biztanleak etxean gil-tzapetzerainoko indarra izan zezakeela. Martxoko hilabetearen erdialdean, ordea, COVID-19 edo Koronabirus izenez ezagutzen den birusak errealitatea egun batetik bestera alda daitekeela erakutsi zuen. Ordutik, momentura arte ezagututako bizimodu eta errutinak errotik erdibitu ostean, hiritarren arteko kontaktua ahal bezain beste murriztu eta egoera ezezagun berrira ahalik eta lasterren egokitzeko saiakeran murgildurik bizi da gizartea.

COVID-19 gaixotasunaren lehen kasuak Txinako Wuhan hirian agertu ziren 2019 urteko abenduan. Gaixotasunaren jatorria azaltzen duten teoria ugariak egiaztatzea ezinezkoa izan den bitartean, COVID-19ak Asiako mugak gainditu eta beste kontinenteetara salto egin du. Era honetan, urruti gelditzen zela zirudien gaixotasunak Europa eta Espainian sartu da, gaixotasunak eragindako ondorioak Irungo hiriraino iritsi direlarik.

Pandemia gelditzeko lehen neurriak
Koronabirusaren hedapena ekidititeko lehen neurri orokorrak martxoaren 13an, ostiralean, hartu ziren. Prebentzio neurri horien barnean, Euskadiko ikasketa-zentro guztiak ixtea erabaki zen, horrela, Haur Hezkuntzatik Unibertsitatra bitarteko ikasleak biltzen dituzten zentro guztien ateak itxi ziren. Era berean, aurrez aurreko udal zerbitzuak eta udal instalazioetan burutzen diren jardueren itxiera agindu zuen udalak.

Martxoaren 14a berrogeialdiaren barneko lehen larunbata izan zen eta jende askok, etxean gelditzeko gomendioari jaramon egin gabe, etxetik ateratzen jarraitu zuen. Jarrera arduragabe horien erakusleak izan ziren sare sozialen bitartez Aiako Harriak parke naturalean bildutako kotxe kopuru handia erakusten zuten argazkiak. Egun horretan bertan Bidasoako Ospitalera lehenengo koronabirus kasua detektatu zen eta udalak hiriko haur parke eta bainu publikoak itxi zituen.

Gaixotasunaren zabalpen azkarra ekiditeko, martxoaren 15eko gauean alarma egoera indarrean sartu zen Espainiako estatu osoan, herritarren zirkulazio askea mugatuz. Ministro Kontseiluan onartutako dekretuan herritarrek 15 egun etxetik atera gabe igarotzea agintzen zen, pertsonen mugimendua soilik kasu zehatz batzuetan baimenduz: osasun zentroetara joan, lanerako joan-etorriak eign, mendekotasunak dauzkaten pertsonen zainketetarako, finantza erakunde eta aseguru etxeen bulegoetara joan eta ezinebesteko egoerak edo beharrak kudeatzeko justifikatutako kasuetan.

Era horretan, pertsonak etxetik bakarrik ateratzea eta besteekiko metro eta erdiko tartea gordetzea eskatzen zen, oinarrizko beharrak asetzeko dendak irekita jarraituko zutela bermatzeaz gainera. Neurri horien harira, Eusko Jaurlaritzak txoko eta soziedade guztiak itxteko erabakia hartu zuen. Irunen zehazki, L1 autobus zerbi-tzua %50 eta L2 autobusaren zerbitzuak %33 murriztu ziren, L3 eta L4 autobusek ohiko zerbitzuari eutsi zioten eta garraio publikoaren garbiketa indartu zen. Hortaz gain, TAO aparkalekuen ordainketa sistema bertan behera gelditu zen eta zamalanetarako guneak 24 orduz funtzionatzea adostu zen.

Egunak aurrera, neurri zorrotzagoak
Lehenengo egunetako nahasmedua ekiditeko, martxoaren 16tik aurrera supermerkatuetan segurtasun neurriak hartu ziren, txandak mantentzeko ilarak egin, pertsonen arteko segurtasun distantziak errespetatu eta erosketak egiteko eskularruak banatzen zaizkie erosleei.

Aste horretako asteartean, martxoaren 17an, Irun eta Hendaia arteko mugetan ezarritako kontrolak izan ziren eguneko protagonista nagusiak. Izan ere, muga gurutzatzeko gidari zein oinezkoei desplazamenduaren arrazoiak egiaztatzen zituen agiria erakustea eskatzen zitzaien. Halaber, Ama Xantalen egoitzak tabletak eskuratu zituen egoilar eta senideen arteko komunikazioa errazteko.

Martxoaren 18an, hirian hurrengo egunetan egitekoak ziren emanaldiak bertan behera uzteaz gainera, Osinbiribil, Meaka Punttas-eko bidegorriak, San Miguel eta Belaskoeneako petanka zelaiak eta txakur parkeak itxi ziren. Neurri hauen bitartez arau-hauste gehiago gertatzea ekidin nahi zen, aurreko egunetan poliziak alarma egoera errespetatu ez zuten 20 pertsonei espedienteak ireki ostean.Martxoaren 22an Bidasoako Ospitalearen kanpoaldean karpa bat kokatu zen, ospitalera sartu gabe, kotxean bertan jendeari koronabirus probak egin ahal izateko.

Berrogeialdiko bigarren astea
Martxoaren 23an, berriz, MerkaIrun merkatuaren ordutegia egokitu eta Blaia hilerrian hiletetarako neurri bereziak hartu ziren, lurperaketa bakoitzera gehienez 10 pertsona sartu ahalko zirelarik. Egun berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek Caser Residencial Anakako instalazioak desinfektatu zituzten 14 egoiliarrek koronabirusa zutela egiaztatu ostean. Martxoaren 24ean Ficobak, azokako jarduera eten ostean, langileentzako aldi baterako erregulazio espedientea eskatu zuela jakinarazi zuen. Bien bitartean, Osakidetzak langile guztiek eskatutako baimen eta opor guztiak, egoera hobetu arte, bertan behera gelditzen zirela iragarri zuen.

Egunek aurrera egin ahala aurretik hartutako neurriak errespetatzeaz gainera, egoera kontrolpean mantentzeko irtenbideak bilatu dira. Martxoaren 28an Loiolako kuarteleko ejertzitoko kideek Irungo tren geltokian desinfekzio lanak egin zituzten, Gobernuak hurrengo astelehenetik aurrera eta apirilaren 9ra arte oinarrizkoak ez diren jardueren etenaldia agindu zuen egun berean.

Covid-19aren eragina gutxitzeko ahalegina
Pandemia geldiarazteko hartutako neurriez gainera, hiritarren bizimodua erraztu eta egoera arintzeko ahalegin egin da. Martxoaren 16tik aurrera udaleko Ongizate arloko langileak hirian bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonekin harremanetan jarri ziren telefonoz oinarrizko beharrak asetzeko laguntzarik behar zuten jakiteko eta asteazken horretarako ia 2.000 pertsonekin harremanetan jartzea lortu zuten. Gainera, pertsona etxegabeak babesteko plana martxan jarri zen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan.

Martxoaren 17an, adibidez, udal zergen ordainketa atzeratzea adostu zen udalean.Era berean, martxoaren 24ean hiriko kiroldegiek itxialdiak iraun bitarteko denbora tarteari dagokion tasa kopurua erabiltzaileei itzuliko zaiela jakinarazi zen.

Era berean, Koronabirusak eragindako ekonomiaren etenaldiak etorkizunean eragin dezakeen krisialdiaren aurrean, hainbat neurri prebentibo iragarri dira azken egunetan zehar. Adibidez, Ogasun arlotik jakinarazi zenez, bide publikoa okupatzeagatiko tasa ez zaie kobratu tasa zatika ordaintzea aurreikusita zuten enpresei. Zentzu berean, tasa horren ordainketa batera egiten dutenei urte amaieran alarma egoerak iraun bitartekoari dagokion zenbatekoa deskontatuko zaie.

Era berean, alarma egoeraren ondorioz Eskola Kirolak programa etetea ezinbestekoa izan zenez, programaren kudeatzailea den enpresak jakinarazi zuenez, familiei kurtso amaieran etenaldiariaren denbora tarteari dagokion zenbatekoa itzultzeko asmoa du. Bestetik, Bidasoa bizirikeko enpresa zentroetako bulegoetan lan egiten duten enpresek alarma egoerak iraun bitarteko denbora tarteari dagokion alokairua oraindu beharko ez dutela jakin zen.

Hortaz gain, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga ( bineta) ordainketa epe boluntarioa ekainaren 1era arte atzeratu zen martxoaren 27an. Horrekin batera, hondasun higiezinen gaineko zergaren (OHZ) kuota boluntarioen ordainketa abuztuaren 1etik irailaren 15era bitarte egiteko tartea zabaldu zen.

Informazio zuzena jasotzearen garrantzia
Egoera ezohiko honetan hiritarrek informazioa eskura eduki eta modu errazean topatzeko gai izango direla ziurtatzeko Irungo udalak webgunearen egitura aldatu zuen eta atal bakar batean COVID-19arekin lotutako informazio guztia bildu da. Atal horretan era askotariko informazio erabilgarria aurkitu daiteke, hiritarrek momentura arte udaleko arreta zerbitzuetan egindako galdera ohikoenekin osatutako atalaz gainera.

Hortaz gain, 010 informazio telefono zenbakiaren ordutegian aldaketak egin ziren eta ondorioz, telefonoa 20:00ak arte martxan egon ordez, martxoaren 26tik aurrera arratsaldeko 19:00ak arte zerbitzua eskaintzen du. Dena dela, egun horretatik aurrera, larunbat zein igande arratsaldeetan ere zerbitzua ematen du arreta ordutegia luzatzeko asmoz.

Horrela, azken egunetan zehar hartutako neurriak arin-tzen laguntzeko, udalak etxetik egin daitezkeen jardueren zerrenda argitaratu zuen, hiritarrei berrogeialdia iraun bitartean egin daitezkeen gauzak erakusteko. Ekintzen zerrenda horretan argitaratutako ekintza gehienak aldizkari honen 15. orrialdean kontsultatu daitezke.

Hiritarren elkartasuna gaitz guztien gainetik
Udal webgunearen bitartez boluntario sarea osatzeko deialdia zabaldu zen eta egun bakarrean 200 pertsonek izena eman zuten boluntario sarean. Boluntario horiek, beharrezkoa izanez gero, Gurutze Gorriarekin eta Babes Zibileko kideen lana laguntzea aurreikusi zen.

Konfinamenduak aurrera egin ahala, gizartean elkartasun keinu ugari errepikatu ziren. Esaterako, azken asteetan zehar estetika zentroetako lagileek, sektore ezberdinetako enpresek zein partikularrek poliziarengana hurbildu dira erabili gabeko eskularru zein maskarak dohaintzan eman eta pandemia geldiarazteko lehenengo lerroan lanean ari direnen babesa ziurtatzeko. Bestalde, iluntzeko 20:00tan balkoira atera eta oinarrizko zerbitzuetan lanean ari diren profesionalen esfortzua txalotzea berrogeialdiko hitzordu ezinbestekoan bihurtu da, minutu batzuetan zehar auzokideak elkartzen dituen keinuari esker.

Udalaren sare sozialetan, berriz, #IrunNireBalkoitik erronka martxan jarri da hiritarrek haien etxeetatik ikusten dutena partekatzera animatzeko. Gainera, Irungo udalak eta Maker mugimenduak “Resistencia Team” ekimenarekin bat egitea erabaki zuten 3D-ko inprimagailuak erabiliz langileak babesteko aurpegi biserak sortu ahal izateko Irun Factory egoitza martxan jarriz.

Martxoaren 28an udalak berrogeialdian zehar udal sare sozialen bitartez urteak betetzen dituzten irundarrak zoriontzeko egitasmoa martxan jarri zuen eta, sare sozial horiek erabiliz, maskarak eraikitzen jarraitzeko gomak eta zinta elastikoak behar direlaren deialdia zabaldu zuen. Horrela, Gurutze Gorriko kideak maskarak egiteko erabili daitezkeen materialen bilketaz arduratuko zela jakinarazi zen.

Agintariek hartutako neurri eta hiritarrek berrogeialdiko lehen asteetan erakutsitako elkartasunari esker, denbora gutxiren buruan egoera kontrolpean izatea espero da garai ilun hau alde batera uzteko. Horrela, pandemia geldiarazteaz gainera, Irungo kaleek berriro ohiko bizi-erritmoa eta alaitasuna berreskuratu dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude