Egunak aurrera joan ahala, etxeko txiki eta handiak entretenitzeko ideiak agortzen doaz. Mahai-joko tradizionaletatik haratago, garai ilun hauetan familia ekintza berdinaren inguruan elkartu eta pandemiak eragindako egoera ezohikoa ahazteko ideiak gogoz hartzen dira. Horregatik, ona hemen e-txetik atera gabe etxeko txikiak entretenituko dituzten 10 proposamen:
1) Zinemaldia etxean
Berrogeialdiak errutinatik aldentzera behartu arren, etxeko egongela apaindu eta sofan zein lurrean tapaki eta kuxin artean etzanda zinema maratoia egiteko aitzaki bikainean bihurtu daiteke. Krispeta eginberri eta gozokien artean pelikula kutunenak familiako senideekin partekatu edo film berriak deskubritzeko aukera izan daiteke.
2) Olinpiada etxekoiak
Etxeko lau pareten artean bada ere, gorputza astintzeko modua izan daiteke. Etxeko objektuak oztopo gisa erabiliz, olinpiada propioak sortzeko une aproposa izan daiteke. Horrela, familiako kide bakoitzak irudimena martxan jarri eta proba ezberdinak proposatu ahalko ditu, ondoren, familiako kideen azkartasuna, arintasuna, trebetasuna eta pazientzia neurtzeko. Gainera, proba bakoitzeko irabazleak sari txiki bat jasotzen badu, lehiaketa interesgarriagoa izan daiteke.
3) Erlaxaziorako tartea
Itxialdiak iraun bitartean senide arteko tentsio eta urduritasunek gora egitea normala da. Etxera lasaitasuna itzuli dadila laguntzeko, familian yoga eta erlaxazio ariketak egitea gomendagarria izan daiteke. Era honetan, tentsioak desagertzeaz gainera, ariketa bitxi eta ezezagunak ikasiko ahalko dira. Gainera, mota honetako ekintzak berrogeialdiko errutinan txertatuz gero, egunak aurrera egin ahala konplexuagoak diren ariketak egiteko abilezia lortuko da.
4) Argazki collage-a
Asperraldi gariak etxeko armairu eta kaxetan gordetako argazki zaharrak aireztatu eta iraganeko bizipenak gogora ekartzeko une aproposak izan daitezke. Hortaz gain, argazkiak oinarri hartuta, etxetik aurkitu daitezkeen guraize, kola, margo, soka eta materialak irudimen apur batekin elkartuz, arte sormena eragiteko modu bikaina izan daiteke.
5) Altxorraren bila
Senideak bi taldetan banatu eta talde bakoitzak beste senideek egin beharko dituzten probak pentsatu beharko dituzte. Probak egin ahal izateko, ordea, aurkariek etxean zehar sakabanatutako pistak aurkitu beharko dituzte lehenengo. Erronka guztiak gainditzen dituen talde irabazleak altxorra eskuratuko du.
6) Sukaldean trebatuz
Etxeko sukaldea familiko senide guztien artean egin daitezkeen errezeta goxoen sorgunean bihurtu daiteke. Jogurt potearen neurriarekin egiten den bizkotxo errezetatik haratago, errezeta berriak probatzeko aukera izan daiteke. Adibdiez, txokolate likido apur batekin marrubiak erditik erdibituz, amona mantangorri dibertigarriak sortu daitezke sukaldea gehiegi nahastu gabe.
7) Lorategi txikia
Udaberria iritxi dela aprobetxatuz, etxeko leihoak apaintzeko ordua iritsi da. Jogurt pote hutsetan kotoi zatien artean dilista eta garbantzuak sartu eta egunero pazientziaz ureztatzea izango da egin beharreko bakarra. Egun batzuen buruan kotoi artean landare txikiak haziko dira.
8) Istorio sortzaileak
Paper zatiak moztu eta etxeko senide bakoitzak bururatzen zaizkion hitz guztiak idatzi beharko ditu paper zati bakoitzean. Papertxoak tolestu eta nahastu ostean, kide bakoitzak bost paper bolatxo hartu eta egokitutako hitzak erabiliz istorio bat sortu beharko du.
9) Dantza eta karaoke lehiaketa
Senide bakoitzak etxean topatutako arropekin mozorratu eta karaoke zein dantza lehiaketa bat antolatzeko aukera bikaina izan daiteke. Bakarka edo etxekoekin elkarlanean ikuskizunak prestatu eta gainontzekoen aurren erakutsi beharko da egindako lana. Etxeko guztiak dantzan eta kantuan jarriko ditu ekintza honek.
10) Berrogeialdiko egunerokoa
Askatasuna eta normaltasuna itzultzen direnean, berrogeialdian zehar bizitakoak eta egindakoak oroitzeko eguneroko bat sortzea ideia aproposa izan daiteke. Horrela, egunerokoaren orriak, argazki, eskulan eta berrogeialdiko bizipenekin beteko dira, etenaldi derrigortu honek erakutsitako guztia egun batetik bestera ahaztu ez dadin.