Igor Emery, Real Union klubeko presidentea: “Ilusioa da guretzat hitzik garrantzitsuena”

Real Unionentzat aro berri bat hasi da uztailean gauzatu zen klubaren zuzendaritza batzordearen aldaketarekin. Horrela, futbol-talde irundarra Emery familiaren eskuetan egongo da aurrerantzean. Igor Emery Real Union klubeko presidente berriak hastear dagoen denboraldirako eta etorkizunera begira klub irundarrarentzat dauzkan ilusio, asmo eta ideiak aurreratu ditu.

Zergatik erabaki zenuen proiektu honetan murgiltzea?
Familiaren erabakia izan zen. Real Union taldeari laguntzeko asmoa aspalditik dator. Gure familiak urte luzez izan du Real Unionekiko lotura eta beti gure familiako kluba dela sentitu dugu, hau da, etxeko kluba. Klubak laguntza apur bat behar zuela jakinda, azkenean, urratsa egin genuen eta orain hementxe gaude.

Zuzendaritza batzorde berriarekin Real Union klubarentzat aro berri bat hasi da?
Bai. Klubeko langileak mantendu ditugu, hortaz, aurretik zeuden pertsonek klubarentzako lan egiten jarraituko dute eta, gainera, gu pozik gaude beraiekin. Hortik aurrera, egia da batzordea osatzen duten pertsonak aldatu direla. Kontseilari guztiak berriak dira eta, horretarako, Irungo eta bailarako jendea bilatu dugu. Irungo klub indartsu bat bultzatu nahi dugu, baina bailara guztiarentzat. Hau da, kideek sentimendu txuri beltza dute. Nahiko argi genuen nolako profila nahi genuen eta beraiengan aurkitu dugu.

“Irungo klub indartsu bat bultzatu nahi dugu, baina bailara guztiarentzat”

Zuen proiektua ilusio hitzarekin laburbildu daitekeela esango zenuke?
Ilusioa da guretzako hitzik garrantzitsuena. Azken urteetan Real Unionekiko sentimendu apalagoa zegoela ikusi da eta hori berpiztu beharra dago. Lehen taldea maila berri, garrantzitsu eta erakargarri batean dagoela jakinda, ez dugu ahaztu behar harrobia ere landu behar dugula. Irungo eskoletatik hasita, beheko mailetan beste modu batean lan egin behar dugula uste dut, indarra emanez eta gure ilusioa maila horietara eramateko. Lehentasunak lehen taldean eta harrobian daude, klubaren iraunkortasuna harrobian baitago.

Irungo zein inguruko herrietako gainontzeko kirol taldeekin biltzen hasi zarete, zertarako?
Real Unionen harrobia ez dira bakarrik etxean ditugun taldeak, bailarako harrobiak inguruan dauzkagun klubez osatuta egon behar du. Irunen Landetxa, Mariño, Behobia, San Marcial eta Dunboa taldeak dauzkagu eta Hondarribian ere beste kirol talde on bat dugu, Ipar Euskal Herria, Bera eta Lesaka ahaztu gabe. Beraiekin harremanak berreskuratu nahi ditugu, gure harremana normaltasunera itzultzeko.

Gainera, zelai erantsiaren itxura aldatzeko lanak hasi dira?
Irungo Udalari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman behar dizkiogu beheko zelaia aldatzeko egin duten ahaleginarengatik. Zelai hori, lehen taldeak erabiltzeaz gainera, talde guztientzat ere izango da, bertatik igaroko baitira harrobiko talde guztiak. Lanek bi hilabete iraungo dute. Kluba indartzeko zelai hori indartzea eta berritzea beharrezkoa zela uste genuen.

Jada 2021/2022 denboraldiko taldeen aurkezpena egin duzue. Klubeko taldeak denboraldiko erronkei aurre egiteko prest ikusten dituzu?
Ilusio handia dutela uste dut. Lehen taldeak epe laburreko lana eskatzen du, baina gure beste lehentasuna harrobia da. Ilusio handia ematen digu harrobia lantzeak, ume eta gazte horiek guztiek beraiekin gaudela senti dezaten. Beraz, hori lotzen saiatuko gara. Ilusio hori sentitzen dugu eta guk urratsak egin beharko ditugu gure babesa sentitu dezaten.

Lehen taldeak erronka garrantzitsua du denboraldi honetarako?
Zentzu horretan, nahiko lasai gaude, aurreko denboraldian ikusi ahal izan genuenez taldeak goi mailako futbola jokatu zuen hemen eta emaitzak oso onak izan ziren. Oso ondo hasi ziren lanean iazko aurre-denboraldian, lan handia egin zuten urte guztian zehar eta emaitzak iritsi ziren. Lorpen garrantzitsuena da aurten taldea lehen maila horretan egongo dela ikustea. Liga gogorra izango da eta beste taldeek ahalegin berezia eskatuko digute. Klubarentzat zein zaleentzat oso denboraldi polita izango da.

“Aurten albistea ez da belar gainean egongo, harmailetan egongo da gehienbat”

Zaletuak harmailetara itzultzea pizgarri bat izango da klubarentzat?
Aurkezpen eguneko ekitaldian aipatu genuenez eta Racing taldearen aurkako partiduan ikusi genuenez, aurten albistea ez da belar gainean egongo, harmailetan egongo da gehienbat. Berriro zaletuak harmailetan ikusiko ditugu, taldearekin batera gozatzen eta Stadium Galaz disfrutatzen. Racingaren aurkako partidua polita izan zen, gol politak ikusi genituen eta zaletuekin batera ospatu ahal izan genituen.

Zeintzuk izango dira datozen aste eta hilabeteetan klubarekin loturik zaletuek atzemango dituzten lehen aldaketak?
Dagoeneko lanean hasi gara, klubean aurpegi berriak daude eta Real Union eguneratzeko jo eta ke ari gara lanean. Izan ere, gauza asko eguneratu behar dira. Hemendik hilabete batzuetara aurrean ikusten dugun zelai honek beste itxura bat izatea espero dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude