Uxue Sansiñena musikariak Dudamel fundazioak antolatutako musikarien Europako Topaketan parte hartu du. 12 nazionalitatetako musikariekin partekatu du agertokia egia bihurtutako amets honen barnean. Hala ere, aurretik musikari gazteen orkestretan izandako esperientzia oso baliagarria izan zaio erronka berri honi aurre egiteko. Kontrabaxistak azaldu duenez oso esperientzia aberasgarria izan da.
Musikarien familia batean jaio eta hazi zarela ikusita, erraza da musikarekin duzun lotura ulertzea?
Bai. Txikitatik musika ama-hizkuntza izan da niretzat, euskara edo gaztelania bezala. Nire familiari esker etengabe musikaz inguratuta egon naiz. Hitz egiten ikasi aurretik, musika entzuten ikasi nuela uste dut.
Instrumentua aukeratzeko unean, zergatik aukeratu zenuen kontrabaxua?
Ez neukan argi zer instrumentu aukeratu, denak gustatzen zitzaizkidalako. Egun batean, Irungo Kontserbatorioan kontrabaxua ikusi eta entzutean, maitemindu egin ninduen eta oso argi izan nuen aukeratutako instrumentua zela.
Noiz izan zenuen argi zure bizitza musikari eskaini nahi zeniola?
Kontrabaxua ikasten hasi nintzenetik konturatu nintzen gehien gustatzen zitzaidana zela eta musikatik bizi nahi nuela.
Orain arte zein da musika arloan jaso duzun prestakuntza?
Irungo Kontserbatorioan profesional maila egin nuen eta aurten Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan Goi Mailako gradua amaitu dut. Urte hauetan zehar hainbat orkestra gazteekin jo dut, hala nola JOL (Leonesa Gazte Orkestra), JMJ (Gazteen Mundu Jardunaldiko Orkestra), EIO (Euskadiko ikasleen Orkestra), EGO (Euskadiko Gazteen Orkestra), JONDE (Espainiako Gazte Orkestra Nazionala) eta Gustavo Dudamelek antolatutako Europako Topaketa. Gainera, orkestra profesionalekin ere jo izan dut, hala nola Sasibil, Euskdivarius orkestra, Ma non troppo orkestra, OCP (Iruñeko Orkestra), Opus Lírica, Gasteizko Udal Musika Banda eta OSN (Nafarroako Orkestra Sinfonikoa).
Nola sortu zen Gustavo Dudamelek antolatutako Europako Topaketetan parte hartzeko aukera?
Euskadiko Gazte Orkestraren bitartez bideo bat aurkeztu nion Dudamel Fundazioari sarbide-proba egiteko, eta onartua izatea lortu nuen horrela. Eskerrak eman behar dizkiot EGOri aukera hau emateagatik eta bereziki, Germán Ormazábal, Ruben Gimeno eta Auria Etxeandiari.
Nolakoa izan zen aukeraketa prozesua?
keztu nuen. Bideo horretan kontzertu libre baten mugimendu bat jo behar izan nuen, nire kasuan Sergei Koussevitzkyren kontrabaxurako kontzertua. Baita ere zenbait orkestrarako pasarteak aurkeztu nituen. Bideo hori, beste guztiekin batera, Gustavo Dudamelek eta bere taldeak ikusi zuten. Aukeratua izateko zortea izan nuen. Ezin nuen sinetsi, egia bihurtutako ametsa!
Aurretik bestelako orkestratan parte hartu izanak erronka berri honetan lagundu dizu?
Maila oso altua izan da, baina diozun bezala, beste gazteen orkestra batzuekin izan dudan esperientziak lagundu dit Dudameleko Orkestrarekin proiektu honi ondo aurre egiteko.
Nolakoa izan da Gustavo Dudamelen mailako zuzendari baten aginduetara lan egitea?
Harrigarria! Bere apaltasunetik hasita, lehen egunetik orkestrak betidanik elkar ezagutuko bagenu bezala jotzea lortuz, bere irakaspen guztiak transmititu dizkigun jakituriara arte. Adibidez, berarekin egindako lehen entsegu egunean hori gertatu zen, orkestra hasieratik entzun zen txundigarri, bizitza osoan elkarrekin jo izan bagenu bezala. Hori lortu zuen bere apaltasun eta energiarekin, hasieratik bibrazio onak transmitituz. Oso pertsona hurbila eta atsegina da. Zuzentzen hasten denean, harrigarria da orkestratik lor dezakeena.
Gustavo Dudamelez gainera, maila goreneko irakasleekin lan egiteko aukera izan duzu?
Bai, kontrabaxu-jotzaileok Christopher Hanulikekin lan egin dugu topaketan, Los Angeleseko Orkestra Filarmonikoko kontrabaxu-bakarlariarekin. Gainera, Simon Bolivar Orkestrako bakarlariekin eta Vienako Orkestra Filarmonikoko kontzertinoarekin ere lan egin ahal izan dugu. Luxu handia izan da irakasle horiekin guztiekin lan egin ahal izatea.
Beste herrialde batzuetako musikariekin esperientzia partekatzea aberasgarria izan da?
Oso aberasgarria izan da. 12 nazionalitateko musikariak ginen (Kolonbia, Venezuela, Peru, Uruguai, Argentina, Mexiko, Bolivia, Ameriketako Estatu Batuak, Nikaragua, Txile, Portugal eta Espainia) eta horrek aberastu egin nau, musikalki ez ezik, kulturalki ere. Primeran moldatu gara eta esperientzia handia izan da.
Non edo nola ikusten duzu zure burua etorkizunean musikari bezala?
Lehenengo Musikeneko masterra egin behar dut eta bukatzerakoan atzerrira ikastera joan nahi nuke musika ezagutzak zabaltzera. Orkestra handi batean jo nahiko nuke, mundu osoan zehar kontzertuak emanez. Kontserbatorio batean ere emango nituzke klaseak, irakaskuntza ere gustatzen zaidalako.