Irungo Udalak irailean ekingo dio hiriko adinekoentzako isolamendu prebenitzeko programaren bigarren faseari

Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi du datozen egunetan abian jarriko dela adinekoentzako isolamendua prebenitzeko urteko programaren bigarren fasea, 2021eko edizioaren barruan. Azken urteotan egiten ari den ekimen bat da, eta udalerrian bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonentzako da nagusiki.

David Nuño ordezkariak azaldu duenez, “programa hau funtsezkoa da, Irungo adineko pertsonek jakin dezaten Irunen zer zerbitzu eta jarduera egiten diren, eta are gehiago une honetan, zeren COVID-19aren pandemiak hilabete hauetan guztietan gehien ukitu duen kolektiboetako bat baita. Baliabide hau oso baliotsua da prebenitzeko kontuan ere, zeren isolamendu sozialeko arriskuaren adierazleak atzematen laguntzen baitu. Gaia gaurkotasun handikoa da, eta udala aspalditik ari da zaintzen”.

Programa horren bidez, Gizarte Ongizate arloan dagoen informazio guztia ematen zaie pertsona horiei. Aurten, Irunen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako 282 lagun bildu dira programara, eta, beraz, batez ere horiek jasoko dute programan parte hartzeko aukera dutela adierazten zaien gutuna. Urtarrilean, 159arekin jarri ziren harremanetan, eta irailean, 123.

Programa abian jartzeko, gutun bat bidaltzen da, eta asmoa da idatzizko komunikazio horren bidez pertsona horiek programaren xehetasun gehiago jakitea, eta, era berean, gehiago jakitea udalak adinekoentzako baliabideen gaian bultzatzen dituen gainerako ekimenei buruz ere. Gutun hori jasotzen dutenean, Gizarte Ongizate departamentuko langile bat harremanetan jartzen da pertsona horiekin, hitzordu bat jartzeko, elkarrizketa pertsonal bat egite aldera. Bisitarik nahi ez dutenek aurretiko dei horretan bertan jakinaraz diezaiokete deitzen dienari, edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarekin harremanetan jarri, idatziz edo telefonoz (010 / 943505152).

Pertsona gehiagorengana iristeko errefortzua

Iaz bezala, aurreko urteetan –kasu honetan 2018an– arrazoia edozein izanik ere programa horretan parte hartu ez zutenei ere bidaltzen zaie gutun hori, zeren denbora pasa ahala interesatuta egon bailitezke. “Pertsona horien egoera agian aldatu egin da. Horregatik, uste dugu interesgarria litzatekeela berriz ere aukera eskaintzea gutxienez zer baliabide dauzkagun jakin dezaten eta, nahi badute, laguntza horiek jaso ditzaten”, adierazi dute Gizarte Ongizatetik.

Urtero, programa horretako zati esanguratsua izaten da tailer espezifiko bat egitea isolamendu sozialaren arrisku-egoeran daudela antzemandako pertsonekin lan egiteko. “Trebetasun kognitibo eta sozialak sustatzea” izenburuarekin, Iraso zentro sozialean, Palmera Monteron eta Lekaeneko apartamentuetan egiten da tailerra.

2020an

Iazkoan, pandemiak asko baldintzatutako balantzea izan zen. Harremanetan jarritakoen artetik, guztira, 38 pertsona elkarrizketatu ahal izan dira (30 emakume eta 8 gizon), 22 etxe partikularrean eta 16 Palmera Monteron. Elkarrizketatuen % 47,36k une horretan beharrak aseta zituzten, %18,42k narriadura kognitiboa izan zezaketen eta %23,68k, harreman sozialen falta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude