‘Erosi eta ikasi’ laguntzak eskatzeko azken txanpa

Berriro ere martxan da familiek Irungo dendetan eskola-materiala erostea sustatzeko Erosi eta ikasi” laguntza-deialdia. Diruz lagunduko diren gastuak aurreko urteetako berdinak izango dira eta diru-laguntza eskatu ahal izateko fakturak aurkeztea ezinbestekoa izango da. Uda honetako programa Irunen erroldatutako umeak dituzten familiei zuzentzen zaie eta Derrigorrezko Hezkuntzan, hau da, Lehen Hezkuntzan eta DBHn, izango dira hartzaileak.

Ondorengo gastuak diruz lagunduko dira: idazteko materialak, suntsikorrak edo ez suntsikorrak, hala nola koadernoak, orriak eta abar, sailkagailuak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, bizkar-zorroak, testu-liburuak eta abar. Ikastetxeetako uniformeak edo Gorputz Hezkuntzarako arropa zein oinetakoak, eskulanetako elementuak, Arte Hezkuntza, Hezkuntza Plastikoa eta Bisuala, Teknologiak edo Musika (argizariak, olioak, margoak, pintzelak). Diruz lagundu ahal izango diren gastuak eskola-materialak erosteagatik sortuak izango dira, eta betiere Irungo saltokietan edo ikastetxeetan erosiak 2021eko ekainaren 22tik irailaren 30era bitartean. Hor sartzen dira baita ere COVID-19 pandemiak ikastetxera joateko ere derrigorrezko bihurtu dituen elementuak, alegia, maskarak eta hidrogelak.

Diru-laguntza horiek emateko, iaz bezala, hiru tarte egongo dira, eta tarte horiek errentaren araberakoak izango dira; hau da, familiak duen diru-sarreren arabera baliteke norbait deialditik kanpo geratzea, laguntzaren zati bat kobratu ahal dutenak eta %100 jasoko dutenak ere bai. Tarte bakoitzeko laguntzak, aurreko ekitaldiarekin alderatuz, mantendu egiten dira eta 125, 100 edo 75 euro izango dira.

Eskaera egiteko prozedura sinplifikatu egin da, familientzat tramitea egitea errazagoa izan dadin. Eskaria IrunTxartelarekin egiten da Irungo Udalaren Egoitza Elektronikoaren bitartez. Autozerbitzu terminaletan (HAZ bulegoko sarreran San Martzial karrikan, Palmera-Montero gunean, Anaka eta Kateako Kutxabank bulegoetan) ere egin ahal izango da.

Horretarako, aski izango da erosketako fakturak edo tiketak eskura izatea (ez da beharrezkoa eranstea) eta laguntza jasotzeko erabiliko den kontu zenbakia ere bai. Covid-19 pandemiak eragindako egungo egoera kontuan hartuta, gomendatzen da eskaera egiteko azken unera arte ez uztea. Era horretan, pertsona asko elkartzea eta jende pilaketak gertatzea saihesteko irailean tramiteak egiteko garaian.

Kudeaketan arazoren bat duten haiek 010 edo 943 505152 telefono zenbakira dei dezakete eta online tramitazioan lagunduko diete. 010 telefono-zenbakiaren harrera ordutegia ondorengoa da: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan 08:30etik 13:30era.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude