Uxue Azkaratek irabazi du GazteARTEan Bekaren bosgarren edizioa

Irungo Udaleko Gazteria arloak jakinarazi du Uxue Azkaratek irabazi duela 2023ko deialdiko GazteARTEan beka. Ikertzaile, irakasle eta artista bisualak sare sozialetan nerabeen autoirudia sortzea izango du aztergai. Gainera, hezkuntza artistikoaren bidez horri nola heldu landuko du ikuspegi kritiko batetik.

Besteak beste, honako helburu hauek planteatzen ditu Uxue Azkaratek: sare sozialetan edertasun-selfieak eta -iragazkiak erabiltzearen ondorioak agerian uztea, nerabeek egunero ikusten dituzten irudien aurrean gaitasun kritikoa sustatzea eta ikusizkoaren hezkuntza sortzea.

2023ko deialdia bekaren bosgarren edizioa izan da. Beka 35 urtetik beherako gazteei zuzenduta dago.  Guztira, 6 proiektu aurkeztu dira 2023ko deialdira.

GazteARTEan

GazteARTEan bekaren helburua da haurrak, nerabeak eta/edo gazteak gai nagusi gisa hartzen dituen ikerketa-ekintza proiektu bat garatzen laguntzea. Gainera, balioetsi egiten dira ikerketa edo ekintza garatzerakoan Irungo gazteen parte-hartze zuzena eta aktiboa sustatzen duten proposamenak.

Epaimahai baten balorazioan oinarrituta aukeratzen da proposamen irabazlea. Epaimahai hori gazteen, nerabeen eta haurren alorrean prestigioa duten adituek eta udaleko Gazteria Zerbitzuko langileek osatzen dute.

GazteARTEan bekak 8.000,00 euroko aurrekontua du, eta proiektu irabazlea garatzeko erabiliko da. Aurreko edizioetako ikerketa-proiektuak eskuragarri daude Gazteartean webgunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude