Irunek belaunaldi desberdinen arteko harremanak estutuko ditu apirilaren 29an

Irungo Udalak egitarau zabala prestatu du apirilaren 29an ospatzen den Belaunaldien Arteko Elkartasun eta Lankidetzaren Europako Eguna dela eta. Gorka Álvarez eta Josu Iguiñiz ordezkariek astelehen honetan azaldu dituzte ekimenaren xehetasunak.

Giza Eskubideen, Memoria Demokratikoaren eta Garapenerako Lankidetzaren arloak hitzaldi interesgarri bat antolatu du: “Brecha digital. ¿Separación o cooperación? ¿Cada vez más conectados/as o más solos/as?”. Saioa datorren asteazkenean, apirilaren 29an, izango da Plaiaundi Institutuko areto nagusian, goizeko 11:30ean. Jarduera hau “Balioen Loratzea” programaren barruan kokatzen da.

Arrakala digitala hizpide Plaiaundin

Topaketa honen helburu nagusia egungo gizarte-egoerari buruzko hausnarketa egitea da, teknologiek harremanetan eta parte-hartzean izan duten eragina aztertuz. Arrakala digitala ez da soilik tresnak izatea, baizik eta horiek erabiltzeko konfiantza eta esperientzia izatea ere bai. Horrela, jardunaldiak gogoeta kritikoa sustatu nahi du, herritarren rol aktiboa indartu eta gazteen gaitasun digitalen eta adinekoen bizi-esperientziaren arteko trukea ahalbidetu.

“Normalean, arrakala hau belaunaldiak banatzen dituen elementutzat jotzen da. Hala ere, ikuspegi eraikitzaile batetik, ezagutza trukatzeko eta harreman esanguratsuak sortzeko aukera bikaina da”, adierazi du Gorka Álvarezek.

Musika eta joskintza belaunaldiak batzeko

Bestalde, Gizarte Ongizateko arloak arratsalderako bi ekimen berezi prestatu ditu, biak 17:30ean. Alde batetik, Irungo Musika Eskolako ikasleek kontzertua eskainiko dute Kateako Adinekoentzako Gunean, sarrera doan delarik lekua bete arte. Bestetik, Sonia Ruiperezek belaunaldien arteko josketa tailerra gidatuko du motxila bat josteko; kasu honetan, izen-ematea udal webgunean (www.irun.org) egin behar da.

Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak azpimarratu duenez, ekintza hauen xedea belaunaldien arteko lankidetzaren inguruan sentsibilizatzea da, kohesio sozialerako tresna gisa. Iguiñizen hitzetan, funtsezkoa da adinekoen esperientziari balioa ematea eta adin guztiak errespetatuko dituen gizarte bat eraikitzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude