Lau tailer eskainiko ditu Bizi Gogoz programak urteko lehen seihilekoan zehar

Bizi Gogoz programak prest du urteko lehen seihileko programazioa. Guztira, 4 tailer eskainiko dira 60 urtetik gorako pertsonentzat. Gizarte Ongizate arloak antolatutako ekintzak aurkezteko prentsaurrekoa egin du gaur goizean eta bertan izan da  Josu Iguiñiz ordezkaria, Natalia Pérez arloko Adinekoen zerbitzuburua eta tailerretan irakasle jardungo duten Itziar Sistiaga, Raquel Calvo eta Sonia Ruiperez, hain zuzen.

Programa arloak antolatzen dituenetako jarduera egonkor eta gogobetegarrienetako bat da. 2023ko aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek hautatutako eskaera bati erantzuteko sortu zen eta 2024an abian jarri zenetik. Hiriko 60 urtetik gorakoei zuzendua dago eta askotariko jarduerak proposatzen dizkie, sormena sustatzeko eta ongizate mental eta fisikoa bultzatzeko helburuarekin. Programak jarduerak antolatzen ditu adinekoen espazioetatik kanpo, urte osoan zehar. Iaz 60 urtetik gorako 265 pertsonak parte hartu zuten ekintza horietan.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta interesdunek otsailarek 23tik martxoaren 1era arte eman dezakete izena, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) eta Udalaren egoitza elektronikoan. Uda ondoren aurkeztuko dira ‘Bizi Gogoz’ programaren baitan aurtengo udazkenean antolatuko diren tailerrak.

Josu Iguiñiz ordezkariak aipatu duenez, “programak adinekoengan duen eragina» nabarmendu du: «jardueren oso balorazio positiboa helarazten digute. Ariketa artistiko, musikal eta fisikoen bidez, erabiltzaileen ongizate mentala indartzen dugu. Hori dela eta, arloarentzat oso garrantzitsua da ‘Bizi Gogoz’ programa. Izan ere, tailerretan askotariko helburuak dauzkagu, hala nola ikaskuntza eta jakin-mina sustatzea bizialdi osoan, berdinen arteko parte-hartzea bultzatzea eta babes-sareak sortzea”.

4 tailer aukeran

‘Bizi Gogoz’ programaren barruan urteko lehen seihilekoan eskainiko diren tailerrak Palmera Montero gunean egingo dira. Guztira, 4 tailer antolatu dira.

‘Bazen behin nire bizitza’ idazketa autobiografikoko tailerrak nork bere bizitzaren liburua idazteko aukera eskainiko du, denbora-lerro batetik abiaturik autobiografia bat osatuz. Itziar Sistiaga idazleak jardungo du irakasle, eta 15 saiotan antolatu da tailerra. Idazteko ariketak egingo dira, iraganeko pasarteak gogora ekartzeko, orainari buruz idazteko eta etorkizuna eraikitzeko. Parte-hartzaileek zenbait idazketa-teknika ikasiko dituzte, gramatika eta ortografia hobetuko dute eta istorioak eta bizipenak partekatu dituzte elkarrekin, nork bere ahotsarekin. Bi astelehenetik behin izango dira saioak, 17:00etatik 19:00etaram martxoaren 2aren eta abenduaren 14aren artean.

+60 ART ‘Emakume artistak: Ruth Asawa’ tailerrak artean interesa duten 60 urtetik gorakoek askotariko korronte artistikoak eta artista esanguratsuak ezagutuko dituzte, Artean Espazioko Junkal Alfonso artistak zuzenduta. Arte plastikoen munduan hastear daudenei eta dagoeneko jarduera artistikoan sarturik daudenei zuzendutako tailerra da, eta ikusgarritasuna ematen die emakume artistei, hala nola Ruth Asawa japoniar jatorriko eskultore estatubatuarrari. Horretarako, bizitzan eta giza esperientzian ardaztutako begirada bat baliatuko dute, material irisgarriak erabilita eta natura eta egunerokotasuna inspirazio-iturri gisa ulertuta. Martxoko astearteetan izango dira saioak, 17:00etatik 19:00etara, eta Bilboko Guggenheim Museoa bisitatzeko irteera bat ere antolatu da martxoaren 26rako (osteguna), Ruth Asawaren erakusketa bat ikusteko.

+60 sexualitate tailerrean harremanak eta sexualitatea ikertzeko gonbita luzatuko die Raquel Calvo sexologoak tailer honetako parte-hartzaileei. Taldeko sei saiotan, askotariko edukiak proposatuko dizkie zenbait dinamikaren bidez kontzeptu teorikoak lantzeko, ikuspegi natural eta dinamikoa erabilita, betiere sexualitatearen hainbat ikuspegiren berri emateko. Kontzeptu eta sentsazio batzuk poliki-poliki ulertzea eta barneratzen saiatzea da helburua, sexualitatea edo sexualitateak askatasunetik eta errespetutik bizitzeko. Banako edo binakako saioak ere eskainiko zaizkie tailerreko parte-hartzaileei. Apirilaren 17an eta ekainaren 12an izango dira saioak, ostiralarekin, 17:00etatik 19:00etara.

Sonia Ruiperez prestatzaileak “Belaunaldiarteko joskintza pilula: Bizkar-zorroa:” tailerra emango du apirilaren 29an, 17:30etatik 19:30etara, Belaunaldiarteko Elkartasunaren Egunean, hain zuzen. Belaunaldiarteko jostura pilula bat proposatuko du, 60 urtetik gorakoek eta gazteek bizkar-zorro bat egin dezaten elkarrekin, oihalak berrerabilita. Saioak hainbat helburu ditu, hala nola ikaskuntza partekatzea, hondakin gutxiago sortzea eta planeta zaindu beharraz jabetzea. Jardueran, familiek josteko makinak erraztasunez eta segurtasunez erabiltzen ikasiko dute, eta saioa amaitzean etxera eramango dute bizkar-zorro dotore bat josiko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude