Ahalduntze Eskolak eta Eskola Feministak 2025eko udazkenean zehar eskainiko dituzten ikastaro eta tailerrak aurkeztu dituzte gaur. Antolatutako jardueretan interesa dutenek, irailaren 3tik 16ra arte eman ahalko dute izena, Irungo Emakumeen Etxean bertan edo online, Udalaren webgunean. Berdintasun Zerbitzuak gogorarazi duenez, emakume bakoitzak hiru ikastaro eta/edo tailerretan eman ahalko du izena gehienez, eta Irunen erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dute.
Aurkezpen ekitaldia Irungo Emakumeen Etxean eginda da, etxearen kudeaketaz arduratzen den elkarteak antolatutako jarduerak dira eta. Bertan izan dira Maite Cortina Irungo Udaleko Berdintasunerako eta LGTBIQ+ Eskubideetarako ordezkaria, baita Irungo Emakumeen Etxea Elkarteko ordezkariak. Era berean, ikastaro eta tailerretako hezitzaile batzuk izan dira aurkezpenean, hala nola Sandra Piñeiro, Isabel Allende, Erroak-Sartu prestakuntza zentroko ordezkari Teresa Castro, Sonia Ruipérez eta Nerea Almazán, zeinek, jarduerak azaltzeaz gain, emakumeak horietan parte hartzera animatu dituzten.
Ekintzen eskaria toki kopurua baino handiagoa bada, zozketa bat egingo da, jendaurrean, Emakumeen Etxean bertan, izena emateko epea bukatu eta hurrengo egunean; hau da, irailaren 17an, 10:00etan. Era berean, jardueraren batean izena emandakoen kopurua gutxienekora iristen ez bada, izena emateko epea luzatuko da, gutxienekoa osatu arte edo dena delako jarduera hasi baino astebete lehenagora arte. Behin ikastaro eta tailerrak hasita, ez da onartuko parte hartzaile gehiagorik.
Maite Cortinak “Ahalduntze Eskolako eta Eskola Feministako programazioaren aniztasuna” nabarmendu du: “Bi zerbitzuak finkoak dira dagoeneko Berdintasun Zerbitzuaren programazioaren barruan, eta parte hartzea gero eta handiagoa da. Izan ere, elkartzeko aukera ematen diete emakumeei, eta denek batera hainbat gai lantzeko aukera: enplegu bilaketa, amatasuna, elikadura… Irungo Emakumeen Etxea erreferentzia bihurtu da emakume askorentzat, eta jarduerak generoaren ikuspegitik antolatzen jarraituko dugu”.
Ahalduntze Eskola
Ahalduntze Eskolak euskal mitologiari buruzko tailer trinko bat eskainiko du, urriaren 15etik 17ra bitartean, goizetan, Carmen Barruecoren eskutik; hausnarketa kolektiboa eta autoezagutza konbinatuko dituen tailer bat, azaroaren 3tik 17ra bitartean, hiru saiotan, Izaskun Suberbiolaren eskutik; eta iruzurtiaren sindromeari buruzko saio bat, azaroaren 13an, 17:00etan, Isabel Allenderen eskutik.
Gainera, bost ikastaro emango ditu: “Bidea eraikitzen: lana bilatzeko gakoak” (hamabi saio, gaztelaniaz, irailaren 26tik abenduaren 19ra bitartean, Erroak-Sartu elkartearen eskutik), “Familiak, feminismotik” (sei saio, euskaraz eta gaztelaniaz, urriaren 7tik abenduaren 16ra bitartean, emakumeentzat, gizonentzat eta pertsona ez-binarioentzat), “Gorputzaz harago” (bost saio, gaztelaniaz, abenduaren 3tik urtarrilaren 14ra bitartean, Sandra Piñeiroren eskutik), “Fanzine feminista” (lau saio, gaztelaniaz, urriaren 14tik azaroaren 4ra bitartean, Teresa Castroren eskutik) eta “Eskatzen eta negoziatzen ikastea” (lau saio, gaztelaniaz, urriaren 13tik azaroaren 3ra bitartean, Isabel Allenderen eskutik).
Eskola Feminista
Eskola Feministak, berriz, bost tailer emango ditu: “Ahotsak askatzen” (hamabi saio, gaztelaniaz, irailaren 26tik abenduaren 19ra bitartean, ostiral arratsaldeetan, Ana San Joséren eskutik), “Joskintza jasangarria” (bost saio, irailaren 30etik azaroaren 25era bitartean, Sonia Ruipérezen eskutik), “Queer topaketak” (azaroaren 27tik abenduaren 18ra bitartean, Nerea Almazánen eskutik, emakumeentzat, gizonentzat eta pertsona ez-binarioentzat), “Eguneko menua” bazkalondoko literatura tailerra (lau saio, hilean behin) eta “Barreterapia: barre egin, bizitzeko” (saio bat, azaroaren 6an, goizez edo arratsaldez, Ana Eguiazábalen eskutik).
Ikastaro eta tailerrak doakoak izango dira, eta Emakumeen Etxean bertan egingo dira.
Udalaren webgunean sakondu daiteke informazioa.
Elkarrizketa feministak
Irungo Udalaren eta Irungo Emakumeen Etxea Elkartearen arteko hitzarmenaren esparruan, beste jarduera batzuk programatu dira, hala nola Elkarrizketa Feministak eta, berauen barruan, “Bingo feminista”, Garazi La Fantasyren eskutik, irailaren 12an, 18:30ean, eta Lola, Lolita, Lolaza dokumentalaren emanaldia (Mabel Lozano), urriaren 17an, 18:30ean, Amaia Kultur Zentroko auditoriumean, Bularreko Minbiziaren kontrako Munduko Egunaren harira.
Beste jarduera batzuk
Udaleko Berdintasunerako eta LGTBIQ+ Eskubideetarako Zerbitzuak beste jarduera batzuk iragarri ditu udazkenerako; tartean, hitzaldi hauek: “Fanzinea, aldarrikapen arma”, urriaren 9an, Ane Arzelusen eskutik; “Pentsamendu magikoaren basoa, izena duenak izana badu”, urriaren 13an, Carmen Barrueco eta Helga Massetaniren eskutik; eta “Elikadura nahasmenduak”, azaroaren 26an, Sandra Piñeiroren eskutik. Gainera, emakumezko artista eta sortzaileak errekonozitzeko eta ospatzeko jardunaldi bat egingo da, urriaren 23an, Kultur Femme programarekin batera, Emakumeen Etxean bertan.
Topaguneak
Aurreko urteetan bezala, Irungo Emakumeen Etxeak hainbat topagune jarriko ditu emakume irundarren eskura: “Komunikazio positiboa eta autoestimua”, asteazkenetan; “Partekatu, eraldatu, jarraitu…”, asteazkenetan; eta “Gure artean”, ostegun eta ostiraletan. Ikasturte osoan biltzen diren emakume taldeak dira, hainbat gai jorratzen dituztenak.
Topaguneetan parte hartu nahi duten emakumeek izena eman behar dute, Emakumeen Etxera joanda edo Etxera bertara deituta, 943 505 505 telefono zenbakira. Interesa dutenek urte osoan eman dezakete izena.
Etxea, haratago
Ohikoa denez, Irungo Udalaren eta Irungo Emakumeen Etxea Elkartearen arteko hitzarmenaren esparruan, Irungo Emakumeen Etxea hiriko auzoetaraino iritsiko da: bakarrizketa ibiltari entretenigarri eta dibertigarri baten bidez, zer den azalduko du, nola funtzionatzen duen, zer eskaintzen duen… Hurrengo funtzioa irailaren 19an izango da, ostiralarekin, Erdialdeko auzo elkartearen egoitzan, Ana Eguiazábal dinamizatzailearen eskutik.
Aholkularitza
Emakumeen Etxeak Irunen erroldatutako emakumeentzako hiru aholkularitza zerbitzuak eskaintzen jarraituko du, betiere hitzordua eskatzen dutenentzat: aholkularitza juridikoa, aholkularitza sexuala eta tituluak homologatzeko aholkularitza. Gainera, bizimodu aktiboa eramateko eta jarduera fisikoa egiteko orientabidea emango du.
Haurtzaindegi zerbitzua
Haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da Etxeko jarduerek irauten duten bitartean, eta, horri esker, aita-amek eta tutoreek lasaitasun osoz parte hartu ahalko dute jardueretan, seme-alabak ondo zainduta daudela jakinda. Haurrek 4 urtetik 12 urtera bitartekoak izan behar dute, eta zerbitzua doakoa da.



