Eskola Feministak bost ikastaro eta tailer trinko eskainiko ditu udazkenerako

Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxeko Elkarteak (ACMI) adostutako kudeaketa hitzarmenaren esparruan, Nuria Alzaga Irungo Udaleko Berdintasun ordezkaria, Maribel Castello, Pilar Revuelta eta Ana Calzado, ACMIren ordezkari gisa, Emakumeen Etxean bertan bildu dira gaur, udazken honetarako Eskola Feministaren programazioa osatzen duten ikastaroak eta tailerrak aurkezteko. Eskarne Alberdi eta Malen Turrillas izan dira bertan, tailerretako gidarietako batzuk.

Beren autonomia eta bizi-kalitatea hobetzeko eta indartzeko,  Irungo emakumeek programa bikain bat gozatu ahal izango dute (elektrizitate-tailer bat, kantu-talde feminista, dantza-terapia…). Ikastaro eta tailer guztiak doakoak izango dira eta, nagusiki, Emakumeen Etxean egingo dira.

Nuria Alzaga Berdintasuneko ordezkariak zera esan du, “Joan den irailaren 2an Ahalduntze Eskolaren programa aurkeztu ondoren, Irungo Emakumeen Etxeak udazken honetako programazioa Eskola Feministaren ikastaro eta tailerrekin osatuko du, emakume irundar guztien bizi-kalitatea eta ongizatea babestu eta indartzeko asmoz”.

Bestalde, Maribel Castellok, ACMIren ordezkari gisa, Irungo Emakumeen Etxea kudeatzeko lankidetza-hitzarmenaren balioa azpimarratu du. Hitzarmen horri esker, aurten ere Eskola Feministaren programa “aurrera atera” da, “Irungo Auzoetako Emakumeen Etxea” bezalako berrikuntzekin. Ekimen horri esker, Emakumeen Etxeak hiriko auzoetan duen garrantzia eta programa zabaldu ahal izango da, clown erako bakarrizketa baten bidez.

Izen-emateak

Eskola Feministan ikastaro eta tailerretan izena eman nahi duten emakumeek gaurtik irailaren 30era arte izango dute horretarako aukera. Irungo Emakumeen Etxean bertan eman ahal izango da izena, edo online ere bai, honen bidez.

Berdintasun-arlotik gogorarazi dute emakume bakoitzak gehienez bi ikastaro/tailerretan izena eman ahal izango duela eta lehentasuna izango dutela Irunen erroldatutako emakumeek. Adierazi dute, baita ere, ikastaroak edo tailerrak bertan behera geratuko direla jarduera egiteko gutxieneko jende-kopururik ez badago. Ordea, eskainitako toki-kopurua baino eskaera gehiago baldin badago, zozketa egingo da jarduera bakoitzean dauden tokiak esleitzeko.

Hona Eskola Feministaren eskaintza osoa, banakatuta:

  • Kantu-talde feminista. Tailer honen xedea da kantu-talde bat sortzea Irungo Emakumeen Etxean. Guztira, 9 saio izango dira, Arima tailerrak gidatuak eta urriaren 11tik azaroaren 20ra egingo dira. Saioak ostiraletan izango dira, urriaren 18an izan ezik, 18:00etatik 20:00etara, gaztelaniaz.
  • Txinparta morea: autosufizientziarako elektrizitate-tailerra. Tailer honetan izena ematen duten emakumeek etxeko sistema elektrikoaren inguruan konponketa errazak egiteko beharrezko ezagutzak eta tresnak eskuratuko dituzte. Guztira, 8 saio izango dira eta prestatzailea Bidasoa LHII izango da. Tailerra urriaren 22tik azaroaren 14ra egingo da, astearte eta ostegunetan 17:00etatik 19:30era. Tailer hau Bidasoa LHII ikastetxeko instalazioetan emango da, elebitan.
  • Txirigota feministak: Cadizeko txirigoten adibide musikal feminista erreferentziatzat hartuta, tailer honetan parte hartzen duten emakumeek euskal tradizioan inspiratutako inauteri-testu kolektibo interaktibo bat sortzen ikasiko dute. Guztira, 2 saio izango dira, Katerina Sergidouk gidatuak eta urriaren 24an eta 25ean egingo dira, 17:00etatik 20:00etara, gaztelaniaz.
  • Dantzaterapia: Dantzaterapiako saioek modu atsegin eta desberdin batean lagunduko dute parte hartzen duten emakumeek beren emozioak adieraz ditzaten, beren gorputzarekin berriro konekta dezaten, identitatea berreraiki dezaten eta erresilientzia indar dezaten. Guztira, 3 saio egingo dira, Mariren Alabak gidatua. Urriak 25ean eta azaroaren 15ean eta 29an egingo dira, 16:00etatik 18:00etara gaztelaniaz.
  • Gutxiago epaitu eta gehiago besarkatu zure burua: Saioetan, emakumeek besteak zaintzeko “normaz” hartzen dituzten kargek sortzen duten ondoez emozionala ikertuko dute, eta ikusiko dute ondoeza partekatua dela eta begirada feminista batetik aurre egin behar zaiola. Guztira, 3 saio Mariren Alabak gidatuak. Azaroak 15ean eta 22an eta abenduren 13an egingo dira, 12:00etatik 13:30era gaztelaniaz.

Emakumeen Etxea Irungo auzoetan

Eskola Feministaren programaren barruan, “Emakumeen Etxea Irungo Auzoetan” ekimenak Emakumeen Etxearen garrantzia eta programa zabaltzea ahalbidetuko du, clown gisako bakarrizketa baten bidez. Horri esker, bertaratzen diren pertsona guztiek aukera izango dute Emakumeen Etxea ezagutu eta hobetzeko proposamenak helarazteko. Azaroaren 8an izango da hitzordua San Migueleko adinekoentzako lokalean. Showa ele bitan izango da.

Euskal Herriko jaiak, jomugan

Irailaren 25ean “Aldaketa sozialak eta kulturalak Euskal Herriko jaietan ikuspegi feministatik” hitzaldia eskainiko dute Maggie Bullen antropologoak eta Mertxe Tranche ikertzaile eta BAEko kideak. Hitzaldia Emakumeen Etxean bertan izango da.

Azkenik, Eskola Feministak lan berezi eta diskretu bat jarri nahi du martxan urte osoan genero-indarkeria jasan duten emakumeekin. Ekimen delikatua da, eta interesa duten emakumeek informazioa jasoko dute soilik Irungo Emakumeen Etxe berera joaten badira edota telefonoz deituta, 943 505 505 zenbakira.

Haurtzaindegi-zerbitzua

Ikasturte honetan ere, haurtzaindegi-zerbitzua eskainiko da Etxeko jardueretan, eta, horri esker, emakumeek lasaitasun osoz egin ahal izango dituzte jarduerak, jakinda seme-alabak (4 urtetik 12ra bitarte) ongi zainduta egongo direla.  Zerbitzua guztiz doakoa izango da.

Haurtzaindegi-zerbitzua erabili nahi izanez gero, webgunean eska daiteke, izena emateko orrian.

Gainera, Berdintasun arlotik, gogorarazi dute Irungo Emakumeen Etxean aholkularitza-zerbitzuak daudela.

  • Aholkularitza juridikoa: Irungo Emakumeen Etxeak aholkularitza juridikoaren zerbitzua jartzen du emakumeen eskura, familia-eskubidea, lan-zuzenbidea, atzerritartasuna, genero-indarkeria eta generoari buruz egokitzat jotzen den beste edozein gai lantzeko. Zerbitzua astelehenetan emango da 16:00etatik 18:00etara. Cristina Ramos, Clara Campoamor elkarteko abokatuak emango du zerbitzua.
  • Sexu-aholkularitza: Irungo Emakumeen Etxean, emakumeek aukera izango dute norberaren edo bikoteen inguruan aholkularitza jasotzeko edo talde txikitan elkarrizketak egiteko, sexualitatearekin lotutako jakin-mina, kezkak, zalantzak eta ondoezak bideratzeko. Zerbitzua astelehen biz behin emango da, 17:00etatik 19:00etara, Elene Jimenez, Sexune Elkarteko aholkulariaren eskutik.
  • Tituluen homologazioa: Ikasketak eta prestakuntza-ibilbideak baliozkotzea, atzerrian ikasketak egin dituzten emakumeentzat. Hileko azken astearteetan, 16:00etatik 20:00etara, Bidez Bide Elkartearen eskutik.

Zerbitzuak erabili nahi dituztenek aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute, Irungo Emakumeen Etxera bertaratuta edo Etxera bertara deituta, 943 505 505 telefono-zenbakira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude