Cristina Laborda Irungo Udaleko Berdintasuneko ordezkariak Irungo Emakumeen Etxeak gaurtik aurrera eskainiko dituen zerbitzuen programa aurkeztu du. Irungo Emakumeen Etxea elkarteko ordezkariek ere udal ekipamendu berri honek eskainiko dituen zerbitzuen aurkezpean parte-hartu dute.
Cristina Labordak azaldu du urria hilabete zinez garrantzitsua izango da Emakumeen etxerako: “berriki aurkeztu genituen ahalduntze-eskolako ikastaroak abian jarriko dira eta, gainera, beste zerbitzu batzuk ere martxan jarriko dira, hiriko emakume guztiei zuzenduta”. Berdintasun ordezkariak gaineratu duenez, “emakumeen etxea martxa betean dago jada, hirian erreferentzia bihurtuta, Irungo emakumeek elkarrekin egoteko, jarduerak sustatzeko eta laguntzeko gune gisa”.
Aurretiko hitzordua
Arreta psikologo batek, hezitzaile batek eta abokatu batek osatutako diziplinarteko lantalde batek eskainiko du. “Zerbitzu hau abiarazita, Irungo Udalak irmo eusten dio gizarte-eraldaketako prozesuen aldeko konpromisoari eta lankidetzari, emakumeen eta haurren berdintasuna lortzeko, eskubideei, erantzukizunei eta aukerei dagokienez”, gaineratu du Cristina Labordak.
Zerbitzuak erabili nahi dituzten emakumeek hitzordua hartu behar dute aldez aurretik, dela telefonoz deituta, dela Emakumeen etxera bertaratuta. Emakumeen etxea astelehenetik ostiralera dago irekita, goiz eta arratsaldeko ordutegian: 9:30etik 12:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Harremanetarako telefono-zenbakia 943505505 da.
Beraz, hauek izango dira astelehenetik aurrera Istillaga plazako 8.ean dagoen Emakumeen etxean eskainiko diren zerbitzuak (eta bakoitzaren ordutegia):
«IGUALATE» zerbitzua
“Igualate” Ikasketak eta prestakuntza-ibilbideak homologatzeko aholkularitza zerbitzua da. Zerbitzu hau Irunen eskainiko da, hilabetean behin eta arratsaldez, oro har emakume migratzaileak joan ahal izan daitezen, zaintza-lanen eta etxeko lanen sektorean lan egiten dute eta.
Bi helburu nagusi ditu zerbitzuak. Batetik, migratzaileek atzerrian egindako ikasketak homologatu, baliokidetu eta/edo baliozkotzeko prozesuetarako aholkularitza eta jarraipena ematea, batik bat mendekotasuna duten pertsonak zaintzen eta etxeko zerbitzuan lan egiten duten emakumeei begira. Bestetik, prestakuntza-ibilbide indibidualetarako laguntza ematea, emakume migratzaileen autonomia pertsonala eta ahalduntzea sustatzeko.
Edukiei dagokienez, informazioa eta aholkularitza eskainiko da, atzerriko ikasketak Espainiako tituluekin homologatu, baliokidetu eta/edo baliozkotzeko prozesuari eta baldintzei buruz. Era berean, prestakuntza-ikastaroei buruzko informazioa eta aholkularitza (profesionaltasun-ziurtagiriak, lanbide heziketa eta unibertsitateko ikasketak) emango da: baldintzak, prozesuak eta ikasketa-zentroak.
Aholkularitza eta informazio pertsonalizatua emango da,Ikasketak homologatu, baliokidetu eta/edo baliozkotzeko prozesuen eta prestakuntza-ibilbideen jarraipena egitean gainera. Zerbitzua hileko azken asteartetan emango da 16:00etatik 20:00etara.
Emakumeentzako lege-aholkularitza
Zerbitzu honen bitartez lege-informazioa eta aholkularitza espezializatua emango zaie emakumeei, honako gai hauen inguruan: familiako zuzenbidea, laneko zuzenbidea (soziala eta gizarte-segurantza), atzerritartasuna, zigor-zuzenbidea (generikoa eta genero-indarkeriari buruzkoa), espetxe-zuzenbidea, izapideak egiteko aholkularitza (doako laguntza juridikoa nola eskatu, adibidez), eta generoa dela eta esanguratsua dela jotzen den beste edozein gairi buruzko lege-aholkularitza.
Zerbitzu honetan informazioa eta aholkularitza eskainiko da, baina ez da kasuen jarraipenik eta/edo izapidetzerik egingo. Emakumeentzako lege-aholkularitza zerbitzua astelehenetan eskainiko da 16:00etatik 18:00etara.
Sexu aholkularitzako zerbitzua
25 urtetik gorako emakumeei zuzendutako zerbitzua izango da Sexu aholkularitzarena. Emakumeen beharrak askotarikoak dira, emakumeak berak bezalaxe, eta zerbitzu hau banaka emango da.Zerbitzua hamabostean behin emango da, astelehenetan, 17:00etatik 19:00etara.
Garaitu zerbitzua
Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu publiko bat da. Arreta psikosoziala, sozioedukatiboa eta soziojuridikoa eskaintzen da indarkeria matxista edo sexu-erasoak egon direneko egoeretan. Zerbitzua berria da eta Gipuzkoako udalerri batzuetan baino ez da eskainiko, tartean, Irunen. Zerbitzu honen bidez arreta emango zaie Bidasoaldeko emakumeei (Irun eta Hondarribia).
Ahalduntze-eskola
Urritik hasita eta 2024ko otsailera arte, Irungo emakumeek aukera izango dute Emakumeen etxean bertan antolatuko den programa zabal eta erakargarriaz gozatzeko. Emakumeen etxeko proposamen horien artean dozena erdi ikastaro edo lantegi baino gehiago daude, ahalduntze pertsonal eta profesionala faboratzeko diseinatuak, bai eta intereseko suertatuko zaizkien zerbitzuak ere, gizarte justuago eta berdinzaleago baten alde egiten jarraitzeko.
Prozesu parte-hartzailea
Berdintasun ordezkariak nabarmendu du Emakumeen etxea martxan jartzea parte-hartze prozesu baten emaitza dela, instalazioaren erabilerak osatzeko antolatu zena.



