Irungo Emakumeen Etxea eraikuntza lanen azken fasean sartu da

Irungo Udala Emakumeen Etxea eraikitzeko sustatzen ari den lanak bisitatzera joan dira ostegun honetan Miren Echeveste Berdintasuneko ordezkaria eta Cristina Laborda Obretako ordezkaria. Hiriko ekipamendu berri hau Istillaga plazako 8.ean kokatuko da, Udalaren jabetzako 280 m2-ko lokal batean. Jarduketa gauzatzeko aurrekontua 466.690,87 eurokoa da, eta exekuzio-epea 6 hilabetekoa. Lanak Urbycolan SL enpresari esleitu zaizkio.

Echevestek esan duenez «duela hilabete pasatxo obra bisitatu genuen Berdintasun arloko teknikariekin, erosketa saileko eta Obra arloko ordezkariekin batera, lanak nola zihoazen ikusteko eta Emakumeen Etxearen espazioa bisualizatzeko, ezinbestekoa baitzen instalazio honek behar dituen altzariak eta ekipamenduak enkargatzeko. Orain, pozik ikusten dugu lanak erritmo bizian doazela, eta aurki Irungo Emakumeen Etxea ireki ahalko dugula, eta edukiz betetzen hasi Julia Iruretagoyena eta Lamiak aretoak edota Txinparta liburutegia, baita aholkularitza-zerbitzuak martxan jarri ere».

Cristina Labordak bisitan nabarmendu duenez, «lokalak hainbat gela izango ditu, hala nola erabilera askotarako aretoak, bulegoa edota bestelako espazioak, hiriko emakumeei erreferentziazko eta arreta indibidualizatuko zerbitzu integrala emateko. Gainera, obra-proiektua idazterakoan kontuan izan dira emakumeekin abian jarritako partaidetza-prozesuan jasotako beharrak. Hiriak irrikaz espero duen ekimen bat da, eta albiste bikaina izango da aste batzuen buruan ekipamendua martxan jartzea».

Orain arte, lokalaren «hezurdura» osatu da, kanalizazioak, hornidura-sareak eta gisakoak instalatuta; orain, kanpoko eta barruko arotzeria eta zoladura jartzeari ekingo diote, eta ondoren lokala pintatuko dute eta ekipamendua instalatuko dute. Azkenik, ireki aurreko azken urrats gisa, altzariak ekarriko dira.

Proiektuaren deskribapena

Sarbidea fatxada nagusian egongo da, hau da, plazara ematen duen fatxadan. Lokalaren espazio handiena erabilera askotarako aretoa izango da, sarbidearen ondoan, argiztapen natural hobea eta kalearekiko harreman estuagoa izateko. Gainera, erabilera askotarako beste areto bat ere izango du Emakumeen Etxeak, aurrekoa baino txikiagoa, areto nagusiarekin lotuta.

Horrez gain, harrera-gune bat egongo da eta, haren ondoan, teknikarientzako bulegoa, argiztapen naturalduna hori ere. Bestelako espazioak ere izango ditu ekipamenduak: erabilera askotarako bi bulego, atzeko aldean kokaturikoak; liburutegia, gainerako geletatik bereiz, eremu lasaia izan dadin; komunak, bulegoen eta liburutegiaren artean; eta «office» bat, korridorean bertan. Biltegi nagusiaz gain, materialak gordetzeko bi armairu ere aurreikusi dira.

Emakumeen Etxea diseinatzeko partaidetza-prozesua bi fasetan antolatu da, eta 10 saio egin dira guztira (3 online eta 7 aurrez aurre, lau ordukoa bakoitza). Saio bakoitzean 26 emakumek hartu dute parte batez beste, eta 63 emakumek guztira prozesu guztian zehar.

Emakumeen Etxearen ezaugarri nagusiak zehazten lagundu du prozesuak. Gainera, Berdintasun Zerbitzuak azaldu duenez, lankidetzarako baldintzak sortu ditu Udalaren eta emakumeen eta gizarte-eragileen artean, eta sareak sortu dira hiriko mugimendu feministen artean. Azpimarratu behar da parte hartu duten emakumeak oso pozik agertu direla helburuak bete direlako, eta, batez beste, 8 puntu eman dizkiote proiektuaren emaitzari.

Udalaren eta Emakumeen Etxea elkartearen artean kudeatuko dute etxea. Emakumeen Etxearen proiektua 2020ko abenduan Irungo Sozialistek eta Elkarrekin Podemos/Ezker Anitza-IUk sinatutako gobernu-akordioan jasota dago, «Tokiko programan bat garapen jasangarriko helburuekin» dokumentuan, alegia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude