Zaila da elikadura nahasmenduen jatorria eta zergatia aurkitzea. Nahasmendu psikologiko hauen inguruko mitoak eta tabuak desagerrarazi nahian, Sandra Piñeirok hitzaldia eman zuen Palmera Montero Guneko 4. aretoan otsailaren 15ean. Gaiarekin loturiko bere esperientzia pertsonala eta bizipenak azalduz, arraunean errendimendu handiko kirolari izandakoak berak bizitako egoera berean egon daitezkeenak lagundu nahi ditu.
Elikadura Jokabidearen Nahasmenduak, EJN, geroz eta ezagunagoak dira Sandra Piñeiroren iritziz, “baina oraindik lan asko dago egiteko”. Horregatik, hitzaldiaren hasieran nahasmendu mota hauekin loturiko mitoak azaldu eta desmuntatu nahi izan ditu. Adibidez, EJNak emakumeez gain, gizonek ere pairatzen dituztela azaldu du, nahiz eta kasu gehienak eta entzutetsuenak emakumeenak izan. Datu horrek edertasun kanonekin harreman zuzena duela azaldu du Sandra Piñeirok.
Bestetik, elikadurarekin loturiko jokabide nahasmenduak apeta edo aukeratzen ez den zerbait direla azpimarratu du. Izan ere, ohitura txarren errepikapenaren emaitza dira, pertsonak inguruan duen testuinguruarengatik areagotuak izan daitezkeenak. Sandra Piñeirok nahasmenduaren agerpena lagundu dezaketen faktoreak aipatu ditu, horien artean, kirolaria izatea eta, batez ere, kirolaren praktika kirolarien pisuarengatik baldintzatua dagoenean.
Sandra Piñeirok onartu du bere kasuan arraunak eta kirolak eragin handia izan zutela elikadura jokabidearen nahasmenduaren sorreran. Errendimendu handiko kirolari izandakoak gogoratu du 10 urte zituela igo zutela lehen aldiz klubeko baskulara. Arazoaren jatorri zehatza identifikatzea, ordea, ia ezinezkoa da, nahiz eta atzera begiratuz jokabide desegokiak agerikoak izan. Kirolarien kasuan gainera, perfekzionismoak edo hoberena izateko nahiak jokabide horien errepikapena laguntzen du, inoiz iristen ez den bikaintasunaren bila. Sandra Piñeirok azaldu duenez, “konturatu gabe suntsipenen errobera batean sartzen zara zu bakarrik”.
“Konturatu gabe suntsipenen errobera batean sartzen zara zu bakarrik”
“Garaipenaz disfrutatzeko, lehenago sufritu beharra dago” bezalako “adorezko” esaldien alde ilunaz mintzatu da Piñeirok. Arrakasta lortu nahian, sakrifizio txikiak egiten hasten baitzara. Are gehiago, gaizki egindakoa orekatu nahian zure burua zigortzea da hurrengo pausua. “Autoinposatutako zigor horietan gogobetetasuna sentitzen nuen”, adierazi du Sandrak, egin beharrekoa egiten ari zela uste zueneko sentsazioa azaltzeko. Izan ere, nahi gabe bere buruak pisuaren eta errendimenduaren arteko erlazioa sortu zuen, gerora erabateko gainbehera ekarriko ziona.
Oinazea eta satisfazioa handituz joan ziren, dena lehertu arte. Sandra Priñeirok azaldu du gorputzak gelditzea eskatu ziola gehiago ematea ezinezkoa izan zenean. “Entrenamenduetan indarrik gabe sentitzen nintzen, ontzitik jaisterakoan lurrera zerraldo erortzera iritsi nintzelarik indar faltarengatik”. Hortaz, Piñeiro konturatu zen arazo bat zuela bizitzeko gogorik gabe sentitu zenean, egun guztiak berdinak baitziren, sufrimenduz beterikoak.
Laguntza behar zuela konturatu zenean Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Acabe Gipuzkoa Elkartearen eskuetara iritsi zen eta bertan ezagutu zuen Yolanda, bere psikologoa. Dena den, hasieran batez ere prozesua zaila izan zela onartu du Piñeirok: “etengabe zure buruak esaten dizunari kontra egin behar diozulako”. Izan ere, hizlariaren ustetan laguntza jaso ahal izateko gaixoak horretarako prestutasuna izatea funtsezkoa da, bestela ia ezinezkoa izango delako. Sandra Piñeirok adierazi du, horrela ulertu zuela arazoa ez zela bera egiten ari zena: “arazoa ni neu nintzen”. Baina elkartearen eta profesionalen laguntzari esker oreka berreskuratu, eta bakean jan ahal izatea lortu du berriro.
Elikadura jokabidearen nahasmenduak dauzkaten pertsonez gain, pertsona horien inguruko senideek eta lagunek ere asko sufritzen dute. Sandra Piñeirok azaldu duenez, “zaila da eman beharreko laguntzarekin asmatzea, nahiz eta intentzio onenarekin eginiko ekintzak izan”. Bere esperientzian oinarrituz, laguntzarik onena beretzat ulertua eta epaitu gabea sentitzea da. “Nire kasuan, ingurukoengatik lagundua sentitzea funtsezkoa izan da”, azpimarratu du Piñeirok.
Aldaketaren beharra
Mota honetako nahasmenduak tratatzeko baliabide falta handia dagoela salatu du Sandra Piñeirok. Salaketen artean aipatu du elikadura jokabidearen nahasmenduetan espezializatutako unitate publikoa falta dela Gipuzkoan; pazienteak psikiatrikora bidaliak dira. Kirol kluben barnean ere, kirolariak maila profesionalean lehiatzea nahi bada, kirolariek maila bereko profesionalak eskura izan beharko lituzketela azpimarratu du, hala nola, psikologoak edo nutrizionistak, prestatzaile fisiko baten gaitasun eta funtzioetatik ihes egiten duten gauzak baitira.
“Nire kasuan, ingurukoengatik lagundua sentitzea funtsezkoa izan da”
Erakundeetatik harago, gizarte mailan ere, aldatu beharreko gauza asko ikusten ditu Sandrak. Txikitatik elikadurarekin harreman osasuntsua sortzearen garrantzia azaldu du. Izan ere, elikadura osasungarrian heztea garrantzitsua ikusten du, baina elikagaiak debekatu gabe. Izan ere, Sandraren ustetan gizartean normaldutako esaera eta ekintza asko daude, elikadurarekin loturik daudenak: zentzurik gabe glutenik, azukrerik edo gantzik gabe jateko joera, etengabe dietan egoteko beharra, elikagai onak eta txarrak bereizteko ohitura, eta janaldi oparoen ostean edo aurretik ariketa fisikoa egitea beharrezkotzat sentitzea. Era berean, besteen gorputzak epaitzeari uztea funtsezkotzat jo du. Piñeirok azaldu du keinu txikiak direla, baina norberak horiek aldatzeko eta zaintzeko konpromisoa hartuko balu, oro har, gizarteak elikadurarekin harreman osasuntsuagoa izango luke.
Sandra Piñeirok onartu du oraindik buruan entzuten duela elikadura baldintzatzen dion ahotsa, baina berarekin dantzan egiten ikasi duela, elkar ahalik eta gutxien zapaltzeko. Autoezagutza prozesu horretan, idaztea ere laguntza handikoa izan zaiola onartu du Piñeirok, barruan zuena islatzeko aukera topatu du hitzen artean. “Remando en la oscuridad” izeneko liburuan bildu ditu bere bizipenak, egoera berean egon daitezkeenei laguntzeko asmoz. Izan ere, asko eta asko dira sufrimendu bera isilpean gordetzen dutenak, beraz, Sandra Piñeirori elikadura jokabideekin loturiko nahasmenduak gai tabua izateari uztea gustatuko litzaioke, horrela errazagoa izango bailitzateke horiek identifikatzea eta pertsonari laguntzea eta, zergatik ez, nahasmenduak saihestea.